Ez dakit Martin bizirik dagoen

Mikel Taberna Irazoki

Hiztegi Batuan heldu den “martin” sarrerako argibideek bi hegaztik izen hori dutela salatzen digute. Ez dago bertze sarrerarik izen berarentzat, eta niri iruditzen zait, barkatuko didate atrebentzia, “martin2” edo falta dela, hainbat hitz elkarturen lehen osagaia dena, hain zuzen ere. “Martin” bezalaxe, “mattin” edo “matxin” ere izan daitezke.

Gisa honetako hitz elkarteez ari naiz: martin-sukalde, martin-kontra, martin-zikin, martin-tranpa, martin-gaixto, martin-koplari, martin-korrekalles, martin-koska, matxin-salto, mattin-mottela, matxin-garratz... Horiek denak gizonezkooi erantsi zaizkigu gehienbat, baina animalia batzuei ere bai; bertze animalia batzuei ere bai, nahiago baduzue. Baita zenbait landareri ere.

Hagitz ezagunak dira horrelakoak gure herrietan. Ez? Eta horiei loturiko bitxikeria bat baino gehiago ere bada. Konparazio batera, badira, jaiotzez bertze izenen bat edukiagatik (Juan, Fernando, Ramon…), noizbait norbaitek “martin-…” horietakoren bat erantsi ondotik (haurtzaroan edo gazte denboran) bizi guzirako “martin” gelditu direnak; hain erroturik gelditu zaie izenordea, non inguruko jendea ailegatu baita pentsatzera pertsona horren izena egiazki “Martin” dela (batzuetan bigarren osagaia galduta ere bai, eta hori harrigarria da horixe izan zelako izen elkartuaren sorreraren arrazoia, gizaseme horren ezaugarri baten berri ematen zigulako).

Pertsonifikazio batzuetan ere aditu-ikusi dugu “martin/mattin/matxin”. Nik “martin-itsua” dut ezagunena, haurraren logalea adierazteko erabiltzen dena. Haur ttikia kaxkartzen delarik, xapuxtu eta muzintzen, frankotan horregatik izaten da, lo egiteko nahia/beharragatik, alegia. Batzuetan negarrez ere hasten da, begiak itxirik, besoak eta hankak mugitzen dituela, erdi groggy dagoen boxeolariaren modura: “Badakizu honek zer duen? Martin-itsua!”. Bertze toki batzuetan, horrela dagoen haurra ikusirik, “martin-xomorro” erraten dutela kontatu didate.

Nolanahi ere, hasierako adibideetara itzulirik, badirudi ez dela “martin” izan halako hitz-elkarteetan gure tradizioan erabili den izen bakarra. Anjel Lertxundik bere Konpainia noblean (Alberdania, 2004) bertze izen batzuk ere aipatzen dizkigu eginkizun berean: Anton, Peru… Izen horiek ere erabili dira gizona oro har irudikatzeko edo kontzeptu abstraktu batzuk pertsonifikatzeko. “Txomin” eta bertzeren bat ere bai. Ez dakit izen horietako bakoitza euskalki eta lurralde jakin bati lotua dagoen, edo bertze arrazoiren bat ote dagoen izen horien gibelean. Denak harturik, nire ezjakintasunetik ausartzen naiz erratera “martin“ gailentzen zaiela gainerakoei, horrela adierazi baldin badaiteke.

Horiek denak (izan) dira gizasemeentzat, nire ustez, emakumeentzat “mari” denaren parekoa. Adiera horrekin, “mari” hitzak badu sarrera Hiztegi Batuan:

mari [elkartuen lehen osagai gisa erabilia; erdeinuzkoa da]: mari-bandera; mari-gizon; mari-maistra; mari-maisu; mari-matraka; mari-motrailu; mari-mutiko; mari-mutil; mari-purtzil; mari-zikin.

Bidenabar, horko kontu bati buruzko nire iritzia: sarrera horretan, hiztegigileen oharra kategorikoegia dela erranen nuke; ez nago ados “erdeinuzkoa da” horrekin. Orotarikoan bertan, konparazio batera, aski da “mari-sorgin” azpisarreran ematen den etsenplua irakurtzea hala ez dela ohartzeko; eta ni nerau ere, alabari “mari-espantu” erran diodan aldiro, ez nintzen erdeinuka ari.

Bidenabar bi(s): ez dakit Itziar Diez de Ultzurrunek ekarri zigun Maribistako interesgarri hura (bertze “mari“ bat) gauzekin ez ezik pertsonekin ere erabili/erabiltzen ote den.

Dena dela, nire bidean aitzinera, gaur egun “mari“ bizkorrago ikusten dut (segitzen du sorbide izaten) “martin“ baino.

Ahoz, ezin erran zenbateraino ote dagoen bizirik “martin” hau hiztunen diskurtsoan, baina gure literaturan nolatsu ote dabilen ikusteko, arrantzan aritu naiz Ereduzko Prosaren corpusean. Ez ditut denak bildu izanen, baina, jatorrizko testuetan, aurkitu dut erabili dutela Aingeru Epaltzak (Martin Xirin,  Martin Gorotx), Xabier Mendiguren Elizegik (Martin Potxolo), JA Irigarayk (Martin Harro, Martin Bonbin), JM Olaizola “Txiliku”k (Martin Txiki)… Horretaz aparte, gogoan dut Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean hartako Guiomar izeneko pertsonaia ezkorra, “…jendeak esanen dit Martin Beltz naizela…”. Itzulitako testuetan, berriz, Matías Múgicaren adibide bat bertzerik ez dut aurkitu (desberdintasun hau ere aztergai izan liteke), hark itzuliriko Joseph Rothen Edale santuaren kondaira liburuan (Igela, 2001); gibel solasean “martin-alderrai” ematen du, jatorrizko ingelesean1 ustez “wanderer” dena.

Ez dakit “martin” behar bezain bizirik dagoen, egon behar lukeela nik uste bezain, alegia. Niri baliabide polita iruditzen zait eta, gehienok lehendik honen berri izanen zenutela pentsatuagatik, ariketatto hau egitea gogoratu zait, bakarren bati akaso interesatuko zaiolakoan, eta neronen jakin-minagatik.

Eguberri eta urte berri on denoi!

1Gibel solasean, Oberlingo (Ohio) Oberlin Collegeko irakasle Sidney Rosenfelden hitz batzuk aipatzen dira.