Karlos Cid Abasolo
Anitz dira euskarak perpaus erlatiboak egiteko dituen bideak, baina ukaezina da batzuk beste batzuk baino askoz erabiliagoak direla (hobeto esanda, bat besteak baino askoz erabiliagoa dela) eta kasu edo postposizio batzuk beste batzuk baino maizago erlatibatzen direla, bai ahozko euskaran (espero litekeen bezala), bai idatzizkoan ere (espero litekeen bezala?).
–N atzizkia da euskara mintzatuan zein idatzian gehien erabiltzen den erlatibatzailea, eta horrexegatik, hain juxtu, deitzen zaie «erlatibo arruntak» erlatibatzaile horren bidez sortutakoei. Dena den, erlatibatzeko modu horrek badu gabezia bat, beste batzuek ez dutena: ez dela izenordea, menderagailu hutsa baizik, eta hortaz, hizkuntza indoeuroparretan ez bezala (zeinetan izenorde erlatiboak dauden, edozein izenek bezala deklinabide edo preposizio bidez edozein funtzio sintaktiko bete dezaketenak), azaleko egituran ez dagoela erlatibaturiko kasu edo postposizioaren arrastorik. (Kasu edo postposizioaren arteko aldea zertan den jakin nahi duenak jo beza Pello Salabururen azalpenera). Hori dela eta, euskaldunok beste zantzu edo helduleku batzuk baliatzen ditugu perpaus erlatiboak osatzeko ez ezik, ulertzeko ere. Sareko Euskal Gramatikan irakurgai dago erlatibakuntza ahalbidetzen edo errazten duten zantzu, faktore edo estrategien hala moduzko zerrendatxo bat. Dudarik gabe, haietariko batzuk beste batzuk baino «hobeto ikusita» daude, eta, hortaz, batzuk beste batzuk baino «gaizkiago ikusita», hala nola izenordain edo adberbio erresuntiboak. Harrigarria badirudi ere, «gaizki ikusita» dauden estrategia horiek uste baino maizago agertzen dira ahozko eta idatzizko euskaran. Hala ere, haien aztarnarik ez dago estatistika xume bat egiteko aztergai izan nituen bi liburuetan.
Euskara idatziari dagokionez, Iñaki Aldekoak 1993an apailatutako Euskal ipuinen antologiaren ipuin gehienak eta Aldekoaren hitzaurrea aztertu nituen, kontuan harturik antologia horretan Jon Mirande ez beste idazleak Hego Euskal Herrikoak direla eta horrek, dudarik gabe, eragina duela emaitzetan.
-N |
-TAKO |
-(R)IKO |
BESTERIK |
%73,41 |
%19,05 |
%4,7 |
%2,8 |
Honatx beste datu batzuk:
- -N erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasu eta postposizioen portzentaje-banaketa: absolutua (NOR) %72,75; ergatiboa (NORK) %19,55; inesiboa (NON) %6,73; genitibo posesiboa (NOREN) %0,64; instrumentala (ZEREZ) %0,32.
- -TAKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasu eta postposizioen portzentaje-banaketa: absolutua (NOR) %98,76; ergatiboa (NORK) %1,23.
- -IKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasu eta postposizioen portzentaje-banaketa: absolutua (NOR) %100.
Datu horietatik honako ondorio hauek atera nituen azterketa hartan:
- Kasu eta postposizio erlatibatuen zerrenda askoz zabalagoa da perpaus erlatibo arruntetan, aditz jokatugabea duten perpaus erlatiboetan baino, aditz morfologiak erlatibakuntzan duen berebiziko garrantzia agerian geratzen delarik.
- –N erabiliz postposizio instrumentala erlatibatu denean (behin bakarrik, bidenabar esanda), postposizio-paralelismoak ahalbidetu du erlatibakuntza. Gogora dezagun sintagma erlatibatu isilduak eta izen ardatzak kasu- edo postposizio-marka bera dutenean («kasu- edo postposizio-paralelismoa» deitzen zaio horri) kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak direla erlatibagarri. Adibidez: «Bizi naizen lagunarekin haserre nago» onargarriagoa gertatzen zaie euskaldun gehienei «Bizi naizen lagunak Mikel du izena» baino.
- Perpaus erlatibo guztien %92,46 –N eta –TAKO motei dagozkie.
- Aztertutako ipuinetatik jarrera orokorrak ondoriozta badaitezke, esan beharko dugu Hego Euskal Herriko gaur egungo idazleek, oro har, ez dutela gogokoa jatorriz galdetzailea den izenordain (zein(a), zein(ar)ekin…) edo adberbio (non, nora…) erlatiboa erabiltzea. Bi adibide baino ez dira ageri aztertutako ipuinetan, Sarrionandia eta Atxagaren ipuin banatan.
Euskara mintzatuari dagokiolarik, R. M. Pagolaren Euskalkiz euskalki liburuaren ahozko testuak aztertu nituen, eta emaitzak honako hauek izan ziren:
-N |
JOKATU GABEAK | KORRELAZIOZKOAK | ZEIN/NON | AURREKARIRIK GABEKO GALDE-IZENORDAINA |
%86,36 |
%4,54 |
%4,54 |
%2,27 |
%2,27 |
Esan gabe doa idatzizko euskaran askoz handiagoa dela perpaus erlatiboen erabilera ahozko euskaran baino. Oro har, eta jakina denez, mendeko perpausen ugaritasuna euskara jasoaren ezaugarri nagusietako bat da.
Honatx liburu horri buruzko beste datu batzuk -N erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen eta postposizio itsasien portzentaje-banaketari buruz: absolutua (NOR) %76,31; ergatiboa (NORK) %13,15; inesiboa (NON) %7,89; datiboa (NORI) %2,63.
Ikusten denez, idatzizko eta ahozko testuak biltzen dituzten bi liburu hauetatik antzeko ondorioak atera ditzakegu:
- –N da, alde handiarekin, erlatibatzaile erabiliena. Galdetzaile-jatorria duten zein eta non erlatibatzaileak ez dituzte idazle gehienek begi onez ikusten, erlatibatzeko modu horren potentzialitatea eta euskal idazle klasikoen joera baztertzen dituztelarik. Zertan datza potentzialitate hori? -N erlatibatzailearekin ez bezala, edozein kasu edo postposizio itsatsi erlatiba daiteke zein eta non erlatibatzaileekin.
- Absolutua da, alde handiarekin, maizen erlatibatzen den kasua. Alde handi hori are nabarmenagoa da perpaus erlatibo jokatugabeetan. –N erlatiboetan, ordea, beste kasu eta postposizio itsatsi batzuen portzentajea (hala nola ergatibo edo inesiboarena) ez dira nolanahikoak. Baina kasu horietatik landa, ezer gutxi.
Bi ondorio horietarako arrazoi bera aurkitzen dut nik: erlatibakuntza ahalbidetzen edo errazten duten zenbat eta faktore, zantzu edo estrategia gehiago metatu perpaus erlatibo berean, euskaldun gehiago «ausartuko dira» erlatiboa erabiltzen. «Taberna horretan ikusi dudan laguna» izen sintagma oso onargarria iruditzen zaigu denoi, honako faktore edo zantzu hauek bateratu direlako: aditz morfologia (dudan aditz laguntzailean laguna izen ardatzaren arrastoa dago), izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua izatea (adibide honetan, objektua), eta kasu-paralelismoa (kasu absolutua erlatibatu da eta laguna kasu absolutuan dago). Zenbat eta faktore, arrasto edo estrategia gutxiago metatu, euskaldun gutxiago «ausartuko dira» erlatiboa erabiltzen. Ikus, bestela, hurrengo adibidea:
Bizitzan ikasitakoek irakatsi didate –ezen ez txikitatik joaten nintzen maristen eskolako fraideek– garaian garaiko legearen argitan epaitzen direla erruak eta errugabetasunak. (Anjel Lertxundi, Etxeko hautsa, 2011, 19).
Adibide horretan, izen erlatibatua (eskola) aditz erlatiboaren argumentua izatea da aipatu hiru faktoreetatik erlatibakuntza errazten duen bakarra. Eta, hori gutxi balitz bezala, erlatibatu dena ez da kasu bat, postposizio adlatiboa bazik. Ondorioa garbia da: euskaldun gutxik erakutsiko lukete Anjel Lertxundiren ausardia. Nire uste apalean, zoritxarrez.
Ausardia eza bera ikusten dut perpaus erlatibo mota aukeratzerakoan edo, hobeto esanda, perpaus erlatibo motaren bat baztertzerakoan: euskal idazle klasikoek aurreiritzirik gabe erabiltzen zituzten jatorri galdetzailedun erlatiboez ari naiz, jakina. «Zeiñismoa» gaitzesten zuen (eta duen) garbizalekeria hau dela kausa, oso tresna eraginkor bat baztertu dute euskaldun askok, neurriz badarik ere berreskuratu beharko genukeena. Eta ez naiz ezer asmatzen ari: aholku bera eman zuen aspaldi aita Villasante zenak.
Eta, bukatzeko, bigarren aholkua, galdera erretoriko baten bidez adierazia: ez ote diogu –N menderagailuaren bidezko perpaus erlatiboari ahal genukeen baino potentzialitate txikiagoa ateratzen? Xabier Amurizak, nire galdera parafraseatuz, galdera orokorragoa egingo lukeelakoan nago: ez ote diogu euskarari ahal genukeen baino potentzialitate txikiagoa ateratzen?