Oskar Arana Ibabe
Hirigintzakoaz ari naiz. Definizio zehatza du gaztelaniazko hiztegi espezializatuetan, eta, bidenabar, abagunea aprobetxatu nahi dut, itzultzaile honek, hiztegi espezializatuen aldeko gorazarrea egiteko; zerbaiten galdez joanda, «x hauxe da, eta ez besterik» esaten dizuten horietaz ari naiz. Beste egun batean egingo dut hitz polisemikoak jasotzen dituzten hiztegien aldeko gorazarrea, eta hitz polisemikoena eurena ere bai. Bai horixe, nori berea.
Hemendik hartu ditut ondorengo aipamenak: PONS GONZÁLEZ, Manuel; DEL ARCO TORRES, Miguel Ángel. Diccionario de derecho urbanístico y de la construcción (5ª ed.). Granada: Comares/Urbanismo, 2009. Hiztegi bikaina iruditu zait, arlo horretako termino nagusien definizio eta azalpen zehatz eta osoak ematen baititu.
«Derecho de vuelo» sarreran, hain zuzen:
La palabra “vuelo” expresa el espacio aéreo situado en la parte superior del edificio a continuación de la cubierta; y cuando lo que se discute es precisamente el derecho a hacer uso del mismo, tenemos el llamado “derecho de vuelo” o de sobreelevación. Como dice la STS, 23 de feb. 1993, el “derecho de vuelo es el derecho a edificar sobre lo ya edificado. (…) Según la Ley 435 del Fuero Nuevo de Navarra, los derechos reales de sobreedificación conceden a su titular la facultad de construir una o más plantas sobre un edificio ya existente o que se construyere con posterioridad.”
Eta luze samar jarraitzen du, baina zehatz, eskubide horri dagozkion ahalmenez eta mugez, eratzeko moduaz, eskualdatzekoaz, eta abarrez.
Jo dut Euskaltermera, ez definizio bila, baizik eta ordain bila, eta «buelo-eskubide» eman dit. Horraino, ondo. Aldiz, EAEko Lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa Legera jota (2/2006 Legea, ekainaren 30koa) «hegalkin» aurkituko dugu «vuelo» kontzeptua adierazteko. Hona lege horretako pasarte bat:
Las actuaciones de transformación y utilización del suelo, subsuelo y vuelo objeto de ordenación urbanística quedarán sujetos en todo caso a control de su legalidada través de:…/Lurzorua, lurpea eta hegalkina eraldatzeko eta erabiltzeko jarduerei dagokienez, hirigintza-an-tolamenduaren xede baldin badira, legalitate-kontrola ezarriko zaie.
Bien arteko kontraesan horretan, beraz, «buelo-eskubide» da hautatzekoa, eta badu zuribidea legeak, 2006koa izaki, eta Euskaltermek proposatzen duen ordaina, aldiz, 2008ko hiztegi terminologikokoa.
Aurrekoan aipatu nuen indarrean diren zenbait lege nagusi eguneratzeko klausula bat beharko luketela euskara ofizial den lurraldeetako agintaritzek, hizkuntzaren normalizazioan, estandarizazioan edo berritze terminologikoan egindako aurrerapenen arabera egokitzeko eta berrargitaratzeko legeak eta arauak. Pentsatu behar da, gainera, zer ugalkortasun duten lege eta arau nagusiek administrazioan, maila guztietako administrazioek, autonomia-erkidegoetako administrazio nagusiek, foru-administrazioek nahiz toki-administrazioek erabiltzekoak direlarik (pentsa hirigintza-ordenantzetan, lurzoruari eta hirigintzari buruzko legeei men eginez idazten baitira).
Ez da, ez, txiste erraza eginez, hegaz egiteko eskubidea. Hori, gizakiak berak berez ezin baitu, amets egiteko eskubideaz konpentsatuko genuke ameslariok. Amets egiteko eskubideaz gabetzeko modua ere asmatu dukete dagoeneko, ordea. Gizakiaren hobe beharrez, baina…, esango dute.
Amets, amets egingo dugu, ordea, eguberriotan bederen. Eta pentsatu ere bai. Eta, jakina, terminoak finkatzea da, pentsaketarako, hegazkinaren hegalak doitzea bezala. Horregatik nire esker ona hiztegiak, espezializatu zein orotariko, doitzen ari zareten ingeniari terminologikoentzat.
Eguberri on.
Interesgarria, legeen euskaratzeak eguneratu ahal izateko aukerarena. Lurzoruaren Lege horretan, adibidez, hanka-sartze xelebre bat konpondu ahal izango litzateke: http://www.unibertsitatea.net/blogak/aldiri/2009/12/04/dena-etxez-bete-al-dezakegu-euskaldunok/ .
Vuelo kontzeptuari dagokionez, uste dut arazoa hurrengoa dela: “vuelo” terminoak adiera ezberdina du hirigintzan eta arkitekturan. Hirigintzan, lurzoruaren mailatik gorako espazioa da, eta, arkitekturan, eraikinaren fatxadatik irteten den hegalkina. Lurzoruaren Legea itzuli zuenak arkitekturakoa hartu (omen) zuen hirigintzako kontzeptua itzultzeko, eta horregatik, zuk esan bezala, ez da egoki(en)a.
“Buelo-eskubide” itzulpenari dagokionez, agian beste aukera bat ere egon liteke, “buelo” arraro hori mailegatu gabe. “Arkitektura-hiztegi irudiduna”-ren itzulpenean arazo berdina agertu zen “superestructura” eta “infraestructura” itzultzeko, lurzoruaren mailatik gorako eta beheko egitura adierazteko, eta gainegitura eta azpiegitura hautatu zen. Horri jarraiki, akaso gainespazio-eskubide eman liteke?