Olentzerori eskean

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

2009-12-18

Isabel eta Irantzu adiskideak dira, eta itzultzaileak. Irantzuk 2 hilabeteko alabatxoa ahizparenera eraman du Isabelekin patxadaz eta lasai gosaldu ahal izateko. Kafea hartu du Irantzuk; tea, Isabelek. Irakurritako azken liburuez ari dira. Irantzuk azaldu du A Room of One’s Own irakurri berri duela. Leitua zuela lehenago ere, orain 15 bat urte, baina aurreko batean bat-batean Woolfen saiakera berrirakurtzeko gogo bizia sentitu zuela. Ikaragarria da, esan du Isabelek, ikaragarria testu hori ez izatea euskaraz. Ikaragarria ez, amorragarria da, ihardetsi dio Irantzuk, amorragarria! Eta, berehala, hitz-aspertu ezin luzeago batean murgildu dira gogotsu; euskarara ekarritakoen artean sumatzen dituzten hutsuneak izan dituzte hizpide, eta zein lan mota hobesten diren, zein egile, zein aro, zein genero…

Isabelek boligrafoa eta papera atera ditu, eta itzuli beharrekoen –itzuliko dituztenen– zerrenda osatzen hasi dira. A Room of One’s Own paratu dute zerrendan buru. Inguruko beste itzultzaile batzuekin ere mintzatuko dira beren proiektuaz. Isabelek esku artean dituen lanak bukatu bezain laster helduko dio lehen itzulpenari, eta Irantzuk bere bizimodu berriaren zurrunbiloa baretzen denean ekinen dio zerrendako bigarrenari.

2012-12-18

Irantzu eta Isabel askaltzeko elkartu dira. Hiru urte lehenago osatu zerrenda atera du Isabelek. Irribarrez begiratu diote. Meriendatu bitartean, Consonni arte ekoizlearen ekimenaz hitz egin dute gehienbat. Pozez. Bazela garaia jakiteko euskaraz nola aipatu behar zen Woolfen harribitxi hori, jakiteko norberaren gela edo gela propio bat edo gela bat norberarena aldarrikatu behar dugun. Zerrendako lehen izenburu hori ezabatu dute, beraz, eta zerrendari begiratu diote berriz, irribarrez baina pentsakor, nahiaren eta ezinaren artean kulunkan dutela gogoa.

2013-12-18

Bi adiskideak betiko kafetegian elkartu dira. Irantzuk Maddi alabatxoa dakar eskutik helduta eta Edo!-k argitaraturiko Genero-ariketak besapean. Isabelek irrikaz kendu dio liburua. Haien zerrenda zaharreko beste bi egileren testuak euskaraz irakurgai! Ez dira liburu osoak, haiek amestu bezala, baina tira, bada zerbait! Gero, Gela bat norberarena saiakeraren edizio txukun eta interesgarriaz jardun dute, Consonnikoen lana goraipatu dute. Eta ondoren, nola ez, Isabelek zerrenda zimurtu eta kolore gabetua atera du atzera. Oraingoan, zerrenda berritu eta osatutakoan, errealitateari men eginen diotela erabaki dute, eta lasterbidea hartuko dutela: Olentzerorengana joko dute, ea hiruren artean lortzen duten 2014an honako hauek euskaraz ere irakurri ahal izatea.

Olentzero maitea, hona hemen euskaraz ere nahiko genituzkeenak:

1)  Le Livre de la Cité des Dames, Christine de Pisan.

2) De l’égalité des deux sexes, discours physique et moral où l’on voit l’importance de se défaire des préjugez, François Poullain de la Barre.

3) A Vindication of the Rights of Woman, Mary Wollstonecraft.

4) Ain’t I a Woman, Sojourner Truth.

5) Le Deuxième Sexe, Simone de Beauvoir.

6) The Feminine Mystique, Betty Friedan.

7) Sexual Politics, Kate Millett

8) Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity, Judith Butler

9) The Female Eunuch, Germaine Greer.

10) Spéculum de l`autre femme, Luce Irigaray.

11) Crítica del Pensamiento amoroso, Mari Luz Esteban.

Maddik, ordura arte gometxak itsasten ibili baita, burua altxatu eta adi begiratu dio eskutitzari. Ezin da, esan die oso serio, Olentzerori ezin zaizkio hamaika gauza eskatu. Hamaika asko dela esan digute ikastolan, aaaas-ko!; hiru bai, gehienez ere, eta bene-benetan nahi duguna zerrendan lehena jarrita. Bestela ezin da. Hala esan digute.

Irantzuk eta Isabelek ez dute zalantza izpirik izan, izenburu bakarra idatziko dute gutunean. Nik idatziko, esan die Maddik.

Olentzero maitea, Irantzuk eta Isabelek Le Deuxième Sexe irakurri nahi dute euskaraz

Euskarari buruzko eztabaidaguneetan noiz edo noiz pizten diren ika-mikatxoak ikusita, lehentasuna iruditzen zaielako lehenbailehen jakitea nola esan behar den euskaraz «On ne naît pas femme, on le devient».

5 erantzun “Olentzerori eskean” bidalketan

  1. Zer esan, Itziar, Olentzerok kasu gehiago egingo badu gutunari sinadurak gehituz gero, hortxe dago nirea, letra lodi-lodiaz!

    Bide batez, testua euskaraz ez dago ez paperean ez euskarri digitalean argitaratuta, baina audio gisa Sojourner Truthen “Ain´t I a Woman” euskaraz entzun daiteke, zure zerbitzari ttipi honen itzulpenean eta ahotsean, Xerezaderen Artxiboan: “Ez naiz emakumea ala?”

    http://blogak.com/xalp/ez-naiz-emakumea-ala-sojourner-truth

    PS Olentzero maitea, Itziar Diez de Ultzurrunen eskariaren bertsio murriztuari sikieran kasurik eginez gero, mesedez, gogoratu Beauvoirren liburuak bi tomo dituela!!!! Biak ekarri euskaraz, arren!!!!!

    1. Tira: zain gauden bitartean, hona hemen erakusgarri txiki bat, liburuaren sarreraren zatitxo bat.

      Zerk eragin du mundua, beti, gizonena izatea, eta oraintsu arte horretan aldaketarik ez izatea? Ona da hori aldatzen hasi izana? Horrek berekin ekarriko du mundua berdintasunez partekatzea gizonek eta emakumeek?

      Galdera horiek ez dira berriak, inondik ere; erantzunak ere eman zaizkie ugari; baina emakumea ‘Bestea’ izateak berak auzitan jartzen ditu gizonek inoiz emandako justifikazio guztiak: gizonen interesen zerbitzuan emanak dira, argi baino argiago, justifikazio horiek. “Gizonek emakumeei buruz idatzi duten guztia susmagarria da, gizonak aldi berean epaile eta parte baitira”, esan zuen XVII. mendean feminista gutxi ezagutu batek, Poulain de la Barrek. Alde eta aldi guztietan, gizonek garbi erakutsi dute nolako gogobetetasuna ematen dien kreazioaren errege sentitzeak. “Bedeinkatua izan bedi gure Jainko Jauna eta mundu guztietako Jauna, ez bainau emakume egin”, esaten dute juduek goizeko lehen otoitzetan; haien emazteek, berriz, honela murmurikatzen dute, etsi-etsian: “Bedeinkatua izan bedi Jauna, bere nahiaren arabera egin bainau.” Platonek jainkoei eskertzen zizkien ontasunen artean, aurrena zen libre sortu izana, eta ez esklabo; bigarrena, gizon sortu izana, eta ez emakume. Baina gizonak ezingo ziren erabat gozatu pribilegio horretaz baldin eta ez balute pentsatu pribilegio horrek oinarri absolutu eta eternalak zituela: hala, beren nagusitasunaren egitatea eskubide bihurtu nahian aritu dira. “Legeak egin eta bildu dituztenek, gizon izaki, mesede egin diote beren sexuari, eta legelariek printzipio bihurtu dituzte legeak”, esan zuen Poulain de la Barrek. Legegileak, apaizak, filosofoak, idazleak, jakintsuak gogotik aritu dira frogatu nahian zeruaren nahia dela emakumearen mendekotasuna, eta probetxuzkoa munduarentzat. Gizonek eraturiko erlijioetan argiro ikusten da menderatu nahi hori: Evaren kondairetan, Pandorarenean, gizonek armak atera dituzte. Beren zerbitzuan jarri dute filosofia, teologia, Aristotelesen, San Tomasen esaldi lehen aipatuetan ikusten den bezala.

    2. Ana, eskerrik asko audio horren berri emateagatik! Oraintxe aditu dut. Itzulpena, ohi bezala, bikaina eta kontalaria, ohi bezala, paregabea.
      Ea Olentzerok paperean edo euskarri digitalean ekartzen digun laster!

  2. Olentzero ez naiz baina nahi nizueke jakitera eman EIZIEk kudeatzen duen “Literatura Unibertsala” sailarentzako argitaratze asmoen zerrendan dugula Beauvoir-en “Bigarren sexua”. Heldu den urtean esleitzera aterako ditugun liburuen zerrenda oraindik osatu gabe dugu, baina Beauvoir-ena laster ateratzeko asmotan garela esateko moduan naiz. 2014ean argitaratuko diren liburuak jadanik esleituak izan dira eta, hartara, gure sail horretan, behintzat, ez da 2014ean argitaratua izanen; horrek ez du esan nahi beste argitaletxe batek ezin duenik aurrea hartu eta itzularazi eta argitara eman, baina hala gertatzen ez bada, nik uste dut 2015ean ez bada, 2016 edo 2017 inguru horretan aterako dugula, osorik, noski. Problema du orri asko dituela eta orain dirua ez dela handia, baina jendeek euskaraz irakurri nahi dituzten liburuen zerrenda, aldiz, oso-oso dela luzea.
    Zuen zerrendarekin ere ni gustura nengoke, baina agian geure buruekin beharko genuke kontatzen hasi, Olentzeroren zain egon gabe, zeren batzuk aterako dizkigu Olentzerok, baina beste batzuekin jai dugu. Garai batean proposatu nuen Pisan-ena EIZIEren zerrendarako eta han izan zen, baina denborarekin, beste batzuk aurrea hartzen joan eta berriak etorri eta… azkenean erori. Ez ote genuke geuk lehen urratsa egin beharko?

    Bakartxo Arrizabalaga

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude