gizon ikusezina. ralph ellison (I. atalaren hasiera)

miel a. elustondo

Denboran atzera joan behar dut hogeiren bat urte. Erantzun bila jardun dut bizi osoan, eta saiatu naizen toki guztietan, ni zer nintzen esaten saiatu zait baten bat. Onartu ditut haien erantzunak, nahiz eta askotan kontraesankorrak izan eta, are, beren buruarekin ere kontraesanean egon. Inozoa nintzen. Neure buruaren bila ari nintzen, eta nik neuk beste inork erantzun ezin zituen galderak egiten jende guztiari, neure buruari izan ezik. Denbora asko behar izan nuen, eta nire itxaropenen bumeran-aldi mingarri asko, gainerako pertsona guztiek jaiotzatik, nonbait, dakiten zerbaitez jabetzeko: alegia, ez naizela inor, ni neu besterik. Lehenago, hala ere, gizon ikusezina naizela deskubritu behar izan nuen!

Alabaina, ez naiz naturak edo historiak egindako munstroa. Kartetan zegoen, beste hainbat gauza bezala –edo ez bezala–, duela laurogeita bost urte. Ez naiz lotsa nire aitaita-amamak esklabo izan zirela-eta. Neure buruaz besterik ez naiz lotsa, garai batean lotsa izan nintzelako. Duela laurogeita bosten bat urte, libre zirela esan zieten, herrialdeko beste pertsonekin bat eginik zeudela guztien ongiari zegokion gauza guztietan, eta, aldiz, alderdi sozialei zegokienean, eskuko hatzak bezain banaturik zeudela. Eta sinetsi egin zieten. Pozak zoratzen zeuden. Zeuden lekuan geratu ziren, gogotik lan egin zuten, eta berdin egin zezan erakutsi zioten nire aitari. Baina nire aitaita da giltza. Xahar xelebrea zen, nire aitaita, eta esan didatenez, haren oinorde naiz. Berak sortu zuen arazoa. Heriotzako orduan ohean, nire aitari hots egin eta esan zion: «Semea, ni mundu honetatik joaten naizenean, hik borroka zintzoari jarraikitzea nahi diat. Ez diat inoiz esan, baina gerra duk gure bizitza eta ni traidore izan nauk jaio nintzen egunetik bertatik, etsaiaren lurraldean espioi, Berreraikitze garaian nire arma eman nuenetik. Bizi hadi burua lehoiaren ahoan duala. Ito ditzaan nahi diat haiei beti baietz esanez, ahuldu beti irribarrez, adostasuna agertu haiek hil eta suntsitu arte, utzi gizentzen gonbitoka hasi edo lehertzen diren arte». Xaharra kaskarretik jota zegoela pentsatu zuten. Izan litekeen gizonik goxoena izana zen. Haur txikienak gelatik kanpora atera zituzten, pertsianak itxi eta lanpararen argia apaldu zuten, xaharraren arnasa bezainbat. «Irakatsi hau gazteenei», xuxurlatu zuen haserre. Orduan, hil egin zen.

Baina nire gurasoak gehiago beldurtu zituen aitaitaren azken hitzak, beraren heriotzak baino. Haren hitzek hainbesteko antsietatea sortu zuten, ezen zeharo hil izan ez balitz bezala gertatu baitzen. Esan zuena ahanzteko ohartarazi zidaten guztiz modu enfatikoan, eta, egiatan, hauxe da kontu hura familia girotik aparte aipatzen dudan lehen aldia. Sekulako eragina izan zuen nigan. Inoiz ez nintzen ziur izan zer esan nahi ote zuen. Aitaita agure xahar lasaia izan zen, inoiz ez zuen buruhausterik eragin, nahiz eta heriotzako orduan bere buruari traidore eta espia izan zela leporatu, eta bere obedientzia ekintza arriskugarria izan zela esan. Puzzle bat bihurtu zitzaidan betiko, osatu ezinik nire buruaren barruenean geratu zitzaidana. Eta gauzak ongi joan zitzaizkidan guztietan, nire aitaita gogoratzen nuen eta errudun eta deseroso sentitu nintzen. Haren ohartarazpena beteko banu bezala zen, neure buruari kontra eginagatik ere. Eta, azak ontzeko, denek maite ninduten horrela egiten nuelako. Herriko gizon zuri zurienek goresten ninduten. Jokabide eredugarriaren adibide omen nintzen, nire aitaita izana zen bezala, alegia. Ni gehien harritzen ninduena zen, aldiz, agure xaharrak traiziotzat jo zuela jokabide eredugarri hura. Nire jokabidea zela kausa goresten nindutenean errudun sentitzen nintzen, iruditzen zitzaidan arraza zurikoen nahikarien kontrako zerbait egiten ari nintzela, ongi ulertu izan balute justu kontrara joka nezan nahiko zuketela, erretxina eta gaiztoa izan nendila, egia-egiatan horixe nahi zutela, nahiz eta engainatuta bizi ziren eta jokatzen nuen bezala joka nezan nahi zutela pentsatzera beharturik zeuden. Beldur eman zidan egunen batean traidoretzat ikusiko nindutela, neure burua galdurik ikusiko nuela. Bestalde, beldur handiago ematen zidan beste modu batera jokatzeak, hori ere ez zitzaielako batere gustatuko. Agure xaharraren hitzak madarikazioa zitzaizkidan. Graduatu nintzen egunean mintzaldi bat egin nuen, adieraziz apaltasuna dela sekretua, are, aurrerabidearen egiazko muina. (Ez dut horretan sinesten, eta nola sinetsi, nire aitaita gogoan? Balio izan zuela besterik ez dut sinesten) Erabateko arrakasta izan nuen. Denek goretsi ninduten, eta herriko lider zuriek egitekoa zuten bilkura baten aurrean mintzaldi bera egin nezan gonbidatu ninduten. Garaipen handia zitzaion gure komunitate osoari. Hotel oneneko areto nagusian izan zen. Heldu nintzenean jakin nuenez, tabakogile baten ohoretan zen ekitaldia, eta han egon behar nuenez gero, nire zenbait ikaskiderekin batera errege borrokan parte hartzeko esan zidaten, jaialdiko ekitaldien barruan. Errege borroka egin zen lehenik.

Hantxe ziren herriko buruzagi guztiak, beren esmokinak jantzirik, buffeteko janariak barrura sartzen, garagardoa eta whiskia edaten eta puru beltzak erretzen. Gela handi bat zen, sabai altukoa. Aulkiak ilaratan jarrita zeuden boxeo ring eramangarri baten lau aldeetarik hirutan. Laugarren aldea hutsik zegoen, zoru distiragarri ezkoztatua ageri. Banuen zenbait kezka errege borrokaren inguruan. Ez zen borroka atsegin ez dudalako, parte hartu behar zuten gainerako mutilak ez nituelako gustuko baizik. Mutil ongi gogorrak ziren, eta, nonbait, ez zuten aitaitaren madarikaziorik burrunban bere buruan. Agerikoa zen haien gogor izaera. Bestalde, irudipena nuen errege borrokak nire mintzaldiaren duintasuna ilunduko zuela. Ikusezintasunaren aurreko garai hartan Booker T. Washington potentzial baten gisa irudikatu nuen neure burua. Baina gainerako morroiek ere ez ninduten ni gustuko, eta bederatzi ziren haiek. Neure erara, haiek baino gehiago nintzela sentitu nuen, eta ez zitzaidan gustatu nola sartu gintuzten denok estu-estu eginik zerbitzarien igogailuan. Haiei ere zitzaien gustatzen ni han egotea. Are okerrago, indartsu argiztatutako solairuetako argiek igogailua iragan eran, ika-mika izan genuen, nik borrokan parte hartzeak haien lagunetarik bat gau hartako lanetik kanpo utzi zuelako.

Igogailutik irten, rococo estiloko areto bat iragan eta gelaitzin batera heldu ginen. Borroka arropak janzteko esan ziguten. Boxeo eskularru pare bana eman zizkiguten eta ispiludun areto handira eraman gintuzten, non kontu handiz eta ahapeka hitz eginez sartu baikinen, aretoko zaratotsaren gainetik guk nahigabe entzungo ote gintuzten. Puruen keak lainatuta zegoen, eta whiskia bere lana egiten ari zen ordurako. Harriturik nengoen herriko gizonik inportanteenetako batzuk txirrinplindurik ikusi bainituen. Hantxe ziren denak: bankariak, abokatuak, epaileak, sendagileak, suhiltzaile buruak, irakasleak, dendariak. Baita modako predikatzaileetako bat ere. Guk ikusi ezin genuen zerbait gertatzen ari zen aurrean. Klarineteak sentsualki egiten zuen dardara eta gizonak zutik eta aurrerantz ari ziren eginahalean. Gu talde txiki eta trinkoa ginen, bat eginik, gure soin-enborrek elkar ukitzen zuten, distira egiten, aurretiazko izerdiz; aurrean, buruzagiak gero eta beroago eroago zeuden, artean guk ezin ikusi genuen zerbaitegatik. Bat-batean, eskolako superintendentea entzun nuen, hara joateko esan zidana, hain zuzen, hoska: «Jaunak, ekarri beltzak! Ekarri beltx koxkorrak!»