Fernando Rey Escalera
Nire lankide eta adiskide Mikel Vilchesekin batera, Hezurren ondarea liburua euskaratu dut berriki, Dolores Redondoren Legado en los huesos alegia. Edozein itzulpenetan, kontu asko izaten dira zalantza-iturri, baina, oraingoan, bat izan da bereziki bitxia, zer pentsatua eman didana. Azken-azken momentura arte dudan ibili ginen, zer egin ez genekiela: guk gerok hasieran pentsatutakoa egin, edo editoreari kasu egin.
Baina zalantzak eta eztabaidak gogoetarako eta aurrera egiteko bide ona izaten direnez, hemen plazaratuko dut gaia, nahi duenak bere iritzia edo esperientzia kontatu dezan.
Bakarrizketan emakumeak bere buruari nola egiten dion, horixe zen eztabaida.
Liburuan, zenbait pasartetan, Amaia Salazar inspektorearen barne-elkarrizketak ageri ziren, eta zentzuzkoena hiketan jartzea pentsatu nuen, ustez eta hiketan badakienak, normalean, hiketan egiten diola bere buruari.
Eta zer egin genuen? Ba, orain arte genekienari jarraikiz euskaratu. Hiru adibide emanen ditut orain:
1) Zuhurtziaz jokatzeko eskatu zion bere buruari, ongi ohartu zelako horrek guztiak bera probokatzea beste helbururik ez zuela, baina barneko ahots batek erantzun zion: «bai, bazakiat, bazakiat zer lortu nahi duen, baina zergatik ez eman eskatzen duena?».
2) «Odolusten ari nauk, noski!», pentsatu zuen.
3) Eskua armara eraman zuen, baina, une hartan, buru barreneko ahots batek, burla-ahots batek, honela esan zion: «Horixe, polita, pistola bat. Eta horrek, Amaia, zertarako balioko din?».
Ohartuko zaretenez, lehenbiziko bietan toka ari da Amaia, eta hirugarrenean noka, horixe baita (baitzen?) erabilera normalena.
Bilaka ibili naiz han-hemenka, eta zenbait iturrik hala egin behar dela berresten didate.
Hala irakurri dut Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian (Leioa, 1994.10.04; Javier Alberdi Larizgoitia, EHU/UPVko irakaslea). «Hitanoa non eta nork erabiltzen duen» izeneko artikuluan, 9. puntuan, honela dio:
Espero zitekeenez, barne-bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa: gizonezkoen kasuan, anaien artean bezainbeste edo maizago eta emakumezkoenean, ahizpen artean baino dezente gehiago.
Bestalde, bada kontuan hartzeko moduko euskaldun-kopuru bat -emakumezkoen artean, bereziki-, bakarrizketaz landa hika noizbait egin arren, bere buruarekin hika mintzatzen ez dena. Datu hau nahiko harrigarria da eta agian hiketaren eta bereziki noketaren izaera markatuarekin du zerikusia.
Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usadioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen denean, alegia bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa (Segurola, 1992).
2003ko urriaren 27an, Erabili.com webgunean ere idatzi zuen Xabier Alberdi Larizgoitiak gai berberaz, eta honela zioen:
Hots, itxura guztien arabera, hikako bi generoen arteko aurkakotasunean, noka da buru markatua (edo markaduna) eta toka markatu gabea (edo markagabea). Horretaz, Iñaki Segurolari (1992) eskertu behar diogu duela gutxi egin berri duen ohar argigarria: emakumeak bere buruari zuzentzerakoan nahitaez noka mintzatu beharra du, bera, emakumea, ekintzako “aktantea” den neurrian eta “hik esan ditun esatekoak” tankerakoak erabili behar ditu baitezpada; besterik da (bere buruarekin) alegiazko elkarrizketa dirudien barne-hizketan ari denean baina inori bereziki zuzendu gabe (ezta bere buruari ere) eta bera “aktantea” izan gabe, orduan toka ariko da eta “mamalatu egin nok” bezalakoak jalgiko ditu bere pentsamenduak, hots, mintzalagun jakinik eduki ezean alokutibotasunak eskatzen duen komunztadura tokakoa izango da.
Emakunde-k ere gaiari heldu zion Euskararen erabilera ez sexista izeneko gidaliburuan, 2.1. puntuan (Generoa aditzean: hitanoa).
Ritxi Lizartzak ere argi azaltzen du auzia bere Hitanoa. Mintza hadi lagun! liburuan
Inguruko lankide eta lagun batzuei galdeka ere ibili naiz, eta Gipuzkoako eta Nafarroako erreferentzia batzuk jaso ditut, erabilera halakoa dela diotenak.
Laburbilduz:
Nork bere buruari egiteko, bi egoera desberdin izaten ahal ditugu, bi modutan egiten ahal dugu barne-elkarrizketa hori:
a) 1. pertsonan
Ozen hitz egitearen parekoa da, 1. pertsonan mintzatzen baikara, eta hiztunak, gizona izan edo emakumea izan, toka egiten du.
Pentsatu nuen neure artean, «Gaur ez nagok batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin diat, eta, halere, ez nauk gauza deusetarako ere. Hobe diat siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.
b) 2. pertsonan, proiekzioa eginez
Neure buruarekin egiterakoan, «neure burua» beste pertsona bat balitz bezala egitea. Ni eta neure burua, neuregandik kanpo dagoen norbait.
Esan nion neure buruari, «Fernando, gaur ez hago batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin duk, eta, halere, ez haiz gauza deusetarako ere. Hobe duk siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.
Esan nion neure buruari, «Amaia, gaur ez hago batere ongi. Beste egun batzuetan baino lan gutxiago egin dun, eta, halere, ez haiz gauza deusetarako ere. Hobe dun siesta pixka bat egin, eta gero paseo bat». Pentsatu eta egin.
Kasu honetan, gizonak toka eginen du, gizon bati ari zaiolako. Emakumeak, emakume bati ari zaionez, noka.
Editoreari, argitaletxeak jarritako zuzentzaileari, oso bitxia iruditu zitzaion, eta inguruko emakumeei galdetu zien. Erabilera horren arrastorik ere ez. Eta, azkenean, hark iradokita, zuka utzi genuen, nahasgarria izan zitekeelakoan. Ongi egin genuen? Ez dakit? Baina ez naiz ni gehiegi tematzen diren horietakoa argudioak zentzuz azaltzen dizkidatenean. Hainbat gauzatan testua hobetu digu, eta, honetan, dudarekin bada ere, kasu egin genion azkenean.
Hori bai, zer pentsatua eman dit, eta zenbait kontu eta zalantza ibili zaizkit –dabilzkit– buruan:
– Zenbateraino egin behar zaion kasu tradizioari, eta orain arteko erabilera hori arkaismotzat har ote daitekeen.
– Erabilera hori aldatzen ari ote den.
– Hizketa ez sexista bultzatzeko ahalegin horiekin nolako lotura duen afera honek.
Horixe, da, bada, kontatu nahi nuena. Seguru nago zuetako askok baduzuela zer esana kontu honi buruz, emakumeek batez ere.
Gure amak ere toka egiten du bakarrizketan ari denean, 1. pertsonan (Urola ingurukoa da). Egia da, ahala ere, erabilera hori ez dela oso ezaguna eta irakurle arrunta aztora lezakeela. Liburuan nola behar zuen? Hika egiten jakitea ez da nahikoa, Amaia Salazarren ohiturak hartu beharko ziren kontuan, izan zuen familiaren, heziketaren eta harremanen arabera nola egitea tokatzen zitzaion.
Nik ez diot hiketan egiten inori, ezta neure buruari ere.
Bestalde, tradizioa zuk deskribatutakoa izan arren, niri neuri oso gogorra egiten zait emakume batek bere buruari toka egiten ikustea.
Hikaren erabilera niri neuri guztiz arrotza zait, baina bururatzen zait gaztelaniazko adibide bat oso gertuko zaidana. Jakina denez, gaztelaniazko erabilera tradizionalaren eta gramatika preskriptiboaren arabera, maskulinoa da ez-markatua, beraz “neutroa”. Orain ez dut jardungo genero morfemen erabileraren betiko aferaz, beste kasu batez baizik: “uno no sabe qué pensar” edo “para cuando sales del trabajo estás demasiado cansado para ir al gimnasio” erako esaldi inpertsonaletan. Gorago aipatutako “erabilera neutroaren” ildotik, halakoak maskulinoan esaten dituzte emakumeek maiz (nik neuk ere bai, lehen). Konturatu nintzen, baina, ez zegoela inongo motiborik hori egiteko, inpertsonal horren ezkutuko subjektua edo erreferentea ni neu naizelako, eta ni emakumea naiz. Gainera, beste arrazoi batek bultzatu ninduen horiek femeninoan modu kontzientean erabiltzera: jabetzea femeninoan erabiltzen zirenean helburu umoristiko edo paternalistaz erabiltzen zirela (bereziki gizonen ahotan ikusi dut umorezko erabilera hori), ez zela gauza bera “tiene que hacerlo todo una misma” eta “tiene que hacerlo todo uno mismo”, “una esta cansada” eta “uno esta cansado”. Batek halako “amandre” kutsu onberatsu bat zeukala, eta besteak, berriz, serioa edo behintzat halako markarik gabea. Beraz, orain nik beti-beti femeninoan erabiltzen ditut halakoak, ahalegin kontzientea egienz, adibidez: “El whatsapp no me gusta porque no puedes aparecer como ausente, a lo sumo apareces como “ocupada”” edo “para cuando llegas a casa estás tan cansada que solo te apetece ver una peli porno”.
Oso artikulu interesatua, Fernando Rey, eskerrik asko.
Ene!! Barkatu, Fernando! Amaieran “oso artikulu INTERESGARRIA idatzi nahi nuen! Presaka eta korrika idaztearen ajeak (beste akatsen bat eta tilde pare bat faltan ere ikusi ditut berriz irakurtzean). Barkatu!
Lasai, emakumea.Barkamena eskatu beharrik ez dago. Bistan da interesgarria esan nahi zenuela eta ez interesatua. Denok egiten ditugu halakoak.
Ongi izan.
Fernando
Nik ezagutu nuen amona euskaldun bat, erderaz zebilenean “yo no crea” esaten zuena. “Amama, yo no creO esaten da!” “Baina ni andrea naiz!”
Nik uste hark bere buruari noka egingo ziola…
Artikulua bereziki interesgarria iruditu zait, eta han biltzen den teoriarekin bat nator. Segur aski ere, hala da, Segurolak, Alberdik eta bestek aztertu dutenaren arabera. Baina bada gauza bat hori baino lehenagokoa: Baztanen nekez atzemango duzu toka edo noka ariko den emakumerik, gaur egun. Aise gutxiago bere buruarekin. Aski bakanak dira hika erabiltzen dutenak: izatekotan, Lekaroz aldean, baina ez Elizondon edo Elbeten. Beraz, uste dut azkenean editoreak hartu duen erabakia den egokiena, puntu horri dagokionez. Besterik da egin den itzulpenak halakoa behar zuen edo ez. Horko euskara primeran dago, ez dut inolako zalantzarik. Baina beldur naiz Baztangoa, Zarauzkoa edo Tolosakoa berdin izan daitekeela: holako liburuek tokiko ñabardura gehiago bildu behar lukete, nire ustez, tokiko ukitu argiagoak eta beldur gabekoak, batuan idatzirik ere.
Pello
Ez da artikuluaren gaia, baina bai, saiatu gara, sinesgarritasuna emateko, nafarreraren ukitua edo berniza ematen, azken batean gehiena Nafarroan gertatzen delako. Dena dela, horrek ere baditu bere mugak, irakurleak ezin ditugulako eraman txokokerietara. Baina bai, saiatu gara, ia-ia behin ere atera gabe euskara batutik, helburua hori baitzen (eta posible da, jakina): euskara batuan idatzi, eta behar zen tonua eman, behar den euskalkiaren ezaugarriekin aberastuta. Liburua irakurriz gero, erreparatuko diozu.
Ongi izan.
Fernando, orain arte ezin izan diot zureari erantzun. Ez dut gutxietsi nahi, inondik ere itzaultzailearen lana. Errespetu handia diet itzultzaileei, eta uste dut aski lan ona egiten ari zaretela. Baina lehen esandakoa arrazoitu nahi dut, ea gai naizen beste ongi uler dezan adierazi nahi dudana. Liburua hartu dut berriz ere, eta lehen esandakoarekin segitzen dut. Liburuan ageri den euskara Baztangoa, Zarauzkoa edo Tolosakoa izan daiteke. Markinakoa edo Luzaidekoa. Nonahikoa. Euskara ona da, baina ez du ia Baztango ukiturik. Azalduko dut kontua, uste baitut hau dela egungo literaturak duen akats handienetako bat: batuaren eredu bat egin dugu eta toki guztietan ezarri, berdin dela zein den euskalkia. Alta, Mitxelenaren txostenean esaten zen argi aski batasuna “euskara idatziarena, izkribuzkoarena”, dela. Eta hor, “irakaste lanetan” behar dugula “literatura ederrean” baino gehiago. Literatura ederra egin daiteke, biziki polita, batasunaren arauak segituz, baina tokian tokiko ezaugarriak sartuz. Ezaugarriak diot, ez txokokeriak edo txotxolokeriak. Batasunaren arauak segituz, baina interpretazioa eginez, betiere literaturan askatasun gehiagorekin jokatuz. Adibidez, ez nuke nik inolako eragozpenik izango “bortz” erabiltzeko Baztanen kokatutako liburu batean, eta ez “bost”, Euskaltzaindiaren Hiztegi batuari hutsik egin gabe: “bortz Ipar. eta Naf. h. bost”. Hiztegi batuaren azalpenenetan hau esaten da: “Horrelakoetan, “hobe” hori Euskal Herri osoari begira idazten diren testuetako erabilerari soilik dagokio, eta hitz edo aldaera horiek egokiak dirateke beste kasu batzuetan, Herria astekarian, Bizkaia gehigarrian edo herri aldizkarietan idazterakoan, adibidez”. Jakina, hau eztabaidarria izan daiteke, baina ez dut zalantzarik literaturan ere erabili behar direla holakoak. Horrek ematen dio “kolorea” testuari, eta hori ez da txokokeria bat. Idazleak edo itzultzaileak irizpide hori onartzen ez badu, nire kritikaren puntu garrantzizko batekin ez dago ados, jakina. Eta hor ezin da deus egin, iritzi kontu baten aurrean gaude.
Baztango euskarak, edozein euskalkik bezala, baditu ezaugarri markatu batzuk. Ezaugarri horiek urratzen ari dira gaur egun belaunaldi gazteen artean, kolorea galdu eta batasun eredu bakar hori indartzen delako bazter guztietan. Baina adin batetik gorakoek ongi mantentzen dituzte ezaugarri horiek. Alde horretatik, testu honek ez ditu usaindu ere egin Elizondo inguruko mintzoaren ñabardurak. Egia da, eta ez dut horren kontra deus, itzultzaileak moldaketak egin behar dituela batzuetan, tokian ezagutzen ez diren hitz asko sartu beharko dituela, ondare komunetik hartu ondoren, eta saiatu beharko duela jatorrizko testuari leialtasuna izaten. Baina:
– hori gauza bat da
– txokokerietan erortzea beste gauza bat da
– “han esaten den modua” aukeratzea, modu hori eskura dugunean, eta ez erabiltzea “batasunean oro har esaten den modua”, hirugarren kontua da.
Liburuan adibide mordo bat dago, zeinek erakusten baitute itzulpena eredu komun horretara makurtu dela, kontuan izan gabe tokiko ezaugarriak. Batzuk bakarrik aipatuko ditut hemen, baina adibideak ehunka gehiago izan daitezke, orrialde guztietan ageri baitira.
Ondoko forma hauek arrotzak dira nik ezagutzen dudan Baztango hizkeran: “kale” (“karrika” ere ageri da liburuan, baina gutxiago. Han “karriketan” ibiltzen gara beti) “beheko” (“beheitiko” esaten dugu han), “beste”, “entzun” (meza bakarrik entzuten da han, bestela “aditu”, liburuko adibide batzuetan ere ikusten denez.), “ohe” (“ohatze”, “guatze” ahoskatua), “aurre, aurrera”… (arrotza hango euskaran: “aitzin, aitzinera”…, “itxoin” (behin ta berriz ageri da liburuan, guk “esperatu” diogu, liburuko adibide batzuetan ere ikusten den bezala), “ezkutatu” (inoiz ere: “altxatu” egiten gara gu ezkutatu nahi dugunean, “altxapeka ibili” batzuetan, “altxapeka jokatzen genuen”…), “barrenean” (inoiz ere, beti “barnean”, Hiztegi batuan ere onartua, bide batez), “iluntasunerantz” (inoiz ere atzizki hori: “iluntasunera(t)” nahi bada), “ezer” (ez da existitzen han. Hangoa “deus” da, iztulpenean ageri den gisan, baina “ezer” ere ageri da, ez gutxitan,eta horrek koherentzia kentzen dio testuari), “garbitu arren” (hau txinoa da), “bost” (“bortz”), “modelo aurpegia zeukan” (“modelo aurpegia zuen”), “jantzita ikusita” (“-ta” forma horiek nahiko arrotzak dira: nolanahi ere “–a” edo “–rik” baino aise bakanagoak: “beztitua ikusirik”), “altxatu” (ikus lehen esana: han “goititu” erabiltzen da), “lotsa”… “lotsa-emangarri” (“lotsa” ez da hango hitza, han beti “ahalke” erabiltzen da, liburuan ere ageri da batzuetan), “bertan” (txinoa, orain hango merkatu bati “berton” deitzen badiote ere, horrekin txinerako euskalki bat eginez), “aztertzen/ateratzen utzi” ageri da (baina ez dut aurkitu hangoa den forma: “-tzera utzi”), “aurkitu” (“harrapatu” da han), “noizean behin” ageri da (“noizbehinka” behin bakarrik, baina hau da hangoa. Eta “noiz edo noiz”, adibidez), “eseri” (baztandarrak ez dira “esertzen”, beti “jartzen” dira, musean aritzeko adibidez), “atze” (gurea “gibel” da, bada liburuan ere adibideren bat), “esnatu” (han “ernatu” egiten gara), “ile soltea zeukan” (“ilea laxo zuen” esan nahi du?), “izan ere” (guztiz berria eta arrotza han), “beste” (“bertze”, itzulpenean, oker ez banaiz, elkarrizketetan bakarrik ageri dena), “ulertuko duzu, noski” (ez da erabiltzen ez “ulertu” ez “noski”. “Noski” horren ordez “jakina, doike..”.), “albo batera” (ez, “alde batera”), “lur zerrenda” (“lur muturra”), “irribarre” (ez: “irriño, irri musika…”), “jarraitu zien” (“jarraiki” erabiltzen da, baina inoiz ere ez hor bezala: “segitu zien”), “esku bat pixka bat jasoz” (“goitituz, goratuz”), “gaixo” (“eria” esateko “eri” erabiltzen dugu, ez “gaixo”, besterik da “seme gaixoa” bezalakoak, aski arruntak), “zer deritzozu” (guztiz arrotza), ez “zarata atzean uzten”, baizik “asotsa gibelean”, eta belarrak ez du “urrinik” (han “urrina” usain biziki txarra da, komunekoa bezalakoa, baina ez belarrarena), “lortu du lepoa moztea” ikastolan ibiliak bakarrik “entenditzen” du eta, azkenekoz eta ez luzatzeagatik “Medina komun zuloan eserita zegoen, burua atzerantz makurtua” esatea edo “Medina komun zuloan zegoen jarrita, burua gibelat makurtua” ez da gauza bera (eta hor bai, “jarrita” aski arrunta da Baztanen)…
Esan bezala, holakoak badira anitz gehiago. Ez dut uste parentesi artean daudenak txokokeriak diren, inola ere, baina hori da hango hizkera, eta ez dut uste kanpoko jendeak inolako zailtasunik izango lukeenik horiek, baten bat kendurik, ulertzeko. Liburuko adibideek, gainera, beste arazo bat uzten dute agerian: estiloen nahastea. Testua ez da batere konsistentea alde horretatik: Baztanen “ahalke” esaten bada, edo “deus”, horiek erabili behar dira hango ukitua eman nahi bazaio, “lotsa” edo “ezer”-ekin txandakatu gabe, bestela ez du barne konsistentziarik testuak. Besterik da han erabiltzen ez diren hitzak “ezinbestean” (bide batez, “ezinbertzez” han) erabili behar badira: “baldintzatu” bezalakoak, esaterako. Baina gero heldu dira “berrehun urtean” (“urtetan”), “uretan” (“urean”), “dozenaka emakume hil ziren sutan” (“suan”) bezalakoak, guztiz lekuz kanpo uzten nautenak, biziki arrotzak baitira erabilera horretan han: han “suan” hil daiteke jendea, eta “sutan” has daiteke etxea, eta oinak bizi guztian “urean” sartu ditugu han, ez “uretan”, sentitzen dut. Bide batez, batasunak ez du hitz erdirik esan horretaz, eta ez dakit esan behar duen ere. EGLUn bai bada zerbait honetaz, eta ez dira inola ere erabilera horiek gaitzesten.
Honengatik guztiagatik diot liburuko testua nonahikoa izan daitekeela, eta Baztango ukitu gutxi duela: “kontentago, atorra, izanen, nintzelarik, aitzina, ttiki” edo noizean behin “karrika” paratzeak ez du arazoa konpontzen. Tokian tokiko ukitua eman nahi bazaio testuari (eta liburu hau tipikoa litzateke horretako) askoz ere ausardia handiagoa behar da izan. Batez ere literatura delako: testuak ez luke deusik galduko, kanpoko jendeak ere ongi ulertuko luke, eta ateak irekiko genituzke batasunaren ereduan, batasuna bera indartu eta aberastuz. Holako gauzek ematen diote tokiko kolorea. Eta hori beharrezkoa dugu euskaraz, buletinetako euskaratik atera eta zerbait erakargarriago egin nahi badugu segurik.
Estimatzen dut izugarri Fernando Rey bezalakoen jarrera; hau da, ikasi nahi dutenena, galdetzen dutenena. Oraintxe sinetsia nago zinezko jakinduria galdetzen jakitea dela.
Hika hitzegiteko usadioa oraindik bere osoan bizirik dagoen eremu batetik idazten dut, jakina. Nik ez dut inor behartu nahi nerera, baina, aldi berean, bakea eta errespetua eskatuko nieke zuzentzaile eta gainerako jakintsuei. “Eskatuko genieke” jarri nahi nuke, baina ez naiz nor Fernadoren izenean mintzatzeko.
Ohartxo bat ustezko sexismoaz: hiztegian delako sexismo horren arrastoen bila ibil gaitezke agian, baina gramatika gizabanakoen ideiatxoen oso azpitik dago. Gizasemearekiko trataera eta markatu gabeko trataera berdintzen baldin baditu, halaxe da, eta ezin has gaitezke hori bortxatzen. Erabilera horren zuztarren bila abia gaitezke, baina oso luze joko luke, eta hobeko dugu beste baterako uztea.
Kaixo, Iñaki.
Nik uste, zure erantzunaren gakoa darabilzun “gu” hori definitzean dago. Alegia, “hobeko dugu beste baterako uztea” diozunean, seguruena hala izango da, bai, ustekoz neutro unibertsal baina ezin maskulinoagoaren barruan interpelatuak, bistaratuak, ez zokoratuak zaudetenok bai, hobe izango duzue hori eta bestelako kontu (pribilegio) guztiak beste baterako uztea, ez baitizue inolako gatazkarik, minik, kalterik eragiten. Beste askotxoren iritziz, ordea, hizkuntzak islatzen, erreproduzitzen eta indartzen dituen mundu-ikuskera misogino eta matxistak hizkuntza horretatik bertatik ere borrokatu/aldarazi behar dira.
Erantzuna idazteko sartu naiz, baina Ana Moralesek esateko nituen guztiak idatziak ditu jada. Honako hau besterik ez nuke erantsi nahi:
Haurtxo bat irakasleari galdezka:
-¿Cómo se forma el femenino?
Irakasleak erantzun:
-Partiendo del masculino: la “o” final se sustituye por la “a”.
Eta haurrak berriz:
-¿Y el masculino cómo se forma?
-El masculino no se forma, existe.
Eta kolaxet…
Iñaki Segurolak hau idatzi du:
“gramatika gizabanakoen ideiatxoen oso azpitik dago (…) halaxe da, eta ezin has gaitezke hori bortxatzen”. Nire iritzia ezin da kontrakoagoa izan: uste dut gizakabanakoen ideiak (“ideiatxoak” ?) daudela gramatikaren azpian, eta horiexek moldatzen dituztela hizkuntzak, eta, beraz, “ez direla halaxe” eta ez direla inolaz ere aldaezinak. Horregatik moldatu dut nik nire gaztelaniazko inpertsonal horien erabilera, eta, agi denez, baita Itziar Diaz de Ultzurrunek ere.
“Nik gu maite gaitut”. Esan ezina da, baina ez sentitu ezina. Hizkuntzak galarazen dit esatea, gramatikak. Errazago, badaezpada: argazki baten aurrean nago, eta hor agertzen gara “gu”, eta esan nahi nuke: “hor gu ikusten gaitut”. Eta ezin esan, eta esanda ere ulertu ezina bezala gelditzen da. Zergatik? Ez dakit, ez naiz iristen: nere uste, ideia eta iritzien oso azpitik gelditzen da.
Gatozen gure gaurko gaira: gizasemearekiko trataera eta alegiazko izaki sexugabe batekikoa berbera izatea: “honek jo ziguk adarra!”, eta adibide hau jartzen dut, gehienetan holako aparte edo bazter-hizketak izaten direlako alegiazko solaskideekikoak: “ad phantasma” esandakoak, K.Bühler-en hitzak erabiliz. “Honek jo zigun adarra!” baldin badiot, aldiz, emakume bati ari natzaiola da garbi ageri. Beraz, badirudi gizasemea gizaseme dela baina gizaki sexugabe edo “phantasma” gisa ere har daitekeela; aldiz, emakumea emakume da, beti da izaki sexuduna. Baina hau irudipen hutsa izan daiteke. Beste batzuentzat, gizasemearen gailentasun edo gehiagotasun sozial bidegabea erakusten du. Beste batzuentzat… beste zerbait. Irudipenak denak ere. Berez, ez dakigu seguru gramatikaren azpitik zer dabilen. Horregatik diot hobe dugula bortxaketan ez hastea, badaezpada.
Nik ere bakarrizketan edo bakarpentsetan nabilenean toka egiten diot neure buruarekin. Zuzenean neure buruari ari ntzaionean aldiz(animoak emateko, errita egiteko…), noka
Anak eman duen arrazoi berdinagatik inoiz saiatu izan naiz beti toka egiten baina oso behartua iruditzen zait
Jaio
Barka, toka egiten diot neure buruari edo toka egiten dut neure buruarekin behar zuen
Barkatu Jaio, baina ez dut ulertzen. Toka egiten duzu bakarrizketan, baina “zuzenean” zeure buruari, noka. Zeure buruari noka egiten badiozu, pentsatu beharko dut emakumea zarela, eta orduan ulertzen ez dudana da zergatik saiatzen zaren beti toka egiten.
Edo bestela pentsatu beharko dut gizonezkoa zarela, baina bere burua “gramatikalki” emakumetzat hartzen duten horietakoa. Edo ez zarela ez gizonezko eta ez emakume, baizik-eta gogoak ematen dizuna. Baina, ulertzen dut, baliteke hau pentsatzea nere aldetik queertenkeria hutsa izatea.
Iñaki, emakumea nauk, baita gramatikalki ere baina ez lukek gaizki egongo momentuaren arabera aukeratu ahal izatea ere… Toka dagoen tokian noka jarri behar nian, okertu egin nauk. Esan nahi dudana duk neure buruari noka egiten diodala eta neure buruarekin toka, edo hala uste diat. Ez nagok oso seguru neure buruari egiten diodanean beti noka egiten dudan edo horretaz konsziente naizenean eta emakume bati ari natzaionez egokiago litzatekeelako noka egitea…
Garbi zeukeat bakarrizketa, neure buruerekin honetaz eta hartaz ari naizenean beti toka egiten dudala eta hor noka oso beartuta egin beharko nukeela
Bo, etzekiat zeoze aklaraetan…
Behartuta, behartuta, behartuta eneeee
Bai, oso ondo aklaraen. Eskertzeñat.
Gai hau sortu zen aspaldi Itzulisten ere eta orduan saiatu nintzen ea espontaneoki jendeek zer edo zer argitzen zidaten toka egite horren arrazoiaren inguruan; hor ibili nintzen galdera behin eta berriz egiten ea zergatik gertatzen zen, ea zer zen bakarrizketa hori, ea inork argitzen zidan nolako egoeran zen toka ari zen emakumezkoa; ez nuen deus aitzinatu eta beti geratu zait horren gaineko ikerketa baten beharra dugula; Inaki Segurolak aipatu du orain “Erabilera horren zuztarren bila abia gaitezke…” eta segitzen du esaten luze joko lukeela eta baztertzen du aukera hori; nik, aldiz, oso interesgarri deritzot horrelako ikerketa bati, geure hizkuntzarekin eta hizkuntzaz darabilgun pentsakera ulertzeko elementu interesgarria argitzeko aukera emanen ligukeela iruditzen baitzait, eta iruditzen zait lehenbailehen beharko litzatekeela egin, halako erabilera duten emazteak hiltzen ari zaizkigulako. Ea norbaitek biltzen duen horri ekiteko adorea!
Orduko hartan ez nuen, ezaguna zitzaigunaz haratago eraman gintzakeen arraposturik jaso eta orain, nik horren gainean dudan zalantza edo susmoa azalduko dut; orduan ez nuen azaldu nahi izan, erantzun zezakeenari ez aurreiritzirik emateko edo berez erantzun zezan uzteko, baina nola erantzunik ez nuen jaso eta inork ez duen hortik ikerketarik abiatu eta gaia berriro atera den plazara, nire ustetxo edo susmotxo edo ideiatxo hura botako dizuet:
Anak gaztelaniazko adibide bat eman du: uno está cansado… eta nik proposatzen dudana horretarako ere balioko luke, hau da: emakumezko bat toka ari denean ez da bere buruarekin ari, gizonezko bat du solaskide; bere buruarekin, esana duzue denok, noka aritzen da. Bakarrizketa hori ez da bere buruarekiko hizketa, baizik eta balizko solaskide “uno” “cansado” legokeen horren antzeko norbait (edo zerbait). Emakumezkook, gizonezkook bezala, gizonen araua dugu lege eta buru eta guk kontu eman behar dizkiogun harekin mintzo garenean, hari mintzatu behar zaion bezala mintzatzen gatzaizkio; “nekaturik natxiok” esaten badugu, geure berri ematen diogu barkatu behar digun horri, eta hori, jaun eta jabe, gizonezkoa da. Gaztelaniazko “uno” “cansado” hori balizko unibertsal bat da, nekaturik izateko eskubidea ukan dezagun aipatzen duguna, hel egiten dioguna (ni ere izan naiteke “uno” izan naiteke “cansado”. Euskarazko kasua ez da erabat berdina, baina hurbil dabilkio: guri existentzia ematen digunari zuzentzen ari gatzaizkio: “entzuidak, horrela eta horrela natxiok” “kasu egidak” “hemen nauk” “existitzen nauk”. Nire ustez, hortik abiaturik galdetu beharko genieke horrela mintzo diren emakumezkoei. Norekin ari dira hizketan? Nor dute solaskide? Zeren bila dabiltza esaldi bakoitza ematean? Zertarako hitz horiek? eta hor beste gai interesgarria irekitzen zaigu, alegia, hizkuntzaren balio performatiboarena, esateak berak zer ekartzen duen, zer eragiten digun… baina inork ikerketa egin nahi badu hel biezaio; ez dakit oharretarako txoko honek zenbateko leku ematen duen, baina ez nuke abusatu nahi.
Bakartxo Arrizabalaga
Gauza bat behintzat zuzendu beharra dago Arrizabalagaren jardunetik:emakume horiek ez dira hiltzen ari; oso bizirik daude. Baina alferrik galdetuko diegu norekin ari diren; ez dakite, inork ez dakigu.
Antzeko kasu bat datorkit gogora, eta hura litzateke zientzialari batek gutako edonori galdetzea: “elurra ari du” diogunean ea NORK uste dugun ari duela elur hori. Edo, inoiz aipatu izan dudan bezala, zergatik ezin esan daitekeen “ikusten gaitut”, zerk eragozten duen hori esatea. Oso oharkabeko eta jakinaren azpiko gauzak izaten dira holakoak.
Baina egin dezagun beste ahalegintxo bat: emakume horien kasua eta neurea berdin-berdina da; berdin dio emakumea edo gizonezkoa den mintzatzen ari dena. Berdin da norekin ari naizen hizketan, nori ari naizen, zaharra edo gaztea den, zuka, hika edo berorika ari naizen, eta esanda bezala, gizonezkoa edo emakumea naizen. Hizketan ari naizenean, baldin “nere artean” esandako zerbait tartekatzen baldin badut (horixe izan ohi da egoera arruntena) beti esango dugu “ño! honek etzidak adarrik joko!”, edo, atzo bertan aditua emakume bati: “banoa kalean, eta ikusi dut paper-mutur bat… eta, nere artean, ‘hemen dirua zegok!’, eta tira egin diot, eta 50 eurokoa, aizue”. Neuk ere holaxe esango nuke, eta gure hikako usadioa galdu ez duen edozein gizonezko edo emakumek ere bai. Eta galdera baldin bada holakoetan norekin edo nori ari garen, erantzuna da: inori ez, edo “alegiazko mintzalagun” bati. Horixe da gure gramatika, ahal bezain garbi adierazia.
Horren azpian dagoenari buruzkoa ezin izan daiteke kalamatrika edo irudipena besterik. Gauza garbirik ez. Eta hala ere nik neurea botako dut: hikako K-modua gizonezkoei jarduteko da berez, baina baita, bere beste erabileran, markatu gabeko ia edozeri mintzatzako ere (Etxepare bera hizkuntzari mintzatzen zaio hola: “o heuskara lauda ezaK Garaziko herria”; gerora, oso gerora etorriko zen “ama euskara”); aldiz, hikako N-modua emeari hitzegiteko bakarrik da. Badirudi, beraz, gramatikarentzat, emetasuna emetasuna dela eta kito, gauza garbia dela, eta artasuna berriz, askoz gauza nahasiagoa dela, zeren artasuna partekaturik bezala ageri baitzaigu indefinizioarekin edo zernahitasunarekin.
Honainoxe luza naiteke gaur.
Inaki Segurolak dio:
“Gauza bat behintzat zuzendu beharra dago Arrizabalagaren jardunetik:emakume horiek ez dira hiltzen ari; oso bizirik daude.”
Nik ikusten dudanagatik, gero eta jende gutxiago aritzen da hitanoz, eta haietan ere, are eta gutxiago dira eta gero eta gutxiago, barne bakarrizketa diozuen horretan, toka aritzen diren emakumezkoak. Horregatik diot hiltzen ari direla; erabilera hori ez delako, oro har, belaunaldi berrietara pasatzen ari. Norekin ari diren galdetzea dela eta, noski ezin zaiela galdetu, horrela, besterik gabean eta zuzenean, norekin ari diren; ikerketaren beharra horregatik dut, hain zuzen ere, aipatzen; nondik datorren, nor den atzean, zer den atzean atera beharra ez da lan erraza eta ez da, noski, galdera zuzen batez argitzen; bestela ere, beharbada, ez da argitzen ahalko, baina argituko balitz, aurkikuntza ederra litzateke. “Elurra ari du” zergatik esaten dugun jakitea baino interesgarriago zait niri, baina agian elurrarena argitzeak lagun lezake bestea argitzen, hartara, ez zait gaizki iruditzen beste hori ere aztertzea.
Bestalde, honela ere dio Inaki Segurolak:
“Badirudi, beraz, gramatikarentzat, emetasuna emetasuna dela eta kito, gauza garbia dela, eta artasuna berriz, askoz gauza nahasiagoa dela, zeren artasuna partekaturik bezala ageri baitzaigu indefinizioarekin edo zernahitasunarekin.”
Ez dut uste gu gabeko gramatikarik dagoenik, gramatika gure tresna da eta euskaldunen kidegoaren arabera dugu antolatua; gramatika gure isla dugu eta gizartearen iritziz eta azpiiritziz (iritzi izatera heldu gabe, kontzientziara gabe, barnean dabilzkigun funts edo uste pentsatu ere gabeak izendatu nahi ditut horrekin) osatua da; hartara, “ikusten gaituk” edo “ikusten gaitun” esan beharra ikusiko dugun unean, esaten hasiko gara eta horra gramatika berria.
Bakartxo Arrizabalaga
Segi dezagun hizketan, hemen agintzen dutenek eragozten ez diguten bitartean. (Bidenabar: gauza ederra eta atsegingarria da neretzat eztabaida hauek libreki egiteko modua izatea; gauza ederra da denon artean “egia bilatzea”.)
Eta segitzen dut pentsatzen oso arriskutsua dela gramatikan gizartearen (jendartearen?) isla bilatzea; hiztegian beharbada bai, baina gramatikan ez. Bestela, eta adibide bat jartzeagatik, nexkei klitoria mozten dieten gizarteetako hizkuntzek derrigor erakutsi beharko lukete… zer? gramatika hiper-patriarkal bat?; baina zer litzateke hori?; emakumeak aitatu ere egiten ez dituena?; emakumea eta zaborra kategoria gramatikal berean sartzen dituena? Ez: ez da eskuarki horrelako korrelaziorik gertatzen gizarteko usadioen eta egitura gramatikalen artean. Inguruko hizkuntzetan, hirugarren pertsonako izenordainetan, sexua bereizten da, eta euskaraz ez. Zer esan nahi du horrek? Ezer ez, edo ez dakit, ez dakigu. Lehen eta bigarren pertsonako izenordainetan ez da sexurik bereizten gure hizkuntzetan (ez da NI eta HI-ZU arrik eta NI eta HI-ZU emerik bereizten); inon bereizten al da? Eta zer esan nahi du horrek? Ezer ez, edo auskalo. Bigarren pertsonan guk egiten dugun bereizkuntza oso gauza mugatua da: markatzen du norekin ari garen, baina, esan bezala, ez dago HI edo ZU bakarra besterik ; eta pluralean ez da markatzen norekin ari garen ere. Zer esan nahi du horrek? Denak esan nahi al du zerbait? Dena al da zerbaiten isla? Ergatiboa zeren isla da? Eta genero gramatikalik eza?…
Berriro diot: hikako K-modua, ZENBAIT HIZKETA-EGOERATAN, nornahirekin eta zernahirekin mintzatzeko modua ERE bada, gizasemeari mintzatzekoa ez ezik. Eta honekin loturik, Etxeparek euskarari “lauda ezak” esaten dionean, ez dugu pentsatu behar inolako moduz ar edo gizasemetzat hartzen duenik hizkuntza. Hori zeren isla den edo ez den aztarrenatzeko… ez dakit, sinposio moduko zerbait antolatu beharko genuke, hemen jendea gehitxo ez nazkatzeagatik gehienbat.
Azkenik, eta klitoria aitatu dugun ezkero, gogora ekar liteke nola proposatu izan duen zenbaitek hori adierazteko “emazakil” hitza. Eta hor bai; hor nabarmena da gizasemearekiko morrontza, gizasemearen gorputzarekiko morrontza itxuragabea. Baina hori hiztegia da, axaleko gauza bat da, jakinaren gainekoa da, “kudeatu” litekeena da… gramatika ez bezala.
Ze gai interesgarria! Nik ere galdera batzuk dauzkat partekatzeko eztabaidaren harira. Jakina denez, hizkuntza erromanikoetan femeninoa markatua da (emakumeentzat, emeentzat) eta maskulinoa markatu gabea (alde batetik gizonentzat, arrentzat; beste aldetik, edozeinentzat). Beste hizkuntza askotan gertatzen omen da gauza bera. Batzuen ustez, hori horrela da eta ez dauka erlaziorik arrazoi ezagun batekin. Beste batzuen ustez, gertaera horrek gizonen nagusitasun sozialarekin dauka lotura eta, ondorioz, esku hartzea eskatzen du. Niri datorkidan galdera da ea hizkuntzarik dagoen non femeninoa den markatu gabea eta ea ze gizarte motak erabiltzen duen hizkuntza hori. Topatu ditudan erreferentzia bakarrak honako hauek dira, bat gaztelaniaz, bestea katalanez (osorik kopiatzen ditut, ez dute gehiago sakontzen, zoritxarrez):
Hay lenguas, como el goajiro de Venezuela, en las que el término no marcado es el femenino, de forma que anasiku, “buenas” vale por “bueno y buena” (se diría, pues, algo así como “las atletas y los atletas españoles son buenas”); sin embargo esta tribu, del grupo arawak, no discrimina menos a las mujeres, en realidad las ha reducido a la condición de cuasi esclavitud. (Ángel López García, 1999. “Las mujeres y el lenguaje”, in Mª Dolors Fernández de la Torre Madueño, Antonia María Medina Guerra eta Lidia Taillefer de Haya (ed.): El sexismo en el lenguaje, 1. alea, Málaga, CEDMA, 77-98).
D´altra banda, en les llengués amb gènere, el masculì acostuma a ser la categoria no marcada, però fins i tot en les llengues en que el femení és la categoría no marcada (el guajiro o l´iroquès) no hi ha res que mostri que les dones són més visibles que els homes (Carme Junyent, d.g. Génre, sexe, llengua. http://www.gela.cat/doku.php?id=textos_genere).
Horren arabera, femeninoaren erabilera ez markatua ez dago lotuta, antza, gizarte parekoago batekin. Ondo legoke gehiago jakitea, alegia, ea hizkuntza gehiago dauden non ez markatua femeninoa den, eta ea nolakoak diren gizarte horiek. Bitartean badirudi ezagutzen ditugun hizkuntza gehienetan maskulinoa dela markatu gabea, eta bururatzen zaizkidan galderak dira ea hori kasualitatea den, ea zein izan daitekeen horren arrazoia, ea ez duen zerikusirik gizonen nagusitasun sozialarekin…
Barkatu gaitik oso urrutira joan banaiz.
Ez A.Barquín, ez zara urrutira joan. Etorri egin zara, eta oso datu interesgarriak ekarri dituzu eztabaidara. Hor airean uzten dituzun galderak ere oso harira datozenak dira. Erantzuten ez badakigu ere, galdetzen behintzat asmatzen dugu, eta ez da gutxi.
Lehenik eta behin, aurreko aipuaren zuzendu beharra, honela esan bainuen: “ikusten gaituk” edo “ikusten gaitun” esan beharra ikusiko dugun unean, esaten hasiko gara eta horra gramatika berria. eta esan nahi nuen: “ikusten gaituk” edo “ikusten gaitun” esaten dugun bezala, “ikusten gaitut” esan beharra ikusiko dugun unean, esaten hasiko gara eta horra gramatika berria.
Halere, ez dut uste hori bihar goizerako izanen denik, inguruko erdaretan ez baita esaten eta argi baita geuri sortzen zaizkigun behar berriak, gaur egun, batez ere ingurukoek eraginik sortzen zaizkigula.
Nator orain femeninoaren markatze edo ez markatzearen balioaz eta ideologiaren eraginaz zertxobait aipatzera:
Ezin esan daiteke, noski, elementu bakar batek egiten duenik emakumeon zapaltze eta azpiratzea; elementu bakoitzak hizkuntza sistema osoaren barnean egiten du lan eta sistema osoa behar da aztertu, elementu bakoitzak duen zeregina kokatuz; alabaina, hizkuntzak berak ere, ez du zapalkuntza gauzatze, zapalkuntzaren isla eta adierazle izan daiteke, bai eta zapalkuntzaren ezkutatzaile ere, baina elementu bat besterik ez da, gogoetarako balio diguna, beste arazo sozial nola bestelakoetan bezalaxe. Azpian izan daiteke eta inori enbarazurik ez egin, esanahi gabetzat har daiteke eta luzaz bizitu horrela, baina azalera agertzen hasten denean, jendeontzat esanguratsu egiten hasten zaigunean ezin dugu lehen bezala bizi; ez naiz politikoki zuzenaren kredokoa eta ez nintzateke dena, hala-hala, irizpide moral eskas batzuen arabera aldatzen hasiko, baina gaia mahai gainera ateratzen denerako gertatua da, jadanik, hizkuntza horretan aldaketa bat eta horri arrapsotu eman behar zaio, aurrera begira balioko duen arrapostua ean nahi dut, hau da, ezin da esan “el masculino es neutro” eta kitto; argi da espainolezko hiztunei ez zaiela (ez zaigula) balio izan eta beste bideak bilatu beharra dagoela oraindik. Euskaraz ere ez ahal zaigu horrelakorik gertatuko. Blog honetako beste artikulu batean aipatu nuen hori eta ez naiz orain hemen berriz arituko.
Dena den, aipatu dituzuen femeninoaren ez markatze bi etsenplu horiek uler daitezke, noski, lehen esan dudanaren harira, emakumeen zapalkuntzarako elementu gisa, zeren femenino markatua nola maskulino markatua nola markarik eza izan baitaitezke, sistema zapaltzaile batean, zapalketarako baliabide.
Bakartxo Arrizabalaga
Eta ni nire amari zuzentzen, bere buruari “hori gero egingo diat” esaten dion bakoitzean… eneee…
Abarquin-ek aipatu du Carme Junyent-ek idatzitako artikulu bat. Atzo erosi nuen liburu hau:
http://www.grup62.cat/llibre-visibilitzar-o-marcar-repensar-el-genere-en-la-llengua-catalana-108088.html
Junyent-ek kompilatutako artikulu batzuk dira, ea nola den…
Ez neukan liburu horren berri (eskerrik asko, Pep, niri ere interesatzen zait). Oharra: Carme Junyent maskulinoa generiko moduan erabiltzen jarraitzearen alde dago (jarrera progresista batetik, esango nuke). Ea ba zer dioen liburuak…
Amelia Barquín
Irakurri dut liburua, ez da oso interesgarria. Nire ustez artikulurik interesgarriena da Eulàlia Lledó-k idatzitakoa, baina hemen aurki dezakezu ia ia testu berdina:
http://www.beat.cat/manualdellengua/capitol7.html
(Eskerrik asko 🙂
Amelia Barquín