Hitz solteak itzultzea ez da beti samurra izaten…

Koro Garmendia Iartza

—Aizu, nola esaten da servicio?

—Zerbitzu.

—Bale. Eskerrik asko.

—Itxaron, itxaron. Zer esan nahi duzu servicio horrekin?

—Zer izango da ba? Zerbitzua. Oraintxe esan didazu.

—Bai, bai. Baina komuna ere izan daiteke.

—Komuna? Orduan, zer jarriko dut?

—Zer adierazi nahi duen ikusi beharko, bata edo bestea aukeratzeko.

—Niri servicio euskaraz jartzeko eskatu didate. Ez didate besterik esan.

—Ba, orduan, galdetu norako behar duten. Komuna dagoen lekuan zerbitzua jartzea, eta, pentsa, zerbitzua dagoen lekuan komuna… Aldrebes samarra ez al da?

—Bueno. Galdetu egingo diet ba. Beste gauza bat. Banco?

Banco, zer?

—Ba banco euskaraz nola esaten den.

Banco horrek zer adierazten du?

—Hemen banco jartzen du.

—Banketxea edota jarlekua izan daiteke.

—Orduan, zer jarriko dut?

—Adierazi nahi duzuna zehazten didazunean, esango dizut.

—Bueno, ea honekin laguntzen didazun. Orain arte, gehiegi ez, behintzat…

—Bota, bota.

Moneda?

—Ba txanpona, moneta edota dibisa. Moneta baino egokiagoa, hala ere, dirua.

—Bale. Horietako edozein, orduan?

—Ez, ez. Ezin da itsu-itsuan bat aukeratu. Kasuari dagokiona zein den ikusi behar da.

—Ba aukeratu bat.

Moneda hori zehatz-mehatz zeri buruz ari den adieraziko bazenit…

—Hain zaila da, ala?

—Ez dakizu zuk ondo esanahi bat baino gehiago dauzkaten kontzeptuekin zenbat denbora galdu behar izaten dugun, testuingururik ez izateagatik…

—Testuingurua, esan duzu?

—Testuingurua, bai. Testuaren ingurua. Itzulpena norako den, non jartzekoa, nor duen hartzaile, nor irakurle… Aurretik eta atzetik zer duen. Edo ondoan. Eta abar, eta abar.

—Hori guztia hitz bat itzultzeko?

—Hori guztia.

—Ez nuen bat pentsatuko…

—Bide batez, mesede bat eskatu nahi dizut. Testuingurua, argibideak eskatu ondoren jakinaraziko didazun hori, hurrengoetan ere zehaztu, mesedez. Niri eta beste edozein itzultzaileri. Ados?

Erantzun bat “Hitz solteak itzultzea ez da beti samurra izaten…” bidalketan

  1. Koro, oso testu polita itzulpen-lanean gertatu ote zaiguna adierazteko. Ez nekien sormen-lanean ere hain ongi moldatzen zinela. Arraioa! Egonen gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude