Alfontso Mujika Etxeberria
Oporretatik egunerokora berriki itzulia bainaiz —eta lan seriotarako nagi aurkitzen baitut neure burua—, dibertimendu gisa doa gaurkoa, zeren eta, Joanes Haranederrek idatzi zuen moduan, baitezpada behar dire zenbeit aldiz utzi, bai gure spiritua, bai gure gorputza pausatzera eta zenbait dibertimenduaren hartzera.
Azaroaren 6an Iñigo Astizek Berrian idatzitako «Itzultzailearen esku ikusezina» artikuluak eman dit idazpidea: Atxagak, Soinujolearen semea liburuaren gaztelaniazko itzulpenean, «escondrijo» erdaratu zuen jatorrizko bertsioan «zulo» zena, eta, horren harira, Astizek dio gaztelaniaz euskarazko hitzak ez direla neutroak, ideologikoa dela hitzen itzala.
Hortik abiaturik ikusi nahi izan dut zein den euskararen itzala RAEren hiztegian. Eta, horretarako, Goodrae tresnari heldu diot, oso erabilgarria baita: RAEren hiztegia hipertestu bihurtzen du, eta, hala, artikuluen barneko testuan bilaketak egiteko aukera ematen du.
«vasco», «vasca» eta «eusk.» hitzak zer artikulutan agertzen diren eskatu diot Goodraeri, eta zerrenda hau itzuli dit (iragazi egin dut, «País Vasco» gisako agerraldiak bazterreratzeko):
abertzale, aguín, agur, aizcolari, alud, amachinarse, amarreco, amilamia, anavia, anchoa, angula, aña, aquelarre, arán, arangorri, arnasca, arrabio, astabatán, aurragado, aurresku, azcona, bacalao, bálamo, barrunte, batúa, boruca, burga, cáncamo, carpancho, carramarro, carranca, cartolas, cencerro, cenzaya, chabola, chacolí, changurro, chaparro, chapela, charro, chatarra, chimbo, chirimbolo, chirula, chistera, chistorra, chistu, chistulari, chueca, cinzaya, cococha, donostiarra, ertzaina, ertzaintza, escarrio, esguín, etarra, euscalduna, euskera, gabarra, gamarra, gambalúa, ganzúa, gardama, gardubera, guiri, ikastola, ikurriña, irasco, izquierdo, jorguín, larra, lastón, lasún, laya, lendakari, libón, lurte, maqueto, mochil, mogote, molso, morena, moscorra, motil, mozcorra, muga, muñeca, mus, narra, narria, nava, órdago, orzaya, pacharán, pelotari, pitarra, pote, sabaya, sagardúa, sagarmín, sarde, sinsorgo, talo, tobera, versolari, zacuto, zamarra, zarandilla, zarrio, zatico, zorcico, zurriaga, zurrón.
Batzuk guztiz gardenak dira (pelotari, aquelarre, amarreco, chapela, versolari…); beste batzuk, aski berriak, euskal neologismoak dira (abertzale, ertzaina, ertzaintza, ikastola, ikurrina, lendakari), eta badira neologismo horiek baino berriagoak diren beste hitz batzuk ere (batúa, etarra).
Orobat, badira bitxikeriak edo atentzioa ematen dutenak. Adibidez:
Zer ote da amachinarse? Amotinarse izan zitekeela pentsatu dut, euskal matxinatu hitzetik. Ez, ba:
amachinarse.
(De a-1 y Machín ‘Cupido’, y este del vasco Matxin ‘mozo de herrería’, por alus. al nacimiento de Cupido en la herrería de Vulcano).
1. prnl. Can. y Am. amancebarse.
2. prnl. Pan. Abatirse, perder energías, acobardarse
Badira gauza txundigarriak ere (Etimologia bigarren adierari bakarrik dagokio, ala adiera guztiei dagokie? Nola ulertu behar da?):
guiri.
(Acort. del vasco guiristino, cristino).
1. m. coloq. Ál. tojo (‖ planta papilionácea).
2. com. Nombre con que, durante las guerras civiles del siglo XIX, designaban los carlistas a los partidarios de la reina Cristina, y después a todos los liberales, y en especial a los soldados del gobierno.
3. com. coloq. Turista extranjero. La costa está llena de guiris.
4. com. coloq. Miembro de la Guardia Civil
Eta hau? «de mosca»?
moscorra.
(De mosca).
1. f. coloq. P. Vasco. Embriaguez, borrachera.
Eta honi buruz, zer esan?
mozcorra.
(Del vasco mozcor, muchacha tetuda).
1. f. coloq. p. us. prostituta.
Amaitzeko, goazen idazpidea eman didan zulo/escondrijo itzulpenera. Orain arte, zulo hitza ez zegoen RAEren hiztegian (22. edizioan), baina prestatzen ari diren 23. edizioan sarrera izango da. Honela:
Artículo nuevo.
Avance de la vigésima tercera edición
zulo.
1. m. Lugar oculto y cerrado dispuesto para esconder ilegalmente cosas o personas secuestradas.
Kasu honetan, ez dago hitzaren jatorriari buruzko aipamenik. Ezin jakin zergatik den: sarrera berria denez oraindik osatu gabe dagoelako edo jatorriaren azalpena deserosoa delako.
Bistan da DRAEko etimologiagintza ez dagoela oso gaurkotua… Bide batez, Goodraek baino emaitza gehiago ematen ditu DIRAEk, eta ez dut ulertzen zergatik, hiztegi berbera erabilirik. Adibidez, DIRAEn 115 emaitza ateratzen dira soilik “del vasco” bilatuz gero, eta Goodraen 87.
Euskararekin nola edo hala lotu daitezkeen adibide gehiago lortzeko beste hitz eta laburdura hauek ere bila ditzakezu, Borja Ariztimuñok FiloBlogian proposatuak:
“de. or. vasco”
“cf. vasco”
eta ziurtasun gutxiagoz:
“de. or. prerromano”
“de or. inc.”
Nonbait, ez da hiztegi horretan “(h)ucha” hitza sartu. Haur denboran, gaztelaniaz fuerte aritzen ginen, baina euskal hitz mordoxka txertatua genuen geure erdara hartan. Horixe zen, hain zuzen ere, gure bildumako solas horietako bat: “¡(H)ucha!”. Pilotan aritzen ginelarik, konparaziora, noiznahi aditzen zen (Inaxio Errandoneari tarteka irabazten genion, zaharxeagoak izan eta tranpa egiten genuelakoz, baina gainerakoan, horretan ere gehienetan “huts” guk).
Behin, telebistan futbol partida bat ikusten ari nintzela, harritu egin nintzen Alfredo Di Stefano futbolari ohi ospetsuari aditu niolarik “¡Menudas (h)uchas, parece del Domund!” edo horrelako zerbait. Argentinarra partidaren goiti-beheitien berri eman behar zuen esatariari laguntzen ari zen, bera iritzi-emaile gisara, eta esaldi hura behin eta berriz “hanka (gaizki) sartzen” ari zen defentsa batengatik erran zuen. Di Stefanok “(h)ucha” erabiltzen zuen, nik uste, hutsegileak aprobetxategiari egiten dion karitatezko mesedea adierazteko. “Domund” aipatzeko arrazoi hori bertzerik ez zait gogoratzen (eskean dabilenari xoxa ematen zaio, hark “eltzeitsuan” sartu, eta, gero, misioetara igor dezan).
Pentsatu nuen Argentinara XIX. mendearen hondar aldera eta XX.aren lehenbiziko urteeetan emigratu zuten euskaldunek zabaldu izanen zutela hitza, euren erdara nahasiarekin batera. Eta hori egiaztatzeko, sartualdi bat baino gehiago egin izan dut Interneteko oihanean, Euskal Herritik aparteko lekuren batean “hutsa” erdarara pasatu ote den ikusteko, baina ez dut egundaino horren arrastorik inon aurkitu.
Hori dela eta, duda egitera ere ailegatu naiz, Di Stefanori “(h)ucha” inoiz egiatan aditu ote diodan, edo ez ote nintzen lo gelditu egun hartan telebistari begira, eta kontatu dizuedana ametsa bertzerik ez ote zen izan.