Arriskuak eta kalteak

Itziar Otegi Aranburu

Interes handiz irakurri nuen herenegun Maite Imazen «Riesgo/peligro» testua. Izan ere, aspalditik nuen bi horiek bereizteko beharraren —eta ezinaren— berri. Ez hainbeste lan-segurtasunarekin loturik, elikagaien segurtasunarekin baizik. Aspalditik neukanez auzi horri buruz idazteko asmoa, gaurko prestatzen ari nintzen testua bazter utzi, eta gaiari heltzea erabaki dut. Nire ekarpen hau hobeto legoke «Riesgo/peligro» testuaren erantzunetan, baina sobera luzea da lauki horietako batean sartuta eroso irakurtzeko. Hona ekarri dut, beraz. Abisu bat, hasi aurretik: testu honen asmoa da «Riesgo/peligro» testuari zertzelada batzuk eranstea, esan bezala elikagaien segurtasunaren alorrera ekarrita; soluzio-proposamenetan, ordea, ez doa askoz urrunago.

Batzuek izango duzue APPCC sistemaren berri, Itzul posta-zerrendan agertu izan baitira, behin baino gehiagotan, sistema horren termino batzuk itzultzeko zailtasunak. Jatorriz, Estatu Batuetan sortua da sistema hori, eta, beraz, ingelesez, HACCP siglekin: Hazard Analysis and Critical Control Points. Hasiera batean, ARYCPC gisa eman zen gaztelaniaz (Análisis de Riesgos y Control de Puntos Críticos), baina gerora zuzendu eta APPCC bihurtu zen: Análisis de Peligros y Control de Puntos Críticos. Horra hor Riesgo/peligro auziaren lehen zantzua, iturburua ingeleseko hazard eta risk kontzeptuen itzulpenean duena. Ederki azaldu zuten arazoaren munta Europako Batzordeko itzultzaile batzuek puntoycoma buletinean:

La traducción de estos términos no ha sido siempre coherente. Basta echar un vistazo en el archivo electrónico del Servicio de Traducción SdT Vista para observar que la confusión entre risk y hazard es absoluta (ambos suelen traducirse por «riesgo») y que otro tanto ocurre con evaluation y assessment (traducidos indistintamente por «evaluación»). Este baile terminológico no es exclusivo de nuestro SdT. Así, durante la última conferencia sobre el Codex Alimentarius1 celebrada en Orlando (EE.UU.), la mala calidad de las traducciones obligó a suspender sesiones para que los representantes de los países hispanohablantes se reunieran e improvisaran acuerdos sobre la forma y el contenido precisos de los conceptos básicos allí debatidos.

Honela definitzen dira Hazard eta Risk kontzeptu giltzarriak sistema horretan (iturria: OME, Osasunerako Mundu Erakundea):

Hazard: A biological, chemical or physical agent in, or condition of, food with the potential to cause an adverse health effect.

Risk: A function of the probability of an adverse health effect and the severity of that effect, consequential to a hazard(s) in food.

Gaztelaniaz:

Peligro: Agente biológico, químico o físico presente en el alimento, o una propiedad de éste, que puede provocar un efecto nocivo para la salud.

Riesgo: Función de la probabilidad de un efecto nocivo para la salud y de la gravedad de dicho efecto, como consecuencia de un peligro o peligros presentes en los alimentos.

Eta frantsesez:

Danger: Agent biologique, chimique ou physique présent dans un aliment, ou état de cet aliment pouvant avoir un effet adverse pour la santé.

Risque: Fonction de la probabilité d’un effet adverse pour la santé et de sa gravité, du fait de la présence d’un (de) danger(s) dans un aliment.

Ohar interesgarri bat ere ageri da:

*These Definitions are proposed on an interim basis: they are subject to modification in the light of developments in the science of risk analysis and as a result of efforts to harmonize similar definitions across various disciplines.

Alegia, behin-behinekoak direla definizio horiek; litekeena dela aldatzea, informazio gehiago eskuratu ahala, edo, guretzat interesgarriagoa, beste arlo batzuetako antzeko definizioekin bat egitearren.

Baina itzul gaitezen riesgo/peligro auzira. Goiko definizio horien arabera, hazard/peligro/danger hori da osasunari kalte egin liezaiokeen zerbait, eta risk/riesgo/risque hori, berriz, kalte hori gertatzeko probabilitatea eta kaltearen larria batuko lituzkeen kontzeptu kuantitatibo bat.

Kontu hori aspaldikoa denez, honezkero euskaraz nolabait emango zituen baten batek. Sarea arakatuta, bi testu aurkitu ditut APPCC sistema euskaraz azaltzen dutenak, gutxi-asko egokituta. Bat Osakidetzaren webgunean dago. Definizioen atalera jota:

Arriskua: Agente biologiko, kimiko edo fisikoa, elikagaietan osasunarentzat kontrako ondorioa eragin dezakeena.
(…)
Arriskua: Arrisku bat azal daitekeelako probabilitatea da.
(…)
Arriskuen analisia: Prozesuaren etapa bakoitzeko arrisku potentzialen arriskuaren eta larritasunaren ebaluazio prozesu sistematikoa, zeinak bide ematen duen elikagaien segurtasunerako zeintzuk diren garrantzizkoak erabakitzeko, eta ondorioz, berauek autokontrol planean planteatzeko.

Riesgo y peligro, beraz, biak arrisku, eta arrisku bikoitza.

Bestea Elika Fundazioaren webgunean dago, eta pentsu-lantegiei buruzkoa da. Dokumentu horretan ere antzera jokatzen da, baina arriskuaren «bi definizioak» bateratu egin dira, eta, beraz, arrisku da kaltea eragin lezakeen zer hori, bai eta zer hori gertatzeko probabilitatea eta ondorioen larritasunaren batura ere. (Bide batez, Elika Fundazioa elikagaien segurtasunari buruzko wiki bat prestatzen ari da. Euskarazko glosarioak baditu, dagoeneko, 418 sarrera).

Erraz uler dezaket zer-nolako ataka estuan aurkituko zen itzultzailea, halako arazo baten aurrean. Izan ere, orain arte nik behintzat ez nuen modurik ezagutzen bi horiek bereizteko, noiz edo noiz aipatu izan diren arrisku/lanjer eta arrisku/peril aukerak kenduta, eta horiek ez dute bide luzerik egin.

Maite Imazek aditzera eman duen bereizketa aurrerapauso handia iruditzen zait, baina, halaz guztiz, badut pare bat baina: hasteko, funtzionatuko al du? Behar bezain gardenak eta funtzionalak al dira ordain horiek? «Itsatsi»ko ote diote, lantegietan eta? Alegia, janari- edo pentsu-lantegi batean ari den langileak (erraz samar) ulertzeko eta nahasbiderik gabe erabiltzeko modukoak dira? Estali gabeko konpresoreko transmisio-uhalak erabili behar dituen langileari lan-arriskuen prebentzio-plana esplikatu behar dion teknikariak eroso erabiliko al ditu arrisku eta arriskubide, berritasun orori ohitzeak eskatzen duen ahalegina gorabehera? Nik zalantza egiten dut. Kendu definizioak eta esplikazioak ondotik, eta utzi bakarrik arrisku eta arriskubide. Zein da zein, aintzat harturik orain arte arrisku erabili dela riesgo zein peligro adierazteko? Zerk ematen du zertarako bidea? Antzekoegiak dira bi hitzak, nahastu gabe erabiltzeko. Beharbada, arriskubide ordez arrisku-eragile edo arrisku-iturri proposa litezke, baina ez dakit taxuzko «termino» liratekeen horiek.

Bestalde, auzitan jar liteke estali gabeko konpresore horren uhalak, esate baterako, zertarako ematen duen bidea, arriskurako, ala kalterako. Morris hiztegian hazard jartzen baduzu, gaizpide ematen dizu, arriskurekin batera. Hiztegi Batuan badago gaizpide, bai eta kaltebide ere.

Aldiz, argi dago risk/riesgo/risque kontzeptu kuantitatiborako gorde behar dela arrisku; izan ere, «zerbait gertatzeko arrisku handia/txikia dago» esaten dugu euskaraz.

Hartara, modua izango genuke kontzeptu giltzarri horiek bereizteko:

Arrisku-eragilea/gaizpidea/kaltebidea: estali gabeko konpresoreko transmisio-uhalak, konpresore horien diseinu txarra.
Arriskua: uhal horiek erabiltzean langileak kalteren bat jasateko probabilitatea, eta kalte horren larritasuna.
Kaltea/gaitza: langileari etor lekizkiokeen ondorio txarrak.
Larritasuna: kalte edo ondorio txar horien munta.

Beste bide bat ere bururatu zait, baina ez dut uste hobea denik: jatorrira jota, hor dago, orobat, hazardekin batera testuinguru horretan agertu ohi den beste hitz bat: threat, «mehatxua». Hartara: mehatxua, arriskua, kaltea eta larritasuna.

Ados, ez bata ez bestea ez dira izango segur aski soluzio bikain gorenak, baina nire hau Maite Imazek azaldutako arrazoibidean oinarritua den bezala, beste norbaitek hau irakurrita izango du agian burutazio bikainen bat?

Guztiarekin ere, arazoa ez da, jakina, elikagaien segurtasunera edo lan-osasunera mugatzen. Askoz zabalagoa da. OME erakundearen esteka horretan sartu eta testu osoa irakurtzen baduzue, edo puntoycomako artikulu osoa, edo Euskaltermen hazard hitza sartu eta ordainei begiratzen badiezue, ohartuko zarete zenbateraino zabalduta dagoen arazoa. Izan ere, risk eta hazard horietatik abiatuta beste hainbat kontzeptu eraiki dira, eta kontzeptu horien itzulpenetan nahasmendu handia ageri da, bai gaztelaniaz, bai euskaraz. Eta, hortik, nire bigarren baina: ez ote da beranduegi arazoa konpontzen saiatzeko? Aspaldikoa da kontua, eta izugarri hedaturik dago nahasmendua, jakintza-arlo ugaritan. Lan handia geneukake sukaldea txukuntzen…

6 erantzun “Arriskuak eta kalteak” bidalketan

  1. Ez nuen Itziar Otegik eta Maite Imazek azken post biotan aztertu duten arazo terminologiko honen berri, baina oso interesgarri eta oso jakingarri egin zait.

    Gauza batek, gainera, asko poztu nau. Esango nuke euskaraz proposatu den bereizketa —«arrisku» vs. «arriskubide»— beste hizkuntzetakoa baino gardenagoa dela. Itziarren galderari —«Behar bezain gardenak eta funtzionalak al dira ordain horiek?»—, beraz, baietz erantzuten ausartuko naiz.

    «Arrisku-eragile» eta «kaltebide» ez zaizkit txarrak iruditzen, baina «arrisku» / «arriskubide» bereizketari gardena eta dotorea deritzot.

  2. Esatera noanak ez die arrazoirik ez arrazoibiderik kendu nahi Itziarren eta Maiteren ekarpenei, eta seguru aski larunbat goiz euritsu batek eragindako ergelkeria bat baino ez da izango. Bi kontu dabizkit bueltaka gai honen inguruan: batetik, batzuetan badirudi beti gaudela (europarrok, esan nahi dut) Estatu Batuetatik datozen berritasun terminologikoei hipnotikoki begira eta bat-batean konturatzen garela ustekabean geneukan hutsune lexiko edo terminologiko batez.
    Eta, bestetik, terminologiaz ari garela, oso errotuta daukagu euskara garbiarekin bakarrik erantzun ahal diegula behar terminologiko berriei: gure euskara zaharrak gai izan behar du, derrigor, bere ondare lexiko zahar eta garbiarekin bakarrik asetzeko mundu modernoko berritasun guztiei. Horrela, sekulako errebueltak ematen diogu ondare lexiko (urri samar) horri eta ate guztiak ixten dizkiegu maileguei.

  3. Barkatu, esaldia bestela amaitu nahi nuen:

    […] «arrisku» / «arriskubide» bereizketari gardena eta dotorea deritzot, eta euskal hiztunaren intuizioarekin bat datorrela.

  4. Ez dut esango hartutako aukera ona ez denik, baina maiz iruditzen zait hitz “homologatu” gutxi batzuekin (gehienez ere, oraingoan bezala, eratorpena erabilirik) konponbidea eman nahi zaiola terminologia modernoaren auziari.

    Horrek pentsarazten dit agian sortzen ari dela hizkuntza homogeneo eta monotono bat. Aukeran, nonbait, nahiago dugu seguru jokatu eta “arrisku” bezalakoak albait gehien ustiatu, ezen ez erabili gure ondareko hitz ukiezin asko (peril, lanjer, galzori). Nolabait, iruditzen zait holakoak oraingoz linboan egotera kondenatuak daudela.

    1. Terminologia Batzordeak 2009an onartutako Ingurumen hiztegian “galzori” jasota dago:

      eu galzoriko espezie (4)

      Definizioa:
      Eragiten dioten faktoreei garaiz aurre egiten ez bazaie, irauteko aukera gutxi eta betiko desagertzeko arriskuan den landare- edo animalia-espeziea. Hainbat legedik zehazten du galzoriko espeziea zer den, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoarenak eta Nafarroako Foru Komunitatearenak.

      es especie en peligro de extinción
      fr espèce menacée de disparition
      espèce menacée d’extinction
      en species in danger of extinction
      endangered species
      species of near-extinction

  5. Maileguei buruz Koldo Bigurik esaten duenarekin ados egonda ere, Asier Larrinagak dioenarekin oraingoan bat nator: niri ere gardena iruditzen zait: arriskubide/arrisku bereizketa. Bestela, eta ez badut gaizki ulertu, arrisku-iturri/arrisku bereizketa ere plantea liteke, agian. Baina, ikusitako aukera bideragarrien artetik, gogokoen arriskubide/arrisku dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude