Gutarrismoa eta itzultzaile ikusezina

Santi Leoné

Joan den uztailean Baionan egin nuen ikastaro batean (interesgarria izateaz gain, ikastaroak bi egunez sanferminetarik ihes egiteko aukera eman zidan; beraz, esker mila anitz UEUri), Ibon Uribarrik erran zuen maiz saiatzen dela itzulpenak itzulpen direlako arrastoak ezabatzen. Jatorrizko testu baten bertsioa izanik, zenbaitek bigarren mailakotzat jotzen dute bertze hizkuntza batera ekarririko testu hori, eta, horren ondorioz, batzuetan saiatzen da bekatu hori ahal den heinean atzenarazten.

Erabat ikusezina izan gabe, itzultzailearen izena, kasu gehienetan, neketan ailegatzen da liburuen azaletara. Gure auzo erdaretan, behinik behin, ez da ohikoa –ez Folio-n, ez Anagrama-n, ez J’ai lu-n, ez Libros del Asteroide-n–, salbuespenak badira ere, hala nola Acantilado edo Gallimard-eko Du monde entier bilduma. Euskaran, ordea, ez da batere arraroa itzultzailearen izena egilearenaren azpian agertzea liburuaren azalean. Beharbada horregatik (eta gurea mundu txikia delako) egiten dut euskaran bertze hizkuntzetan egiten ez dudana: liburu bat itzultzaileagatik aukeratu. Behin baino gehiagotan, itzultzailea nor den ikusita erosi (eta irakurri) baitut berez jatorrizko bertsioan erosiko nukeen liburu bat (hala jokatu nuen Grégoire Bouillierren Txostena niri buruz-ekin, adibidez), edo bereziki erakartzen ez ninduen eta, beraz, espainolez erosiko ez nukeen liburu bat (errate baterako, hori izan zen Denon Artean argitaletxeak kaleratu zituen Milena Agusen bi liburuen kasua).

Gauzak konplikatu egiten dira euskaraturiko liburuak euskal gaia (hori zernahi delarik ere) euskal publikoari begira lantzen badu. Hau da, gure hizkuntzara bihurturiko liburua erdaraz sorturiko «euskal» liburua bada. Arima salbu, gutarra bada, alegia. Hori, adibidez, ez da Dolores Redondoren Zaindari ikusezina-rekin gertatzen, bistan baita euskal kutsuak kanpoko merkatuan liburuari exotismo puntu bat emateko balio duela, eta egileak ez duela bere burua euskal literaturaren partetzat hartzeko inolako interesik. Euskal koloreko literatura espainola (eta komertziala) da, eta –nafar thrillerra izendatuta ere– ez du bertzelako asmorik. Irakurleak aise harrapatuko du itzultzailearen izena lehen orrialdean.

Diferentea litzateke, ordea, egilea gutarikoa balitz, eta bere burua gutar gisa aurkeztu nahiko balu. Toti Martinez de Lezearen liburuen itzulpen batzuk ikusita, behin baino gehiagotan nire buruari galdetu izan diot ea egilea euskaraz idazten hasia ote zen. Zinez detektibe lana eskatzen baitzuen esku artean nuena itzulpena zela aurkitzeak. Hala da, adibidez, Maria Galanta, Abadesa nobelaren kasuan: itzultzailearen izena (itzulpen enpresa batena, hain zuzen ere) bilatu egin behar da, ez zaizu bidera aterako, bertze liburu batzuetan (argitaletxe bereko Dolores Redondoren liburuan, konparaziora) ohikoa den bezala. Hortxe dugu Uribarrik Baionako ikastaroan aipatu printzipioa muturrera eramanda: itzulpenak bere buruaren aztarna guziak ahalik eta hobekien ezabatu ditu, produktua jatorrizkoa balitz bezala pasarazteko. Gutarrismoaren bideak misteriotsuak dira, zinez, baina baita eraginkorrak ere: lagun baten semea Martinez de Lezearen liburu bat irakurtzen ari da institutuan, eta, aitak kontrakoa erran artio, euskaraz sorturiko testua leitzen ari zela uste zuen. Tira, ez da hori makurrena: irakasleak berak ez zekien itzulpen bat lantzen ari zela bere ikasleekin.

Erantzun bat “Gutarrismoa eta itzultzaile ikusezina” bidalketan

  1. Irakasleek mutur makur asko ezagutzen dituzte… Nire faboritoa hau da. Idazle batek erdaraz egokitzen (?) du euskaraz sortuta den zerbait – ipuin bat, esaterako. Gero, idazlearen ipuin egokitua euskaratzen da (euskara modernoz jakina), ume euskaldunek irakur dezaten eta besteek euskara ikas dezaten. Eta ipuin horren hizkuntza Amerika bezain urrun dago jatorrizkoaren hizkuntzatik !
    Adibide bat.
    1) Jatorrizko ipuinean: “Zer duzu nigarrez”?
    2) Erdaraz idatzian “Qué te pasa, por qué lloras?”
    3) eta jatorrismorik gabeko euskaraz: “Zer gertatzen zaizu? Zergatik nigar egiten duzu?”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude