Eneko Bidegain
Gaur egun, eta beharbada azken hiruzpalau belaunaldietatik hona gutxienez, deituren edo abizenen ortografiak egonkorrak dira. Kasu ohikoena hartzeko, Etcheverry aitak Etcheverry abizena utziko die haurrei, aitatxik zuen bezala; eta Echeberri deiturarekin sortu zenaren seme-alabak Echeberri izanen dira, ez Etcheverry, ez Etxeberri. Baina XIX. mendeko eta lehenagoko ezkontza, sortze eta bataioetako aktetan, abizenak ez ziren beti modu berean idatzirik agertzen.
Hego Euskal Herrian aski sinplea da abizenak euskalduntzeko prozesua. Ipar Euskal Herrian, ordea, buru-hauste handiagoa da: deitura aldatzeko aukera badago, baina ez irizpide beren arabera; eta prozesua bera luzea da eta 100 eurotik gorako kostua du. Besteak beste, Journal Officiel Frantziako aldizkari ofizialean argitaratu behar da deitura aldatzeko xedea. Horrek berak ez du bermatzen aldatzeko eskaera onartuko dutenik.
Abizen ofizialaren ortografia aldatu gabe ere badago lanik egiteko, gehienek ohitura dutelako beren abizena nortasun agirian idatzia duten bezala jartzeko. Elkarrizketa egiten banion bati, maiz zehazten zidaten Etxeberri «tch»-rekin zen edo zer. Eta nik nire baitan: «nahi duzuna, baina Etxeberri idatziko dut, gure egunkarian euskaratzen ditugulako Euskal Herrian bizi direnen euskal abizenak».
Frantses ortografian idazteak badauka ondorio txar bat, Ipar Euskal Herrian bereziki: gure abizenak frantsesez ahoskatzeko joera dagoela, guztiz desitxuratuz. Eta hori ez bakarrik frantsesez mintzo garenean, baita euskaraz mintzo garenean ere. Are txarrago, garbiki euskaraz idatzita dauden abizenak ere frantses ortografiaren arabera ahoskatzeko joera dago, baita Iparraldeo euskarazko irratietan ere.
Lan sakona dugu egiteko gure baitan, gure buruetatik kentzeko frantsesezko ahoskatze modu hori. Ohartu behar dugu «Mendiburr» (Mendiboure, idatzita) ahoskatzen dugunean, buru-buztanik gabeko zerbait erraten ari garela, «buru»-ri r bikoitza jarrita eta u kenduta. Baina bereziki ohartu behar dugu horrela ahoskatzen dugunean agertzen zaigula zenbateraino barneratua dugun frantsesaren eragina, gure nortasuna gure hizkuntzan berean ukatzeraino.
Euskal Herri espainoleko radioetan, sarritan esaten dira apellidu euskaldunak pronunziazio castellanoz: Olaizzzola, esaterako, zzz castellanoz, Olaisola esan beharrean. Dena den badago Bilboko Herri Irratian pronunziaten duenik “Biskaia”, Bizzzkaia-ren ordez, castellanoz egiten duenean ere.
Kaixo, Luis.
Olaitzola da berezko deitura, T-rekin. Nafarroa Garaiko Olaitz herritik Oiartzunera duela mende batzuk joandako batek ola eta baserria eraiki zituenetik Olaitzola bezala jasota baitago. Gaur egun zutik dirau eraikin horrek, etxe eta jatetxe bilakatuta, Oiartzungo Ergoien auzoan.
Jendeak bere deiturarekin zer egiten duen kritika dezakegu, bai, baina jendeak esango dizu bere deitura bere “maneran” ahoskatuko duela, “beti” egin izan baitu hala. Eta horra, gustuko izan ala ez, hautu hori errespetatzea izan ohi da nire aukera, hasiera batean, bederen.
Arazoa da jende horrek, askotan, ez duela “betiko” ahoskeraren ustezko arau hori bere deiturarentzat bakarrik gordetzen, eta besterenak ere erraietaraino errotua dugun erdal ohituren arabera ebakitzen dituzte.
Adibide etsigarria izan liteke zuretzat, Eneko, honako hau: nik neronek zure deitura [videgẽ] ahoskatua entzuna diot, behin baino gehiagotan, iparraldeko euskal idazle bati.
Nire buruari galdera hau egiten diot, hortaz: zergatik errespetatu, beraiek errespetatzen ez dutena? Hor ikusten dut zure hautuaren zilegitasun erabatekoa: “nahi duken bezala esantzak, nik nahi duten bezala idatziko diat”.
Eta horretan aritu beharko dugu, oraindik ere, denbora luzean.
Mila esker erantzunengatik.
Nik ere maiz entzun dut nire abizena zuk diozun bezala ahoskatuta, eta belarriko mina egiten dit, bai.
“Ipar Euskal Herrian bereziki: gure abizenak frantsesez ahoskatzeko joera dagoela, guztiz desitxuratuz. Eta hori ez bakarrik frantsesez mintzo garenean, baita euskaraz mintzo garenean ere”
Hegoaldean berdin da.
Adibidez, ez dakit Resurreccion Maria Azkueren kasua baino “euskaltzaleagorik” aurkitzerik dagoen (besteak beste, berak esan zuen argi eta garbi deiturak hizkuntzaren arabera idazten direla hizkuntza guztietan, eta horrela egiten zuen bere testu guztietan, baita gaztelaniaz ere). Hori, duela ehun urte pasa, abertzaletasunik ere existitzen ez zenean. Baina gaur egun, Euskaltzaindian bertan, oso-oso arrunta da “AZkue” ahoskatzen entzutea, alegia, gaztelaniazko zetarekin. Erran nahi baita, euskarazko jardun guztiz arruntetan. Hori, Azkuerekin. Bada marka.
Gogora dezagun, bide beretik, azken mendean behintzat euskal deiturak euskal erara ahoskatzea boronokeriatzat hartua izan dela sozialki, eta irudipen hori, inkontzienteki bada ere, oraindik bizi bizirik dagoela euskaldun guztiz gehienen espirituan, baita Hegoaldekoetan ere. Hori da, nire ustez, fenomenoaren esplikazio nagusia. Jendearen hautu pertsonala eta hori guztia oso errespetagarria da, noski, baina ez du ezer esplikatzen. Fenomeno sozial baten aurrean gaude eta horrek esplikazio sozial bat behar du.
Zeren, zer esan nahi dugu esaten dugunean euskara zapalduta egon dela, adibidez, azken mendean? Zer esan nahi dugu, adibidez, esaten dugunean emakumeak zapalduta egon direla azken mendean? Bada, zapalkuntza horien mekanismoak erraietaraino sartuak ditugula denok, eta ez direla egun batetik bestera ezabatzen, ezta emakume kontzientziatuenarengan ere, emakume hori gizarte batean bizi da, eta ezin du gizarte horren balio sozialez guztiz kanpo jardun. Euskaltzaleon kasuan berdin.
Barkatu txapa, neuk ere arazoak ditut nire deituraren idazkera edo ahoskerarekin (hau irakurtzen ari zareten gehienok bezala).
Biba zu Eneko!!
Bazen ordua Iparraldeko norbait gai honetaz jabetzea. Zuk diozun moduan desitxuraketa ez da bakarrik ortografikoa baizik eta ahozkerakoa ere bai.
Ea ba zure jardunbideari jende ainitzek jarraitzen dion, euskaltzainek barne…
Reblogged this on blogberri.
Niri Espainian La Razón eta ABC kazetek euskal izen-abizenak itxuraldatzen zituztenean gaztelaniaz emateko mina eta amorrua sorrazten zidan. Gauza bera Berriak izen-abizenak aldatzen dituenean. Guztiz orokortze prozesuek dogma eta pentsamendu bakarrera garamate, nire aburuz. Nola aldatuko diot nik abizena edo izena Jean Haritschelhar bati, edo Eduardo Chillidari? Kazetariak idatzi duena, “berdin zait zuk zure izen-abizena nola idazten duzun esatea eta hala idaztea eskatzea, nahi dudana idatziko baitut” pentsamoldea ere agertzea, nor da inor lagun baten izen-abizenak aldatzeko! Eta bide batez Mariano Rajoy, j-z idazten da; Letizia, z-z; Bidegain, b-z; eta Carlos, c-z; ez nik esaten dudalako, edo Berriaren estilo-liburuak esaten duelako, baizik eta lagun horiek halaxe hautatu dutelako, inori kalte egin gabe.