Poxpola

Aiora Jaka Irizar

Aurten izan naiz ama lehen aldiz, eta alaba jaio denetik horixe da etengabe ahotan darabildan hitza: «poxpola». Ez «bihotza», ez «laztana», ez «maitea»; niri «poxpola» ateratzen zait. Halaxe deitzen zidan niri amak umetan, eta, hogeitaka urtean ahaztu antzean izan dudan arren, alaba jaio orduko automatikoki atera zait berriro: «poxpola».

Oso hitz polita, gertukoa, goxoa… iruditzen zitzaidan arren, senak esaten zidan ez nuela ohiko hiztegietan behintzat erraz aurkituko, eta horixe konfirmatu zidan nire lehen bilaketak. Euskal hiztegi nagusiak kontsultatu, eta «poxpolin(a)» bai, baina «poxpol(a)» ez nuen inon topatu, ez bada Azkueren hiztegian: «poxpol (G-goi-to): Agallón, excrecencia de roble con que juegan los niños»; baina, hasiera batean, erabat baztertu nuen nire adjektibo polita hain definizio mordoiloarekin lotzea.

Amari galdetu nion, beraz, nondik atera zuen hitz hura, eta zer esan nahi zuen zehazki. Esan zidan bere ezagun batek «poxpolo» deitzen ziola semeari, gorputz argala eta buru handia zituelako nonbait, eta ziurrenik horregatik hasiko zela bera niri «poxpola» deitzen. Erantzun hark, baina, ez ninduen erabat konbentzitu (ez dut uste inoiz oso buruhandia izan naizenik, ezta bereziki argala ere, eta, gainera, uste dut amak «maitea», «polita», «moñoña»… zentzuan erabiltzen zuela hitza). Kontu hari bueltaka ari nintzen batean, txikitan ikastolan kantatzen genuen kanta batez gogoratu nintzen:

Han urrun etxe poxpola, hola, hola,
tximinitik gora kea dariola, hola, hola.
Gaintxoan arbola, zelai erdian,
erreka pol-pola etxe atarian,
eta tralala, eta tralala,
dena txiki, txiki, txikia, hola.

«Etxe poxpola» dio kantak (laugarren lerroan «erreka poxpola» genioen guk, baina badirudi «erreka pol-pola» dela berez); «poxpola» ez da, beraz, gure amaren asmakizuna. Hark ere entzuna zuen nonbait hitz hura. Kanta haren letrak ahaztuxeak nituela-eta, Interneten bilatu dut kanta osoa, eta orain arte ez nekizkien hainbat kontu interesgarri ikasi ditut:

Jakin dut Txirri, Mirri eta Txiribitonek baino lehenago isilpeko ikastoletako andereñoek kantatzen zutela abesti hura. Eta Jose Ignazio Ansorena «Mirri»-ri esker jakin ahal izan dut Émile Jaques-Dalcroze (1865-1950) suitzar musikari, konpositore eta pedagogoarena dela doinua. Euskarazko hitzak, Ansorenaren arabera, Debako Joseba Markiegi (1894-1936) apaiz, idazle eta itzultzailearenak dira, Peli eta Polentzi ezagunagoen anaia zaharrarenak hain zuzen. Kantaren euskarazko bertsioa gerra aurreko urteetan kaleratu zen euskal prentsan behin baino gehiagotan (1932an Euzkadin, 1933an Txistularin eta 1934an Argian), baina ziur aski 1933an argitaratutako Saski-naski. Poxpoliña. Jolas-abestiak liburuari esker lortu zuen zabalkundea. 1932koan, ezagutzen dudan lehenengo argitalpenean, Lekuona (Manuel Lekuona, zalantzarik gabe) aipatzen da egile moduan.

Émile Jaques-Dalcrozek haurrei musika irakasteko erritmoan eta mugimenduan oinarritzen zen metodo berritzaile bat proposatu zuen XX. mendearen hasieran, eta metodo hark berehalako arrakasta izan zuen Europako hainbat herrialdetan. «Han urrun etxe poxpola» kanta ere keinu eta gorputz-mugimenduen laguntzaz kantatzeko abesti bat da, hain zuzen (han ibiltzen ginen gu ikastolan, eskuekin «hola, hola» egiten, etxe poxpolaren teilatua eta hormak deskribatzen). Kanta hura bera katalanera egokitu omen zuen Jaques-Dalcrozeren ikasle izandako Joan Llongueresek, eta bertsio katalan hartatik euskaratu omen zen haur-abestia.

«Poxpola» hitzaren esanahi zehatzari buruz zer edo zer argituko zidalakoan, beraz, katalanezko bertsioa bilatu dut:

Allà dalt hi ha una caseta, així, així,
amb un fum que vola per la teuladeta, així, així.
té una finestreta i un petit jardí
i una fonteta al mig del camí.
Tra la ra la la ra la la la
Tot és petit, petit, molt petit, oidà.

Horren arabera, beraz, «una caseta» itzultzeko erabili du itzultzaileak «etxe poxpola». Argi dago ez dela hitzez hitzezko itzulpena, nolabait egokitu egin baitu katalanezko bertsioa euskaraz erritmoa eta errima mantentzeko, baina argi dago etxe poxpola «una caseta» dela, hots, etxe txiki, ziurrenik polit bat. Eta Jaques-Dalcrozeren beraren jatorrizkora jota gauza bera ikus liteke: etxe poxpola «une maisonnette» da jatorrizkoan:

Il est une maisonnette, comm’ ça, comm’ ça;
De la fumée blanch’ sort de la cheminette, comm’ ça, comm’ ça;
Un’ petit’ pelouse, un petit sapin,
Un’ petit’ fontaine, un petit jardin.
Tra la la, la la la la, la
tout est petit, petit dans cett’ maison-là.

Ezin dugu jakin itzultzaileak berak kanta hau itzultzeko asmatutako adjektiboa den «poxpol(a)», baina badirudi idatziz behintzat hark erabili zuela lehen aldiz.

Gerora ez dirudi hitzak zabalkuntza handirik izan duenik, Eusebio Erkiagaren 1968ko testu batean baizik ez baitut berriro ikusi: Araibar zalduna liburuan bi aldiz ageri da «poxpola» hitza:

—Politak dituzu izan ere, ba, begiak! —ziotsan Manu-k poliki, neskatxa poxpolari.

Beste poxpola aiek, toldo baten aldamenean etzin ziran, ondar bero gaiñean luze luze.

Esanahiari dagokionez, beraz, pentsatzen dut Orotarikoak «poxpolin» hitzari ematen dizkion lau adieretatik bigarrenarekin lotuta dagoela:

2. pospolin (V-gip). Ref.: A (pospolin); Elexp Berg (pospoliñ). “Persona linda y graciosa y pequeña” A. “Nombre con el que se denomina cariñosamente a las niñas.

Berez pertsonak eta batez ere neskak izendatzeko erabiltzen bada ere,  Orotarikoko azken adibideak bestelako aukerak ere zilegi direla iradokitzen du:

Ze moduz dabill gure pospoliña? Zuen neskatillia dago pospoliña” Elexp Berg. Cf. VocNav s.v. pospoliña.
Ekatzu patxo bat poxpoliñ, ekatzu patxo bat, arrosatxoa. Ag G 74.
Musikari pilla bat mutur batean ta Elizondoko neska poxpoliñak egurasten joan-etorrian. Anab Poli 80.
Aitonaren belaunetara atxiki kontu eskean billakatu genitun poxpolin zoragarri aiek ziaro gordindu zaizkigu. Etxde JJ 214.
Belenen sortu zaigu, / –krixkitin kraxkitin– / Jesustxo poxpolin. NEtx LBB 304.
Orain bideko erriak ezik, Santesteban poxpoliña! urrutiko erriskak ere ikusten ziran. Anab Poli 72.

Egia da ebidentzia idatzi askorik ez duela hitzak, baina, «etxe poxpola» kantaren historia kuriosoagatik besterik ez bada ere, uste dut mereziko lukeela sarreratxo bat gure hiztegietan. Haurrentzako jolas-abestiak euskaratzen jardun zuten idazle-itzultzaileak eta ezkutuko ikastoletan kanta haiek irakasten aritu ziren andereñoak omentzeko modu polita litzateke. Hauxe, beraz, hiztegigileentzako nire proposamena:

poxpol: gauza edo pertsona txiki, polit, lirain, panpoxa. Han urrun etxe poxpola, hola, hola; tximinitik gora kea dariola, hola, hola.