Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Itzultzaile guztioi gertatu zaigu, askotan gertatu ere, ezin ulertuzkoa zaigun hori itzuli beharra. Administrazioan dihardugunok, behintzat, maiz ibiltzen gara gaztelania jasoan hain hedatuak eta askorendako hain gustagarri —eta imitagarri— diren mordoilokeriak euskarara nola ekarri ezin asmatuz. Zerga jakin bat ordaintzeko jarraibideetan honako esaldia itzuli beharra egokitu zitzaidan aurrekoan:
«Cumplimentarán este impreso los sujetos pasivos que se indican a continuación:
(…)Igualmente, los sujetos pasivos de dicho Impuesto que vayan a ser destinatarios de prestaciones de servicios cuyo lugar de realización a efectos de aquél, se determine efectivamente en función de cual sea el Estado que haya atribuido al adquirente el Número de Identificación Fiscal con el que se haya realizado la operación».
Jarraibideak ziren, helburu jakin bat omen zutenak, hots, jendeak jakin eta uler zezan nori tokatzen zaion pagatzea.
Halako esaldiak irakurtzen ditudan guztietan Chrissie Maher etortzen zait burura, Plain English kanpainaren sortzailea. Hizkera juridiko-administratibo ilun hori ez baita gaztelaniaren berezitasuna, nahiz eta egia den azken urteotan hizkuntza molde ulergaitz horren kontrako kritikak eraginkorragoak izan direla Europako beste hizkuntza batzuetan, hala nola ingelesean. Erresuma Batuan, 70eko hamarkadan abiatu zen Plain Englisharen aldeko mugimendua, herritarrok agiri administratibo eta burokratikoak ulertzeko dugun eskubidea berma zedin. Plain Language Movement etorri zen gero; Maite Imazek bikain azaldu zituen mugimenduaren nondik norakoak Estilo jarraituaren alde testua zela-eta idatzi zuen erantzunean. Maitek bere erantzunaren bukaeran zioena berreskuratu nahiko nuke hemen: «aztertu beharko da, baita ere, Plain Language mugimenduak zergatik ez duen eragin handirik izan itzultzeko etortzen zaizkigun testuak gaztelaniaz idazten dituztenenengan. Baina esaldiak etetearen kontu hori ez da euskararena bakarrik; ez da soilik euskararen senaren izenean egiten den zerbait». Izan ere, ni oso bat nator Donatok, Ogasun Departamentuko segurtasun-jagoleak, aurreko egunean aipatu zidanarekin: «La gente está muy indefensa; no se hace ningún esfuerzo por escribir las cosas de forma sencilla, para que la gente normal lo entienda, vamos, y eso no está bien; leen en el papel “sujeto pasivo” y les entra ya como una angustia…».
Bada halako hizkera konprenigaitzari antidemokratikoa irizten dionik ere. Hizkuntza bihurri hori ez baita soilik teknolekto baten isla hutsa, gure gizarteko botere harreman zehatz batzuk ere uzten ditu agerian. Gure esku dago zer-nolako testuak sortu euskaraz, eta komeni da garbi izatea gure egoera soziolinguistikoek Plain Language Movementekin bat egitera behartzen gaituztela ezinbestez (eta zorionez).
Erabat ados ezaten duzunarekin; baina, berehala sortzen zait zalantza: itzultzaileok hartu behar al dugu gure bizkarren gainean testuak azpikoz gora aldatuz ulergarri bihurtzeko ardura? (Barkatu, “hermeneutika-papera” jarri nezakeen, baina ni ere “plain euskara”ren aldekoa naiz) Eta, behar bezalako prestakuntza al dugu horretarako? Agian, mugimendu horren bultzatzaile izan beharko genuke, gure indarren neurritxoan. Baina gehiago eskatzea…
Esaten duzunaren teoriarekin ados nago, Itziar. Baina teoria horretatik abiatuta gauzatu daitekeen praktikak bertigo pixka bat baino gehiago ematen dit, nire ustez gehiegikeria askotxo egin baita, euskaraz, “plain”tasun horren izenean, ideia nagusi bat oinarri hartuta: ahozko euskararen eredua ezarri nahi izatea baita idatzizko testu jasoetarako ere.
Bestetik, pentsatzen dut “Plain English”a ez dela izango Wikipediako “Simple English”a, ezta?
Xabier, ez dakit zer den Wikipediako “Simple English” hori. Honatx Plain English Campaign taldearen web orria:
http://www.plainenglish.co.uk/about-us.html
Adibide xume bat, aspaldikoa, baina Itziarrek esaten duena indartzeko balio dezekeena.
Nire lehen itzultzaile postuan, gaztelera hutsean zeuden Udaleko inprimakiak euskaratzea egokitu zitzaidan. “Hutsuneak bete” tankerakoak ziren gehienak; gutxi gora behera honelakoak: “El abajo firmante….. vecino de…, con domicilio en…. “. Eta, bukaeran, “es gracia que espera obtener de V. llma. cuya vida guarde Dios muchos años”.
Zorionez, ez nuen zehaztu behar izan Vuestra iustrísima hari nola idatzi behar zitzaion, zuka edo berorrika, inprimakien ardura zuten teknikariekin adostuta guztiz aldatu baitzen orrion formatua. Handik aurrera, testuetan, lehendabizi zer datu eskatzen zen azaltzen zen -Eskatzailearen izena/Nombre del solicitante, adibidez- eta gero uzten zen herritarrak betetzeko tartea.
Bide batez, ordurako estatu laiko batean bizi ginela ohartarazi genituen ohartarazi beharrekoak, eta gaztelaniaz ere desagertu zen Jainkoaren aipamena.
“Bada halako hizkera konprenigaitzari antidemokratikoa irizten dionik ere. Hizkuntza bihurri hori ez baita soilik teknolekto baten isla hutsa, gure gizarteko botere harreman zehatz batzuk ere uzten ditu agerian.”
Guztiz ados. Despotismo burokratikoaren ezaugarri nabari bat darabilen hizkera berezi hori da. Beldur naiz, ordea, arazoa itzultzaileen ahalmenetik kanpo dagoela (ia) guztiz; kasuren bat gerta daiteke, oraintxe bertan Begok dioskuna bezalakoa, baina oro har burokrazioaren “makina” gure helmenetik kanpo dagoela iruditzen zait.
Horrelakoetan, gainera, Mariano José de Larrarekin gogoratzen naiz: testu gogoangarriak idatzi zituen horretaz, nik neuk eskolan irakurri nituenak (agian zuetako batzuk ere). Pentsa ezazu, idazle guztiz goratu eta kanonikoa Espainian (eskola-liburuetan erreferentzia obligatua, lehen behintzat), salaketa latzak egin zituena duela 150 urte… eta gaur egun, berdin antzera dabil kontua. Espainian, jakina (edo hemen ere bai?).
Bide batez, eta aukera profitatuz: bertsolaritzaz ere idatzi zuen Larrak (gaztelaniazko bertsolaritzaz).