Nazio Batuakek?

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Nazio Batuakek» bilatu, eta –eskerrak!–, emaitza bakarra interneten. Zerk bultzatu nauen bilaketa xelebre hori egitera? Fagorren etxetresna elektrikoen arloa aipatzeko moduek.

Itxura denez, izena gaztelaniaz du enpresak, Fagor Electrodomésticos Koop. ageri da lantegiko fatxadan, baina hedabideetan izena euskarara egin diogu: Fagor Etxetresna Elektrikoak, batzuetan; Fagor Etxetresnak, gehienotan.

Kooperatibaren egoera albiste izaten hasi zenetik, plulareko izen bereziekin sortzen den tirabira azaldu zen berriro. Asteotan, konbinazio guztiak ikusi ditut erabileran:

  • Fagor Etxetresna da… (izena singularrean)
  • Fagor Etxetresnak dira… (aditza pluralean)
  • Fagor Etxetresnek dute…
  • Fagor Etxetresnak-ek dute…

 Eta azken hori latza egiten zait.

Pluraleko toponimoak euskaraz ematean, geuretu egiten ditugu. Berdin esaten dugu Pirinioetan zein Filipinetan, Malloek zein Amerikako Estatu Batuek. Eta elkarte eta erakundeen izenekin ere, berdin: Nazio Batuek (berez Nazio Batuen Erakundea), Petrolio Esportatzaileek (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea)…

Urruneko erakundeen izenekin, «Nazio Batuakek» bezalako lantzean behingo adibideak kenduta, ez dago arazo handirik. Etxekoekin, ostera, bai. Itzelezko begirunea-edo izan nahi zaio «jatorrizko izenari», eta bere horretan erabiltzera jotzen dute askok, euskararen senaren kontra eginda bada ere. Lantegi Batuakek, Iparretarraken

Marka errespetatu gura bada, badago beste aukera bat: «enpresa», «talde» edo dena delako izena erabiltzea makulu gisa: Gureak elkartea, Fagor Etxetresnak enpresa

Tranpa txiki bat egin dut: haritxo bati bakarrik heldu diot, badakit-eta izen berezi artikuludunei tiraka mataza lodi eta korapilotsua topatuko nukeela.

5 erantzun “Nazio Batuakek?” bidalketan

  1. Esango dut lehenengotic ze niretzat ez du raroric ezer izquiriatzeac ezen

    Fagor Etxetresnak-ec du …

    beharbada da sensibilitate contua eta apreciatione personaleco gorabeherea.

    Esan ahal da Durangoc (edo Durango-c, Durangoco udalac, Durangoco herriac, baina dudaric bague baita Durangoc, edo Eibarrec, Atharratzec, Parisec, … Somorrostroc. Guzioc daquiguna da ere ezen Tiroleco capitala edo behintzat hiriburua da Innsbruck. Noiz referitzen guinateque eta behar guenduque esan edo izquiriatu possible litzateque izquiriatzea edo esatea

    Innsbruck hiriac …

    baina ez derrigorrez holan baina baita, nire aburuz,

    Innsbruck-ec (edo Innsbruckec) …

    Nic ez dut ikusten ezein problemaric hortan. Zein litzateque problemea edo arazoa?

    1. Erramun, beharbada ez dut behar beste argi azaldu nire kezka. Arazoa ez da marratxoa. Arazoa da -ak + NORK / NORI / NOREN… egitea. Hau da, deklinatuaren gainean deklinatzea, goiko adibideetan bezala: Estatu Batuakek, Filipinaketan, Langile Batuaki, Etxetresnaken…

  2. Ez daquit honelatsuco arazoric duten hizcuntzac zeintzu diren declinatzen nola esateraco hizcuntza slavoac. Russoa lequiquen norbaitec laguntzen ahal luque puntu hontan, baldin plazer balu.

  3. Mataza diozu Iratxe, baina jadanik feltro egina da, desegin ezina. Zuk aipatzen dituzunak gero eta gehiago azaltzen dira, ahoz eta idatziz. Aski ridikuluak dira eta, agian, horrek – eta zuen lanak – galaraziko ditu.
    Baina beste batzuk konturatu gabe pasatzen dira. Pentsa zenbat Euskadi IrratiAko, EuskaltzaindiAko, BatasunAko, urtarrilAko. Toponimian ere, hortxe dituzu AjuriaeneAko, AgerreAko, LarreAko, IruñAko, KintoAko…

  4. Ba dago ere Etxerat (Etxe+rat) eta Herrira (Herri+ra) izeneco collectivoac eta guehiago.

    Galdetzen dut, jaquitea gatic soilic, ea honacoetan ere sortzen den problemaric, izquiriatuz esateraco Etxerat-ec (edo gaberic guidoia Etxeratec) eta Herrira-c, Herrira-co detenituac, (Herrirac, Herriraco, Herrira-ri ez diote eguingo epairic, Herira-ganeco suportea -guidoiarequin edo gabe-, eta holatsucoac).

    Horixe gatic aiphatu nuen hizcuntza stavoena non hitzac diren declinatzen ezen berbearen guibelean da ezartzen declinatione hain delacoaren marca. Beharbada russoz daquien batec lagundu ahal du ekarriric hona hango praxiaren berri honaco edo honelatsuco cauistican.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude