Lehiaketa baten izenburuaren harira

Koro Garmendia Iartza

Lehiaketa polit bat antolatu berri dute, haurrek gai jakin baten gainean egindako marrazki politenak-edo saritzea duena helburu. Toki dezentetan ikusi dut iragarrita. Ez da lehiaketa, haatik, lerrook idaztera bultzatu nauena; jarri dioten izenburua da deigarria iruditu zaidana: «7. Haurrentzako Marrazki Lehiaketa». Beste askotan ikusi ditut formula horri erantzuten dioten idazpuruak, eta beti eman didate zer pentsatua.

Lehiaketaren oinarrietan hizkuntzaren zuzentasunaren aldetik ikusi ditudan gorabeherak alde batera utzita, «zazpigarren» horren kokapenak ez nau konbentzitzen. Behin eta berriro han-hemenka irakurtzeak ez du, nire begietara, apropos bihurtzen. Pentsatzen dut lehenik eta behin lehiaketaren izenburu nagusia euskaratzeari ekingo ziotela ‒ez baitut uste euskaraz sortu eta gaztelaniara itzuli zutenik, nahiz eta poza hartuko nukeen oker banenbil‒, eta, hortaz, «Haurrentzako Marrazki Lehiaketa» finko samar zutenean, edizioa nonbait sartzeko premia sortuko zitzaiela, eta, urtez urte, konplikazio handiegirik gabe aldatzen joatekoa.

Gai honi nolabaiteko lotura ikusten diot duela ez asko Xabier Aristegietak blog honetan bertan egindako gogoetarekin (Izenlagunak beldurra ematen dit), euskaraz esaldiak josteko orduan ditugun joerak direla-eta. Hizpide dudan lehiaketa ez da «zazpigarren haurrentzako» lehiaketa, «zazpigarren lehiaketa» baizik. Ondorio horretara iristeko ahalegin ikaragarririk egin behar ez bada ere, ez dakit nik hori arrazoi aski sendoa den ondo adierazita dagoela baieztatu ahal izateko.

Buka dezadan nire ustez zuzenagoak diren bi aukera emanez: «Haurrentzako 7. Marrazki Lehiaketa» eta «Haurrentzako Marrazki Lehiaketaren 7. Edizioa».