Itzulpengintzaren mugaldeak

Bego Montorio Uribarren

Euskarazko ikus-entzunezkoekin (eta, zuzen edo zeharka, itzulpengintzarekin) lotura duten bi informaziok eman didate artikulu honetarako gaia. Lehena, euskarazko bikoizketaren egungo kinka larria izan da, Asier Larrinaga blogkideak «bikoizketa hilda dago» esaldiarekin laburbildu duen hori. Bigarrena, berriz, albiste pozgarri bat izan da, oso aurreraturik baititu Vicomtech ikerketa zentroak euskarazko edukiak automatikoki azpidatzi ahal izateko behar diren tresneria eta aplikazioak (Arantza del Pozo; Euskarabildua 2013.-Euskarazko ikusentzunezko edukien azpititulaketa automatikoa).

Gai horiek buruan nituela, ohartu naiz testuetatik harago doazen itzulpen jardunetarako bestelako hitz eta izendapenak erabili ohi direla, bai euskaraz baita inguruko hizkuntzetan ere; bestelako langintza batzuk barne hartzen dituzten hitzak edo horietarako ere balio duten izendapenak. Hainbeste non, batzuetan, guztiz nahasturik agertzen baitira itzulpena eta bestelako jarduna, definizioan bertan.

Horixe gertatzen da bikoizketarekin. Kontsultatu ditudan hiztegietan[1] beti agertzen dira loturik, modu batera edo bestera, diskurtsoen itzulpena eta horien grabazioa: substituer le dialogue en autre langue (ATILF), sustituir la voz en otra lengua (María Moliner), sustituir por la traducción (DRAE), Soinu bandan, jatorrizko hizkuntzatik beste batera itzuli (Harluxet).

Aurreko definizio horrek, esaterako, guztiz bat egiten ditu, «soinu bandan itzuli» esaldiaren bidez, bikoizketaren atzean dauden jardun edo ekintza biak –diskurtsoak itzultzea eta ahotsak ordeztea. Hortaz, Harluxet hiztegiak adierazitakoari jarraiki, bikoiztailea «soinu bandan itzultzen duen pertsona» dela esan genezake. Hori juxtu zer den? Nola egiten den? Galdetu egin behar! Nolanahi ere, esango nuke zehaztugabetasun horrek ez duela arazo handirik sortzen praktikan. Itzultzaileen artean gaudela, badakigu «bikoizketa» esaten dugunean ez garela ahotsen grabaketaz ari, eta ikus-entzunezko enpresek ondo dakite noiz eta zertarako deitu aktoreari edo itzultzaileari.

Azpidazketak ere badu anabasa ukituren bat, nahiz eta, kasu honetan, nahasmenduaren gakoa «Itzulia ala itzuli bakoa?» izan. María Molinerrek, adibidez, hau adierazten du subtítulo sarreran: Traducción de una película, documental, etc., en lengua extranjera, que aparece inscrita en la parte inferior de la pantalla. Hau da, azpidatzia itzulpena da. RAEk ordea, idazkunari berari esaten dio subtítulo, eta eransten du: normalmente con la versión del texto hablado de la película. Frantsesezko ATILF-ek ere formatuari ematen dio nagusitasuna, eta jatorrizko hizkuntza berean zein itzulita eman daitezkeela adierazten du.

Etimologiak etimologia (badira-eta pantailaren goialdean jartzen diren «azpidatziak»), esango nuke testutxo horien nolakotasuna eta erabilera aldatuz joan den neurrian zabaldu dela «azpidazki» hitzaren hedadura. Baina, gaurkoan, ez diet arrazoiei erreparatu nahi, mugaldeko kidetasun eta nahasmen horiei baizik.

Interpretearena da agertu gura dudan azken adibidea, nahiz eta lehena beharko lukeen, seguruen, ez baita alferrik esaten trujamanarena dela lanbiderik zaharrenetakoa. Bada, aldibereko itzultzaileek, interpreteek, bat egiten dute –izenean bakarrik?–, musikariekin, aktoreekin, baita exegetekin ere.

Bitxia gerta daitekeen arren, «itzuli, traduire, traducir» aditzak dira gehien azaltzen direnak interpretazioaren definizioan, baita antzerkiaz edo musikaz hitz egiterakoan ere. Hona zer jasotzen duen ATILF-ek: interpréter – THÉÂTRE, CIN., MUS. Jouer un rôle ou un morceau de musique en traduisant de manière personnelle la pensée, les intentions d’un auteur ou d’un musicien.

Hiru hitz baino ez, itzulpenetik antzerkira eta antzerkitik itzulpenera berriro bueltan etortzeko. Hiru hitz baino ez, harreman-sare zabal eta sarria ikusarazteko. Agerian uzteko lotura estuak dituela itzulpenak, besteak beste, zinemarekin, teknologia berriekin, antzerkiekin, irudiaren munduarekin, ahozkotasunarekin… Eta sakonekoak dira loturak, sendoak, lanbideaz gogoeta egiterakoan zer pentsa ematen duten horietakoak.


[1]Ez da bilaketa oso sakona izan, eta ez ditut hiztegietako azalpen guztiak, beren horretan, hona ekarriko, baina hauek dira erabili ditudan hiztegiak: euskaraz, Harluxet Hiztegi entziklpedikoa eta Elhuyar hiztegia (eu-es); gazteleraz, Diccionario de la Real Academia Española DRAE eta María Moliner, eta frantsesez, Le Trésor de Langue Française informatisé ATILF.

4 erantzun “Itzulpengintzaren mugaldeak” bidalketan

  1. Oso interesgarria, Bego, idatzitik haragoko itzulpenaren gaineko gogoeta hau.

    Azpidatziak direla eta, nik ez nuke «itzuliak» / «itzuli bakoak» bereizketa egingo, ez da-eta itzulpen-lan makala ahozko hizketa espontaneo eta librean esaten dena papereko arau zorrotz eta estuetara ekartzea.

  2. Zer pentsa ematen dute lotura horiek, egia da. Eta egia ere bada hiztegietan ematen dituzten termino horien definizioak zuk transkribatutakoak direla.
    Hirugarren egia anitza: pelikula batean erabilitako hizkuntza ulertzen ez badugu, eta horrenbestez, azpitituluak irakurri behar baditugu…
    a) fisikoki frogatuta dago pelikulak irauten duen denboraren %30 ematen dugula azpitituluak irakurtzen. Ez dut uste pelikula horren argazkien arduradunari grazia egingo dionik, ezta pelikuletan irudiekin gozatzea gustatzen zaigunoi ere.
    b) Azpitituluek luzera mugatua dute (hainbeste hitz hainbeste segunduko). Fisikoki ezinezkoa da elkarrizketak oso-osorik sartzea. Ez dut uste gionistei gidoien zati handi bat desagertzea gustatzen zaienik, ezta pelikuletan gidoiekin gozatzea gustatzen zaigunoi ere.
    c) Euskarari dagokionez: hizkuntza bat ikasteko eta menderatzeko (ingelesa, kasu) hain garrantzitsua baldin bada pelikulak hizkuntza horretan ikus-entzutea, zergatik ez dugu argudio bera erabiltzen euskararen kasuan eta erreibindikatzen ditugu euskarazko pelikulak, euskararen eta euskal zinezaleen mesedetan?

    1. a) Non dago frogatuta fisikoki hori? Ikerketaren bat baduzu? Zinezale suediarrek eta portugesek espainiarrek baino txarrago ulertzen dute pelikula, teoria horren arabera. Eskerrak Franco etorri zen azpidatzien ohitura lanjeros horretatik libratzeko.
      c) Guztiz ados, euskarazko filmak behar-beharrezko ditugu.

      1. Igual arrazoia eman beharko nizuke… Akabo itzulpenak! Ikus ditzagun pelikulak jatorrizko hizkuntzan! Irakur ditzagun liburuak ere jatorrizko hizkuntzan!
        Eta bide batez, esan diezaiegun katalanei eta galegoei oso oker dabiltzala hainbeste itzulpen eta hainbeste bikoizketarekin. Inozo haiek! pentsatzen dute bikoizketa ezinbestekoa dela hizkuntza minorizatuen normalizazioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude