Iñaki Segurola
«Behin batean bazen hemengo haitzuloetan Tartalo izeneko izaki erraldoi gaizto itsusi begibakar bat, jendea jaten zuena eta lasai bizitzen uzten ez zuena. Tartalo horrek burdinazko sugetzar super-azkar baten itxura hartu zuen egun batean, eta bazter guztiak txikitzen zituen, eta pobreentzat behar zen dirua beretzen zuen. Orduan gizaki batzuk ohartu ziren Tartalo izen horrek esan nahi zuela ‘tarta-lo’, eta pentsatu zuten Tartalori tarta goxo bat botatzea, betiko goxaturik lo geldi zedin eta geldi-geldirik eta inori kalterik egin gabe. Ez zeuden ordea batere seguru zuzen ari ote ziren, eta, badaezpada ere, joan ziren hizkuntzalari zuhurraren jauregira, eta galdegin zioten ea Tartalo-k berek uste zutena esan nahi zuen, eta hark erdeinuzko bekozko beltza jarriaz azkar eta zakar erantzun zien ezetz, eta zorakeriarik ez esateko eta are gutxiago egiteko, eta atera zizkien grekoa eta latina, eta tartaros edo tartarus aipatu zizkien, eta ‘lurpea’ edo ‘ilunpea’ esan nahi zuela, eta ez zuela deus ikustekorik tartarekin, eta joateko unibertsitatera gauzak nola ziren ikastera. Orduan, etsi-etsian, pentsatu zuten hobe zutela hizkuntzazale zoroarengana jotzea, eta halaxe joan ziren bere txabolara, arlote pobrea baitzen hura, agintaritza jakiundezkoak xemeikorik ematen ez ziona, eta hark esan zien ondo ari zirela, ez dudarik egiteko, eta Tartalo dela ‘tarta-lo’, lo harrarazteko tarta gozoa behar duena muturrean, eta ekiteko maitasunez eta bihotz garbiz. Eta erabakia hartu, ondo pentsatu, eta halaxe egin zuten zorioneko tarta-botatzea, baina baziren gizakien artean Tartaloren begi bakar horrek itsutuak eta liluratuak zeudenak, eta tarta-botatzaileei oldartu zitzaizkien eta kartzelan sartu nahi izan zituzten. Orduan, beste gizaki guztiak protestaka hasi ziren… eta hementxe gaude protesta egiten».
Badakit nere moduko hizkuntzalari (?) batek ez duela ondo ematen ipuintxoak idazten, baina hementxe uzten dut halere, jakin dezan munduak hor zehar dabiltzan esan-eginak hobeki sentipentsatzen direla ume-belarriekin entzunda.
Ni neu ere ez pentsa oso lasai gelditzen naizenik, ohartzen naizelarik unibertsitatean ikasitako jakintza ofizialak ez duela balio maite dudan jendeari laguntzeko, andre nafarkaxkar txoroharro bati Frantziako Tolosan muturra tartaz gozatzeagatik kartzelan bukatzeko arriskuan daudenei laguntzeko, hain zuzen ere. (Epaiketa, Espainiako Madrilen, hilaren 18an.)
Haurrok: jakin ezazue egia hutsarekin ez dagoela ondo bizitzerik, eta egia gexurrezkoak ere balio duela; aitadiruaren Gezur Haundiaren kontra, amalurraren gexurrak esaten ere asmatu beharra dagoela.
Giza-emakumeok: egia ez dago munduan; egotekotan, esanetan dago, buru-bihotzetako esanetan, itzulpen gaitzeko ipuinetan… eta holako tokietan.