Barkatu

Elixabete Perez Gaztelu

Oso ongi zergatik ez dakit, baina Koldo Mitxelenaren euskal gutunetako barka eskeez «hautatu zait orain begia». Litekeena da gutun askotan errenteriarrak barkamena eskatzen duelako izatea: 235 gutunetatik 62tan gutxienez, hala egiten du (gutunaren hasiera-bukaeretan maiz, erdialdean gutxiagotan). Areago; gutun bat, osorik, horretarakoxe idatzi du, barkamena eskatzeko. Hauxe:

NORBERT TAUERi

Pragara Donostian, 1963-III-6

     Adiskide maitea,

   Lotsaturik natorkizu, eta alare ez bear bezain lotsaturik. Badakit zurekin egin dudanak, zure eskutitzak eta eskeak orren luzaroan erantzunik gabe edukiaz, eztuela barkabiderik.

   Luzea litzake agertzea nola gertatu den olakorik. Arazo eta istillu tartean ibilli naiz azkeneko urte-erdi onetan, egin bear nituen eta aginduak neuzkan lanak ezin egin nituela ikusirik. Ori dela-ta, eta gaizki jokatu dut noski orretan, eginbearrak menderatuta bertan beera utzi ditut eginkizun asko, eskutitzak eta gaiñerakoak.

   Nere jokabide au barkakizun eztela dakidalarik, barka nazazula eskatzera ausartzen naiz. Leen etzait beiñere orrelakorik gertatu eta eztut uste aurrera ere, Jaunak lagun, orrelakorik gertatuko zaidanik. Zurekin egiten ari naizena beste frankorekin ere egin bearrean arkitzen naiz.

   Zuk bidali didazun aldizkaria zuzen jaso dugu emen. Oraindik nere Fonética histórica vasca artu nai baduzu, bidal ezazkidazu itz bi eta bereala igorriko dizut ale bat. Zor dizuguna ere, orain zor dizuguna, esaidazu mesedez eta bereala ordainduko dut. Gaur goizean egon naiz Labayen jaunarekin eta mintzatu natzaio orrezaz.

   Orrezaz bestalde, badakizu noski Lafitteren Grammaire basque agertu dela bigarren aldiz. Nai bazendu, eskuratuko nizuke zenbait egunen buruan. Alaber López Mendizabalen Manual de conversación castellano-vasco, laugarrenez au, baiña leen argitaraldiaren arabera. Au, ene iritziz, obea da tartekoak baiño.

   Barka ezadazu, otoi, ixillaldi luze au. Eta etzaiozula ixillarekin erantzun zure adiskide damutu oni.

Pentsatu dut egokia izan daitekeela Mitxelenak gutunetan barkamena zer dela eta eskatzen duen eta nola adierazten duen eskea jasotzea. Esan beharrik ez dago ez ditudala ez arrazoi guztiak ez adierazteko modu guztiak ekarriko. Bilketa ordenagailuz egitea dela medio, erraz-zurrean, barka letra-segida duten eske batzuetara mugatuko dut gaurkoa.

Hala ere, ezin izan diot muzin egin barkahitzik-gabeko-barka-eske dotore hau hona ekartzeari. Ibiñagabeitia jaunari guri adina begi-gozagarri gertatuko zitzaizkion, beharbada, Mitxelenaren hitzok:

 

Guatemalara Errenterian, 1954-VIII-12

Agur, adiskide,

       Ene izena ikusi orduko onako eskutitz au urratzen ezpaduzu –eta bazenduke noski ortarako arrazoirik–, ikusiko duzu nere jokabide lotsagarriaz lotsaturik nagoe­la, bear adiñako lotsarik izatea erraz ezpada ere, sinestekoa ezpada ere, ain atsegin izan zitzaidan ura artu nuen ezkero izan dut asmoa bereala erantzuteko eta eske­rrak emateko, bai bidali zenizkidan adiskide-itzez, baita eskura dizkidazun aldizka­riez. Baiña alferrik izan zen nonbait asmo ura, infernuko kale zabaletan barrena ugari aurkitzen diren aietakoa. Badakit ene burua zuritzea eziñezko lana dela, enaiz beraz ortan asiko. Aitzakirik aurki balekit, den apurra nabillen bezain lanpeturik ibil­tzean billatu bearko. Etxea mantendu-bearrak lanik asko ematen du batetik, eta ortaz gaiñera ene arloan zer edo zer egin nai. Eta, badakizu, zerbait egingo bada, gaiñerantzeko kezkak burutik astandu bear izaten dira. Eta kezka-astantze orren teknika ain ederki ikasi dut –eskola onean ikasi gaiñera–, gogoan eduki bear nituz­keanak ere, aalegin andirik gabe, aaztu egiten baitzaizkit orain. Baiña utz dezadan saio alfer au, zuritu bearrean naizen baiño beltzago ager enadin.

Erantzuten luzatu izanak eraman du Mitxelena Andima Ibiñagabeitiari barkazioa eskatzera. Eta horixe da, hain zuzen, gutun gehienetako (46 gutunetako) barka eskeen motiboa: lana dela eta, osasun-arazoak direla eta… ezin konplitu izan ditu hartzailearekikoak bere tenorean.

Adiskide maitea,

Lotsaz beterik idazten dizut, orren luzaroan erantzunik gabe eduki zaitudala­ko. Eztakit esatera noanak garbitu ala beztu egiten ote duen horrela burua, baiña zurekin egin dudana beste guztiekin ere egin bearrean arkitu naiz: iñori ez ida­tzi, alegia. Luze litzake banan banan kontatzea zertan ibilli naizen eta zenbat istillu izan ditudan horrela ixilik egoteko, luze eta aspergarri gaiñera. Sinista zadazu, alere, ez naizela horrela egon zure gauzak gutxi etsi nairik, ezin-bestean baiño.

Orain, zerua argitzen asi zaidan ezkero, dirudienez, jaso itzazu arren esku urrikaltsuz laburkiro ematera noakizun berriak. (…)

Barka zaiozu, mesedez, adiskide lanpetu oni. Biotzez.

***

Agur, eta barkazio,

Horrenbeste denboran erantzunik gabe eduki zaitudalako. Ez da gogo-faltarik izan, astia nuen urri, presakako lan batzuek zirela medio.

***

Adiskide maitea,

Barka ezadazu orrenbeste luzatu baldin badut erantzun au. Lanez beteegi ibilli naiz, ordea, eta osasunez utsegi azken-aldi onetan.

***

Adiskide maitea,

Barkatuko aal dizkidazu zure kontra egin ditudan ezin konta adina uts eta oker. Eztakit noiz ezkero nagoen zuri erantzun gabe. Ezta erraz azaltzea zer gertatzen zaidan, neronek ere ezpaitakit ongi, baiña guztiekin atzeratua nabil, eztut emani­kako itzik betetzen eta abar. Azken-aldi onetan, gaiñera, urdailla asi zait lanak ematen berriz.

«Ixilaldi luzeegia» izan/egin du, inori erantzun gabe. Honelaxe bukatzen ditu, hain justu, gutunak behin baino gehiagotan:

Eskumuiñak Baumgartl andreari. Eta barka ezaiozu, otoi, gutungille alfer oni ixilaldi luzeegi au. Beti bezala esanera naukazu.

 Berandu eta, gainera, behar baino laburrago edo luze eta/edo aspergarriago erantzun du:

Presaka ari naiz eta barkatuko aal didazu lerro oen laburra eta berandua. Esane­ra naukazu, ordea; muturik bada ere. Goraintziak anaiari eta Miranderi guzion ize­nean eta soldaduxkako lanak ez aal zaizkizu astunegi izango.

Biotz-biotzez.

***

Barka zadazu sermoi aspergarri au eta zure eskuetan uzten dut auzia

Ausartegi jokatzeagatik ere eskatu du barkamena:

NORBERT TAUERi

Pragara Errenterian, 1954-XII-21

Ene adiskidea,

Barka ezadazu arren izen ori ematen ba´dizut, baiña ezta arritzekoa. Zure izena eta zure idaz-lanak ezagun ditut aspaldidanik eta sail orretan lanean ari geranen artean ba-dira elkar lotzen gaituzten lokarriak, bestelako adiskidetasunarenak baiño eten-gaitzagoak gaiñera.

Inori ezertan huts, oker egiteagatik:

Ene errua duzu bada soil-soillik ortarako artu ninduten lagun eta lankideen ongi-etorria garaiz eskuetara ezpazaizu. Barka zadazu, arren.

***

Batetik bestera ibilli bearrean aurkitzen naiz, aizeak darabillen orbelaren gisa, jakintza gaietatik literaturara eta viceversa. Orrexegatik eztauzkat beti gogoan eduki bear nituzkean gauza guztiak. Barkatuko aal didazu.

***

Gaizki esanak barka, arren. Eta nai duzun arte. Eta enaiz txantxetan ari: edozer gauza egingo nuke zurekin gertatukoa aaztutzeko, esan nai dut gertatutakoa desgerta-arazteko. Au zenbaitek obeto esango luke, baiña eztut era oberik arkitu.

Biotzez.

Ezer eskatu behar izateagatik:

Jauna,

Eskean gatozkizu. Herria ederki eltzen zaigu, uts bat izan ezik. Uztailaren 19ekoa, 310-garrena, eztugu artu; leenagokoa, berriz (309-garrena, Uztailaren 12-ekoa), bi bider etorri zaigu. Falta zaigun ori, aal bazendute, igorriko bazenigukete, pozik artuko genduke, utsik gabe nai bait-genduke Herria gorde. Eskerrik asko eta barka gure ausartzia.

***

Barka zadazu bada dituzun lan gogorren gain egotzi nai dizudan lana eta nolanai ere, eskerrik asko. Biotzez.

Barka eske erretorikoak ere egiten ditu. Gutunak amaitu beharrez edo, barka hitzak darabiltza mami handirik ez duten, baina gizaki arteko komunikazioan —agurtzea bezalaxe, esate baterako— ezinbestekoak diren esapide, formula eta gainerakoen modura:

Barka ezazkidazu gaizki esanak, orrelakorik baldin bada. Eta esanera naukazu zernaitarako, beti bezala. Biotz-biotzez.

***

Gaizki esanak barka eta aurki arte. Biotzez.

Arestiko adierazteko modu dotoreen ondoan, bukatzeko gehien hunkitu nauen gutun zatia erantsi nahi dut. Andima Ibiñagabeitiak Guatemalatik liburu batzuk eskatu dizkio Mitxelenari. Barka eske erantzun dio Errenteriatik Guatemalara, 1954ko abuztuaren 29an.

Beste gauza bat ere nai-ta-ez esan bear nizuen, eta azkenerako utzi dut, esateak apurren bat larritzen nauelako. Azken aldi onetan enaiz oso lasai bizi, diru-kon­tuan esan nai dut. Badakizu, baditut bi seme-alaba, irakaskuntzak, privatuak batez ere, eztu askorik ematen eta nere lanak enituzke bertan-beera utzi nai. Eta, jakiña, ortarako artzen dudan astia besteri kendu bear. Eskatzen dizkidazun liburuengatik diot au. Ain juxtuan dabillenari edozer gastu txikik bere kontu guztiak azpikoz gora jiratzen dizkio. Eta enabil aitzakia-billa –a, ala balitz!–, gure egoera zeaz-zeatz, eta den baiño argixeago bear bada, azaltzen baizik. Barkatuko aal didazu, eziñak era­giten didan ezkero!

******************

 Barkamena inori zergatik eskatzen diogun… Xabier Montoiak katua labean sartzeagatik eta «arrebaren esnean» pattarra jartzeagatik eskatu zion amari barkamena (Barkatu, ama). Eta nik, berriz, honaino iritsi zaretenoi behinik behin, beharbada zuen interesekoa ez zen gai batean «luzeegi» aritzeagatik. Aim zorri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude