Egin eta eginarazi

Irantzu Epelde Zendoia

«Egin naiz odola Plastikan» bota zion harro zortzi urteko muttikoak ez aspaldi bere anaiari, eskolan, eskulanetarako astero hartzen duten tartean egindako maisulana erakusten ziola. Urratu txiki bat zeukan ezkerreko eskuan, tresnaren baten ertzak-edo eragindakoa. Esango banu ezin sinetsiz bezala gelditu nintzela begira, ez nintzateke egiatan ibiliko, egin naiz mina eta holakoak ere adituta nagoelako tarteka, etxean berehalakoan min hartu det! zuzentzen badiete ere (eta, aitaita-amamak inguruan egokitzen baldin badira, errieta tonuan gainera, ume hauek ez al dakie bihar dan bezela hixketan edo ze?). Hortara jarrita belarria, maiz antzean entzuten dira honelakoak Hegoaldean, eta ez haur hizkeran bakarrik, ezta egin aditzarekin bakarrik ere. Adibidea Iruñean[1] bildutakoa da, unibertsitateko ikasle gazte batek esandakoa:

Eta gero… erosten zara chorradita bat edo beste chorradita bat.

Atzo bertan, lagun baten ahizparekin topo egin, eta soinean zeraman gona politaz komentarioa egin nionean, «Zuloaga kaleko denda berrian erosi dut. Arropa ona dute, kalitatekoa, eta gonaz gain hartu naiz neguko jertse lodi bat eta bi galtza pare», erantzun zidan hogeita lau urteko neska gazte euskaldun zaharrak.

Neure artean nerabilen aditz hauen laguntzaile berrien azpian zer dagoen, gardena baita, eta gogora etorri zitzaidan iaz IKERen prestatu genuen lan bat[2], egin-en forma arazleetan Iparraldean ikusi dugun beste berrikuntza edo berrikuntzagai —denborak esango— baten ingurukoa:

Euskalki guztietan, [izena + aditz arina] moduko egituretan (adibidez, irri egin, negar egin, lan egin…), datiboa erabili izan da forma arazleetan aditza iragankorra denean:

Amak niniari negar eginarazi dio.

*Amak ninia negar eginarazi du.

Ordea, gaurko nafar-lapurtera mintzatuan, belaunaldi gazteenean bereziki, ez da arraroa (zuk) (ni) irri eginarazten nauzu bezalakoak entzutea eta biltzea, gure kasuan[3], (zuk) (niri) irri eginarazten dautazu ‘didazu’ bezalakoen lekuan. Horrenbestez, orain arte ezinezko-edo ziren egitura batzuk indarra hartzen ari dira hiztun batzuen hizkeran behintzat, berriki arte edozein aditz iragankorrekin aukera bakarra datiboa azaltzea bazen ere.

Gogoetarako gaia eman zigun orduan kontu honek, oso litekeena delako aldaketa, gertatzekotan, euskararen barne aldaketa bat ez izatea, baizik eta, errazago, gehientsuenetan bezala, causee delakoa (ninia) frantsesez akusatiboa izateak ekarria. Min eginda edo minik egin gabe, baina egin naiz mina, odola, permanentea eta abarren parean, zeinek bere erdaratik edanez.


[1] Ibarra, Orreaga. 2011. Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Giza Zientziak bilduma, 22. 80. or.
[2] Resultados lingüísticos del contacto francés-euskera: el cambio dativo > absolutivo en algunas construcciones causativas. Sociedad Española de Lingüística. Universitat de València, 2012ko otsailaren 2a.
[3] www.norantz.org Galdetegiko C314 kodedun galdera: Vous me faites rire. 60 informatzaileren erantzunak webgunean entzungai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude