Angel Erro
Adiskide edo lagun bat duenak ez daki ongi zer duen. Zer esan nahi ote dugu lagun esaten dugunean. Orrialdea bete nezake aldeko aipuez, aurkako gutxiez, adiskidetasuna goraipatzekoa izaten baita gehienetan. Traizioarekin hainbestetan lotzen den itzulpengintza da adiskidetasunaren alderdi txar bat, makurrena, behin eta berriz nabarmendu ohi duena: lagun faltsuak direlakoak.
Polisemia (edo, derragun, anai faltsuak) ere arrisku handia da eta ni aspaldian ohartu naiz «lagun» hitzaren aurpegibitasunak zenbat nahaste sortzen dituen.
Auzitegietan, poliziaren txosten batean «ez dakit zenbat lagun» «tantos amigos» moduan itzultzen dutenean amorratu egiten naiz, itzultzaile batek ongi bereizi behar dituelako (Estatuko Segurtasunaren Indarretan lan egin arren) hitz polisemiko batek noiz duen adiera bat eta noiz bestea. Nik inoiz ez dut nahasterik izan.
Iruña-Veleia aferaren inguruan, euskal filologia ikasi gabekoari argi geldituko zitzaion «lagun» hitzak adiskide zentzua berandu hartu zuela eta ez oraindik euskalki guztietan, nahiz eta azkenaldian oso zabalduta egon. Zabalkunde handia izaten ari da lagunaren beste adiera ere, kazetaritzan batez ere, «pertsona» erabili behar ez izateko, jatorragoa da inondik inora: «43 lagun hil dira asteburuan izandako istripuetan», «Guardia Zibilak sei lagun atxilotu zituen atzo, Bilbon».
Zabalduta egon arren, nik uste dut bisemia lanbrotsu baten aurrean gaudela. Adiera batek bestea kutsatzen du. Irudipena dut pertsona batzuk beste batzuk baino errazago jotzen ditugula laguntzat (adiskide adierarik gabe baina hurbiltasun moduko bat adierazi nahian). Nago gauza bera gertatzen dela «zendu» aditz dotore eta ia morfologiaren maisulana denarekin. Jende arrunta hiltzen da. Pertsona printzipalak zendu egiten dira. Baina hau ez dut aztertu. Lagun vs pertsona bikotearekin bai egin dut esperimentutxo bat, guztiz informala eta gezurtagarria:
Ereduzko Prosa Gaur webguneko bilatzailean item hauek sartu ditut: «lagun + atxilotu», «pertsona + atxilotu», «lagun + hil» eta «pertsona + hil». «Lagun» eta «pertsona» hitzaren arteko aukeraketa estilistikoa izan daiteke, baina, egiaztatu ahal izan dudanagatik, ez da hala; bestela «hil» eta «atxilotu» aditzekin maiztasun berdinarekin agertuko lirateke. Eta modu adierazgarrian pertsona baino lagun gehiago atxilotzen dituzte, eta lagun baino pertsona gehiago hiltzen dira (600 vs 356, eta 2210 vs 1546). Ez dut nik hemen zertan azaldu herri honetan nondik heldu den atxilotutako eta presoekiko atxikimendua.
Euskararen barneko ñabardura zelakoan nengoen, harik eta ingelesezko txio bat, euskaldun batek idatzia, ikusi dudan arte: «How could I explain that today 40 friends are being taken to trial for our political activity? We want them home #libre». Urrian atxiloturiko 40 lagun edo adiskideez ari da. Suposatzen dut txioaren egileak friend, adiskide moduan darabilela eta bikain iruditzen zait. Baina une batean burutik pasa zait zer esan nahi ote dugun lagun esaten dugunean eta blogeko sarrera hau idazteko aitzakia eman dit. Gracias, amigo.
Gure amuma zenak harreman zuzena zeukan beste munduarekin. Bazeukan esakera bat oso berezi egiten zitzaidana: noiz edo behin, usmoan bezala jarri eta “laguna dakot etxien” esaten zuen. Horrek esan gura zuen arimaren bat etxetik zebilela igarri zuela (halakoetan ez zuen jakiten nor zen), eta orduan kandela bat pizten zuen etxean eta mezaren bat enkargatzen zuen haren alde.