Buruko biguna, bihotzeko gogorra…

Xabier Aristegieta Okiñena

Hilabete honetako artikuluan beste gai bat jorratzea neukan asmotan, baina pentsatu dut merezi duela oraindik ez uztea alde batera izenlagunarekin erne egon beharrari buruzko ohartarazpena, kontu horrek gogoetagai dezente eskaintzen baitu, ikuspegi ezberdinetatik. Alegia: izenlagunarekin salda badago, eguraldi hotzarekin tabernetan ere iragartzen hasi diren bezalaxe.

Euskaraz badaukagu substantiboak sortzeko prozedura bat, ezbairik gabe jatorra ez ezik oso erosoa ere badena: hartzen duzu kasuan kasuko substantibogaiarekin nolabaiteko lotura edo zerikusia duen izenlagun bat, horri jartzen diozu (behar badu) dagokion kasu-marka eta… tori substantiboa. Hori, prozedurari kanpoaldetik behatuta. Agian, filologo baten azalpena izan daiteke sakoneko egituran izenlagun horrek lagun egin, egiten diola izen bati, baina izen hori elidituta dagoela azaleko egituran.

Nolanahi ere den, kontua da prozedura hau oso erosoa eta beraz eskergarria gertatzen dela, tresna arras praktikoa eskaintzen digulako substantiboak ekoizteko eta, gainera, hori nola eta substantibo horren aukeraketaren katramiletan korapilatu gabe egiteko.

Erakusgarri gisa, jarraian ipiniko dut horrela sorturiko hitz handik-hemendik bilduen zerrenda bat, ezin dena, noski, zerrenda agortzaile bat izan (txolarteren baterako denbora-pasa polita izan liteke, bidenabar esanda, horrelako hitz gehiago aurkitzen ahalegintzea). Parentesi artean idatzirik, kasuko izenlagunak zer izeni lagun egingo ote zion; aieru huts bezala adierazita, noski:

Soineko (janzki, estalki)

Buruko/burko (kuxin, bermaleku)

Kankarreko (kolpe)

Betaurreko (tresna)

Masaileko (kolpe)

Belarritako (zintzilikario)

Belarrondoko (kolpe)

Lepoko (zintzilikario)

Bihotzeko (zartada)

Bihotzondoko (inpresio)

Eskumuturreko (zintzilikario)

Eskupeko (diru)

Bosteko (gorputz-atal)

Gerriko (lokailu)

Oinetako (estalki, babeski, janzki)

Oinezko (pertsona)

Horraino, gorputz-atalekin loturik bururatu zaizkidanak. Baina badaude bestelakoak ere:

Hamaiketako

Arratsaldeko («arratsaldeko askari» esanahiarekin)

Ogitarteko

Zopako (ogi-mota)

Urdaiazpiko

Eltzeko

Marmitako

Zaplasteko, danbateko…

Lekuko

Hileko (=menstruazio)

Hiruhileko

Harriko

Euritako

Eguzkitako

Haizetako

Bost duroko

Bost xentimoko

Ogerleko

Ordezko (bai «sustituto» esanahiarekin, bai «sucedáneo»rekin ere)

Ondoko (adibidez: «Adjunto al Defensor del Pueblo» = Arartekoaren Ondoko)

Bitarteko («zerbait egiteko bitarteko» zentzuarekin)

Zortziko

Hamarreko

…eta abar

Horrela sorturiko hitzen zerrenda potentzialki amaigabea da, edozein izenlagunetatik eraiki daiteke-eta, une jakin batean, substantibo berri bat.

Bestalde, perpaus erlatiboak izenlagun funtzioa betetzen duenez, halako «izenlaguntzarra» ere substantibo moduan erabil dezakegu. Hona adibide batzuk, duela gutxi Nafarroako Parlamentuan egin ditugun itzulpen batzuetatik atereak:

euskararen alde eginikoengatik gordetzen dion esker ona

Nafarroan gertatutakoak («hechos acaecidos en Navarra»)

Adibide honetan ere agerian geratzen da prozeduraren erosotasuna: euskararen alde eginiko… zer? Goragoko adibideetan bezalaxe: marmitako… zer? Lepoko… zer? Ez dugu erantzuten nekatu beharrik: adierazpide bat eskaintzen zaigu, euskaraz dotorea edo, gutxienez ere, estandarra (hau da, ez lagunartekoa) dena, «zer» hori zehazteko lana egiten ibiltzeaz (eta horretan hutsen bat egiteaz) libratzen gaituena.

Ildo honetakoa dugu, orobat, -KO+(uste)AN egitura guztiz ohikoa: Erantzuna jakingo zuelakoan galdetu nion.

*****

Baina alde batetik hain praktikoa gertatzen den prozedura honek desabantaila handi bat dauka: ulermen-problemak sor ditzake eta nahasbide xelebreei atea irekitzen die.

Horren adibideak? Ba, lehenik eta behin, artikulu honen izenburukoak: substantiboak izanik, inolako problemarik gabe jarri ahal izan beharko litzaieke adjektibo bat. Baina, buruko eta bihotzekorekin, izena+adjektibo bikotea ez da oso ulergarri geratzen, ezta?

Agatha Christieren eleberri euskaratugabeen artean badago bat, Dumb witness izenekoa. Berez, izenburu horrek ez dauka inolako itzulpen-korapilorik. Baina, euskaratzean, honela gelditzen da hitzez-hitzezko itzulpena: Lekuko mutua. Ahaztu artikulu honetan orain arte esandakoaz eta jarri eleberri horren irakurle baten tokian: izenburu horretan argi geratzen al da «lekuko» substantiboa dela, eta ez «mutu»ren izenlaguna? Ezetz uste dut. Alegia, ez berehalakoan.

Orotariko Euskal Hiztegian honakoarekin egin daiteke topo:

BARRUKO SIKU. «Barruko-sikua, estreñimiento. Barruko-sikuakin dabill aspaldi onetan» Etxba Eib.

Bada, oraindik ez dakit nola interpretatu «barruko siku» hori:

  • «Itsaso urdin» bezala, hots, izena+adjektiboa (eta, beraz, «barruko» hori artikulu honetan azterturiko hitzen zerrendan sartzeko modukotzat harturik)

  • «Itsasoaren urdin» bezala, hots, izenlaguna+izen gisa erabiliriko adjektiboa

Zer esanik ez, ulermen-problemak ez dira aipaturiko hitz guztiekin sortzen; ez, adibidez, eraldaketa fonetikoren bat daukaten hitzekin (adibidez betaurreko, belarrondoko). Baina izenlaguna izen bihurtzeko prozedura honek etengabe erne egotera behartzen gaitu (eta horretantxe datza bere desabantaila handia), honelakoa bezalako esaldi ilunak ez sortzeko (adibidea erreala da; badaezpada ere diot):

«Azken hileko» gisa dokumentatutako data

 Ez bazaizu argi geratu zer esan nahi duen, hona itzulpena:

La fecha documentada como «última regla»

Laburbilduz: euskal hitz jator askoren sorbide den prozedura halaber jatorra da aipaturikoa, baina hitz berriak sortzerakoan komeni da haren errazaren lilura horrek ez zaitzan harrapa. Osterantzean, zure supermerkatuko produktuen etiketak euskaratzean gerta dakizuke limpiahogar=etxea garbitzekoa itzuliz sano-sano abiatzea, jarraian etxea garbitzeko xaboiduna erabili behar izatea limpiador jabonoso esateko, eta azkenik askotariko gainazaletarako etxea garbitzeko orokor kontzentratua dioen etiketarekin erosle gaixoa zorabiatzea (neuri gertatu zitzaidan bezalaxe) eta limpiahogar general multisuperficies concentrado dioen izendapen argi eta garbia (halako garbigaiarekin, ezin zikina egon, ezta?) irakurtzera behartzea.