Asier Larrinaga Larrazabal
Lehengo asteburuan Bilbon hainbeste denda eta taberna kalabaza barru-hustuz dekoraturik ikusi nituenean, gogora etorri zitzaidan euskarara bikoiztu beharreko ikus-entzunezkoetan mila bider agertu zaigula Halloweeneko esakune ezaguna, trick or treat. Euskaraz saria edo ziria esaten izan dugu, eta, EiTBn asmatu, sortu, egokitu, moldatu edo itzuli behar izan ditugun gainerako esakune eta hitz guztiak bezala, HIKEA datu-basean gorde dugu, hurrengorako. HIKEA, orain, Euskalbarren laugarren bertsioaren bitartez ere kontsulta daiteke.
Zorioneko gaude, gero, euskaldunok! Euskalbar hizkuntza-kontsultetarako baliabiderik onetako bat da; onenetakoa, eskuratzen eta instalatzen erraza delako —doan, gainera—, erabiltzen erraza delako, eta ahaltsua delako. Euskalbar ez da berezko sorkuntzaz agertu Firefox nabigatzailean, zazpi pertsona eskuzabalen lanari esker baizik. Bertsioz bertsio, hizkuntza-bikote berriak erantsi dituzte, eta, batez ere, baliabide-mota berriak (testu-gordailuak, corpusak, itzulpen-memoriak…). Horregatik da hain ahaltsua.
HIKEA Euskalbarren bitartez kontsultatzen dugunean, datu-basea hobeto ustiatuko dugu trikimailu baten jakitun egonez gero. “Euskara” edo “Gaztelania” eremuetan kontsultatzen duguna, “Jakingarriak” eremuan ere arakatzen du aplikazioak.
Esate baterako, arabiera idatziz gero, herrialde musulmanen gaineko informazioetan sarri agertzen diren 50 hitz baino gehiagoren zerrenda eskuratuko dugu: suq (kale-azoka), mullah (ohitura eta lege islamikoetan aditua), henna (tindatzeko landarea), zakat (amoina; Islamaren bost zutabeetako bat)…
Edo zakil jarriz gero, zakilarekin loturiko 50 hitz baino gehiago agertuko dira: txori, txokor, larako, isipu, antxoa, beheko mutila eta beste sinonimo asko, tartean odoloste (zakil biguna). Ez bedi odolki–rekin nahas. Odolki, izan ere, gorpu esateko erabiltzen dugu telesail eta filmetan. Barka; «erabiltzen genuen» esan beharko nuke, bikoizketa hilda dago eta. Ziri ederra sartu digute.
Besterik gabe, esan nahi dizut oso ona iruditu zaidala “saria edo ziria” euskarapen hori. Esanahi aldetik, errima aldetik… oso ona.
Oraintxe bertan bururatu zait, dena den, ez ote lukeen izan beharko “saria ALA ziria”.
Galderetan, zilegi da edo. Ikus EGLU IV, 124-126. or.
Edozelan ere, esakune honetan, itxura batean, ez dago hain markatuta galderatasuna. Ala jarriz gero, beharbada, lar makurtuko litzateke esakunearen kutsua alde baterantz.
Bikoizketa hilda, eta batzuek zuloa handitzen: Gasteizko zineetan, adibidez, ezin izan ditugu ikusi euskarara bikoiztu diren umeentzako azken bi filmak: Zipi eta Zape bata eta Doraemon bestea, gure hiriko zineek ez dutelako kontratatu. Eta ez dirudi Kultura Sailak (edo EITBk) inolako neurririk hartuko duenik bere dirulagutza duten produktu hauek gutxieneko zirkuitu bermatu bat (lau hiri nagusiak, adibidez) izan dezaten.
Bikoizketa hilda.
Negargarria da ikustea ezingo dugula aurrerantzean euskaratutako fikziorik ikusi, ez Telebistan, ez eta zine-aretoetan ere. Ez dut duda egiten bikoizketa desagertzeak euskarari kalte egingo diola, baina zinezale euskaldunoi ere bai, eta ematen du azkeneko honetaz inor gutxi jabetzen dela.
Zinezaleok eskubidea daukagu euskarazko pelikulak ikusteko. Eta baten batek erreibindikatu nahi badu azpititulatuak ikusi nahi dituela pelikulak, erreibindika dezala. Nik, irakurtzeko, etxean geratu nahi dut, lasai-lasai liburuak irakurtzen gozatuz. Eta zinemara joaten naizenean, istorioak ikusi eta entzun nahi ditut, euskaraz.
Eta gero esaten digute euskaldunok euskaraz bizi behar dugula! (Antza denez, euskaraz bizi ahal izateko, pelikulez besteko gauza batzuk ikusi behar ditugu, kontrako eztarrira joaten bazaizkigu ere.
Miren, iritzi berekoa naiz.
Euskaldunoi sartu diguten ziria: “aukeratu behar duzue: barne produkzioa edo bikoizketa”, “bikoizketa edo azpitituluak” ez dago denetarako dirurik. Eta guk sinetsi. Ez diogu ETB 2ri aurrekontuaren erdia kenduko, ez diogu kirolari-edo dirurik kenduko…
Nik esango nuke sartu diguten ziria bestelakoa dela, Fermintxo. Edo agian ziri bat baino gehiago sartu digute.
Sinetsarazi nahi digute euskaratutako fikzioa baztertu eta barne-produkzioaren alde egin dutela euskararen erabilera sustatzearren. Ziri ederra hori ere!
Programa berrien audientziek emandako datuak irakurri besterik ez dago ikusteko norainoko erabilera sustatzen ari diren… eta bitartean, zinezaleok, euskarazko fikzioa ikusteko aukerarik ez.