Saria edo ziria

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengo asteburuan Bilbon hainbeste denda eta taberna kalabaza barru-hustuz dekoraturik ikusi nituenean, gogora etorri zitzaidan euskarara bikoiztu beharreko ikus-entzunezkoetan mila bider agertu zaigula Halloweeneko esakune ezaguna, trick or treat. Euskaraz saria edo ziria esaten izan dugu, eta, EiTBn asmatu, sortu, egokitu, moldatu edo itzuli behar izan ditugun gainerako esakune eta hitz guztiak bezala, HIKEA datu-basean gorde dugu, hurrengorako. HIKEA, orain, Euskalbarren laugarren bertsioaren bitartez ere kontsulta daiteke.

Zorioneko gaude, gero, euskaldunok! Euskalbar hizkuntza-kontsultetarako baliabiderik onetako bat da; onenetakoa, eskuratzen eta instalatzen erraza delako —doan, gainera—, erabiltzen erraza delako, eta ahaltsua delako. Euskalbar ez da berezko sorkuntzaz agertu Firefox nabigatzailean, zazpi pertsona eskuzabalen lanari esker baizik. Bertsioz bertsio, hizkuntza-bikote berriak erantsi dituzte, eta, batez ere, baliabide-mota berriak (testu-gordailuak, corpusak, itzulpen-memoriak…). Horregatik da hain ahaltsua.

HIKEA Euskalbarren bitartez kontsultatzen dugunean, datu-basea hobeto ustiatuko dugu trikimailu baten jakitun egonez gero. “Euskara” edo “Gaztelania” eremuetan kontsultatzen duguna, “Jakingarriak” eremuan ere arakatzen du aplikazioak.

Esate baterako, arabiera idatziz gero, herrialde musulmanen gaineko informazioetan sarri agertzen diren 50 hitz baino gehiagoren zerrenda eskuratuko dugu: suq (kale-azoka), mullah (ohitura eta lege islamikoetan aditua), henna (tindatzeko landarea), zakat (amoina; Islamaren bost zutabeetako bat)…

Edo zakil jarriz gero, zakilarekin loturiko 50 hitz baino gehiago agertuko dira: txori, txokor, larako, isipu, antxoa, beheko mutila eta beste sinonimo asko, tartean odoloste (zakil biguna). Ez bedi odolkirekin nahas. Odolki, izan ere, gorpu esateko erabiltzen dugu telesail eta filmetan. Barka; «erabiltzen genuen» esan beharko nuke, bikoizketa hilda dago eta. Ziri ederra sartu digute.