Aditza aurreratzeaz: zehar-galderak

Iñaki Iñurrieta Labaien

Zehar-galderetako aditzaren posizioari buruz jardungo dut gaur, eta Juan Garziak Aditza amaieran artikuluan esandako hau gogoratuz hasiko naiz:

Euskararen joskera (kasu honetan, perpausen menderakuntza) postposizioetan oinarriturik egonik oro har, eta postposizioak aditzari lotzen zaizkionez, ia fisikoki eskatzen du sintaxiak, kasu askotan edo gehienetan, menderagailua erantsiko zaion perpausaren amaieran egotea aditza. Zentzu horretan, bada, ez dago zalantzarik oinarrizko hitz-ordenaz.

«Kasu askotan edo gehienetan», dio Juanek, eta hain zuzen ere hortik kanpo geratzen diren kasu batzuk ekarri nahi ditut hizpidera: zehar-galderak. Zehar-galderek joko handia ematen dute esaldi luzeak irakurgarriago egiteko, nola eta aditz menderagailuduna aurreratuz, hain zuzen ere.

Duela hogeita hamar urte, esate baterako, gaur baino usuago erabiltzen ziren honelako esaldi zehar-galderadunak:

Lan honek 12 urteko ikasleek klima-aldaketari buruzko unitate didaktiko batean nola argudiatzen duten aztertzen du.

Orain, berriz, «esaldi mota horrek joera du aditza amaieran ez kokatzeko», Juanen hitzez baliatuta esateko. Alegia, beste hitz-ordena hau erabili ohi dugu askok:

Lan honek aztertzen du 12 urteko ikasleek klima-aldaketari buruzko unitate didaktiko batean nola argudiatzen duten.

Hots, nahiago dugu aditz nagusia aurreratzea. Izan ere, –ela erako perpaus osagarrien antzera, zehar-galdera horiek ere aditz nagusiaren ondorengo galdegaitzat irakur daitezke eta irakurri ohi dira.

Ezer berririk ez, orain artean. Aipaturiko artikuluan, Juanek aditza amaieran ez daramaten esaldi moten zerrenda behin-behineko bat egiten du, eta zerrenda horretan ageri da, bai, zehar-galderadun esaldi bat, osagarri jokatua daukatenen artean agertu ere (nahiz eta adibide gisa osagarria jokatu gabe duen esaldi bat datorren: «Jakingo du zer egin film horrekin»).

Gaur egungo estandarrean, hala ere, esan liteke hori baino aurrerago iritsiak garela (itzultzaile asko bai, behintzat). Esaldi mota horiek badute joera (alegia, esaldi mota horiek erabiltzen ditugunok badugu joera) aditz menderagailuduna amaieran ez jartzeko. Adibide horretan, hain zuzen ere, aditz nagusia aurreratuz gero, zehar-galderaren aditza ez dago azkenean jarri beharrik, nahiz eta menderagailua eraman:

(Lan honek aztertzen du) nola argudiatzen duten 12 urteko ikasleek klima-aldaketari buruzko unitate didaktiko batean.

Gero eta gehiago erabili ohi dut, beste askok bezala, hitz-ordena hori, non aditz nagusia ez ezik zehar-galderakoa ere aurreratuta ageri den:

Labur-labur azaldu dugu zer diren lanaren neurria eta lanpostuen balioespena.

Lehenengoek adierazten dute zein inguruabarretan ez duen balio enuntziatuak.

Kontua ez da horretan amaitzen, ordea. Egitura konplexuagoetan ere, zehar-galderak ematen du aditza aurreratzeko aukerarik. Esate baterako, beste menderatu baten menderatu denean. Horren kasu berezi bat dira nagusi batez eta bi menderatuz osatutako esaldiak (nagusia + t(z)eko helburuzko menderatua + menderatuaren menderatu den zehar-galdera). Hor ere eman ditugu aurrerapausoak (adizkiak aurreratzeko pausoak); azken urteotan, esango nuke. Duela hamar urte, esate baterako, honelatsu ordenatuko nuen egitura hori duen esaldi hau:

León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da deskribatu dudan erretorika horrek nola funtzionatzen duen aztertzeko.

Akatsik gabea da hitz-ordena hori, eta gaur egun ere, joerak joera, ez zaigu arraroa iruditzen, baina orain (duela lauzpabost urtetik hona?) nik nahiago dut beste hitz-segida hau halakoetan:

León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da aztertzeko nola funtzionatzen duen deskribatu dudan erretorika horrek.

Hor, «nola funtzionatzen duen aztertzeko» segida ohikoa alderantzikatu da, bestela ez baitzen posible zehar-galderan ere aditza aurreratzea:

*(León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da) nola funtzionatzen duen deskribatu dudan erretorika horrek aztertzeko .

Zehar-galderak, beraz, beste esaldi menderatuek ez bezala uzten digu aditza aurreratzen. Baina oraindik ere etekin gehiago atera diezaiokegu. Batzuetan, zehar-galderaz baliatu izan naiz, itzuli beharreko esaldi bat bestela irakurgaitz geratzen zitzaidala-eta, nahiz eta jatorrizkoan zehar-galderarik agertu ez. Esate baterako, honako esaldi hau euskaratzen hasita:

Es bien sabido que la verdadera motivación se produce cuando los alumnos descubren el placer de utilizar un nuevo conocimiento para entender un libro, resolver problemas, explicar los fenómenos que suceden a nuestro alrededor, interpretar un cuadro o escuchar música.

Orain urte batzuk, eskarmentu gutxiago nuenean, honelatsu emango nuen, beharbada:

Gauza jakina da benetako motibazioa ikasleek ezagutza berri bat liburu bat ulertzeko, buruketak ebazteko, inguruan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko, margolan bat interpretatzeko edo musika entzuteko erabiltzeko plazera aurkitzen dutenean gertatzen dela.

Gaur egun, berriz, gero eta ohitura handiagoa dut halakoetan zehar-galderara jotzeko:

Gauza jakina da noiz gertatzen den benetako motibazioa: ikasleek ezagutza berri bat erabiltzeko plazera aurkitzen dutenean liburu bat ulertzeko, buruketak ebazteko, inguruan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko, margolan bat interpretatzeko edo musika entzuteko.

Bai, hor zehar-galdera sartzeaz gainera bada besterik, bi puntuak alegia. Puntuazioaren erabilera estrategikoaz ere ohartuz joan baikara pixkanaka.

Zehar-galderetan ez ezik, beste menderatu batzuetan ere sumatzen dira aditza aurreratzeko joera berriak (batez ere idaztea eguneroko ofizio dugun idazlarion artean, esango nuke: itzultzaile, kazetari, idazle profesional…), baina horietaz, hurrengo batean.

8 erantzun “Aditza aurreratzeaz: zehar-galderak” bidalketan

  1. Kontutxo bat bakarrik: zehar-galderen aukera horiek guztiak, besteak beste, berdin aplikatzen dira -la menderagailudun perpaus osagarrietan. Izan ere, halakoak eta bait- perpausak “menderatu arinak” dira, eta, beraz, perpaus lokabeek dituzten aukera bertsuak dituzte barne-hitzordenari dagokionez, esaldiaren amaieran doazelarik.

    Perpaus osagarri jokatugabe batzuk ere aski barne-hitzordena malgua dute (ikus azken EGLUko azken atala, halakoei buruz).

    Nolanahi ere, nire artikulua esaldiko aditz nagusiaren (ez mendekoaren) posizioari buruz zen soilik.

  2. Iruditu zait reflexione interesantea nahiz ohartu naizen ze asco costatu zait iracurquetea, batzutan dagoquiola redactioneari eta baita dakarren lexicoa gatic.

    Berba batean zait iruditu refexione ona doana directione positivoan baina -malerusqui- nic ulertu baric ondo textua eta textuac dakarqueen mezua. Zeren redactionea, nire ustez, ez da diaphanoa aldetic redactionea eta batezere vocabularioa.

  3. Komunikatiboki bideraezin edo bideragaitz diren esaldiak horrelakoxeak izan dira beti: orain dela bost urte bai, eta gaur egun ere bai.
    Eta praktika mintzatuan, euskaraz beti jokatu da komunikazioa bideragarri egiten duen sintaxia erabiliz: nola, ba, bestela.
    Kontu horietan, beraz, “moda” gutxi.
    Hizkera mintzatuko sintaxi komunikatibo horixe bera hizkera idatzira eramateko, ordea, nolako komeriak. Nolanahi ere, alde horretatik, egia da bost urtean aurrerapentxoren bat-edo egin dela.

  4. Aupa, Iñaki.

    Eman duzun azken adibideari helduta, eta nagokiolarik zehazki bigarren itzulpen “hobetu” horri, esan behar dizut ezen ez dudala ulertu testua, ez bada gaztelaniazko originalaren laguntzaz.

    Jatorrizkoan funtsezko den egitura bat geratzen da erabat dislokatua euskarazkoan:

    – (…) cuando los alumnos descubren el plazer de utilizar un nuevo conocimiento para entender un libro, (…)
    ikasleek ezagutza berri bat erabiltzeko plazera aurkitzen dutenean liburu bat ulertzeko, (…)

    Nire ustez, behin elementuak aurreratzen hasiz gero, testua ulergarri izango bada, irakurketa progresiboak behartzen gaitu elementu posible guztiak aurreratzera.

    Beraz, ados nago Xabierrekin: ahozkoan, eta intonazioarekin, aise konponduko genuke idatzizko prosan ezinezko bide zaiguna:

    – ikasleek aurkitzen dutenean plazera ‘ ezagutza berri bat erabiltzekoa ‘ ulertzeko liburu bat, (…)

    1. Bistan da gaizkiulertu bat dagoela. “Azken adibideare itzulpen ‘hobetu'” diozularik, pentsatzen dut honetaz ari zarela:

      “*(León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da) nola funtzionatzen duen deskribatu dudan erretorika horrek aztertzeko”.

      Esaldi hori okertzat jotzen nuen nik, ez itzulpen “hobetu”tzat. Horregatik du izartxoa aurrean. Hain zuzen, esan nahi niuena zen azken hitza, “aztertzeko”, aurreratu ez balitz, ez zela posible esaldi zuzenik. Eta horren ordez hauxe proposatzen nuen:

      “León Siminianiren obra, ondoren azalduko dudanez, ezin egokiagoa da aztertzeko nola funtzionatzen duen deskribatu dudan erretorika horrek”.

      Ea orain argiago geratu den.

  5. Aupa Iñaki.

    Dirudienez, ni ere ez naiz ondo esplikatu.

    Zure azken adibidea, oker ez banago, hau da:

    Es bien sabido que la verdadera motivación se produce cuando los alumnos descubren el placer de utilizar un nuevo conocimiento para entender un libro, resolver problemas, explicar los fenómenos que suceden a nuestro alrededor, interpretar un cuadro o escuchar música.

    Ondoren eman duzu euskarazko bertsio bat, orain dela zenbait urte egingo zenuena edo. Eta, azkenik, gaur egun egingo zenukeen itzulpena (pentsatu behar da, beraz, “hobetua” dela, ezta?).

    Hain zuzen ere, azken itzulpen horretaz ari nintzen, gero jarri ditudan testu-zatiek erakusten dutenez.

    1. Arrazoi duzu. Azkarregi irakurri eta azkarregi erantzun dut aurrekoan. Eta arrazoi duzu nire artikuluko azken adibideari buruz ere: ez da oso ondo aukeratutako adibidea. Zehar-galderari begira nengoen ni, hau da, jatorrizkoan zehar-galderarik egon ez arren itzulpenean zehar-galderaz balia gaitezkeela korritzen duen testua lortzeko: hori zen nire asmoa, baina ohartu ez ondoren zetorren segidan arazoa zegoela; beste arazo bat, konpondu beharrekoa hori ere, baina hurrengo batean…

  6. Atzerapen dezenterekin bada ere (oraintxe berraurkitu baitut post hau), hona hemen proposamen bat esaldi hori ulergarriago egiteko, zehar-galdera eta guzti:

    Gauza jakina da ezen benetako motibazioa sortzen dela noiz ere ikasleek aurkitzen baitute zein atsegina den ezagutza berri bat erabiltzea liburu bat ulertzeko, buruketak ebazteko, inguruan gertatzen diren fenomenoak ulertzeko, margolan bat interpretatzeko edo musika entzuteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude