Hitz bahituak eta euskararen erabilera

Karlos Cid Abasolo

A hizkuntzak B hizkuntzatik hitz bat mailegatzen duenean, pentsatzekoa da ordura arte A hizkuntzak ez zeukala hitz horren esanahia biltzen zuen berba propiorik. Hala ere, euskararen historian kasu bitxiak gertatu izan dira maiz: esaterako, latinetik ursus hitza hartu zuen bere fonetikara egokiturik (otsoa), baina ordurako ursus-en esangura zuen hitz bat zeukanez (hartza, alegia), beste animalia bat adierazteko funtzioa eman zion. Azalpen hori aspaldi irakurri nuen eta aitor dut ez dakidala egiazkoa den, baina behintzat è ben trovato (edo trovata).

Hizkuntzetan, gizakietan bezala, ekonomia da nagusi. Zenbat eta baliabide gutxiagorekin, etekin handiena ateratzea da kontua. Zenbat eta bereizgarri gutxiagorekin, kontsonante multzo zabalagoa osatzea. Eta ez bide dago arrazoirik lexikoarekin ere horrela ez jokatzeko: A hizkuntzak B hizkuntzatik hitz bat mailegatzen baldin badu nahiz eta A hizkuntzak hitz horren esanahia biltzen d(it)uen berba propioa(k) eduki, ez da ekonomia printzipio hori betetzen ari.

Eta orain, harira: jakina da euskal hizkuntzari, euskalkien eta azpieuskalkien arabera, euskara, euskera, eskuara, üskara, etab. esaten zaiola euskaraz. Eta espainieraz? Hitz bat baino gehiago daude «euskara» esateko. Vascuence da, nik dakidala, espainieraren ahozko eta idatzizko tradizioan errotuena. Eta vasco ere hor dugu, agian vascuence baino berriagoa, baina (eta hori du abantailarik handiena) beste hizkuntza askoren hitzetatik hurbilagoa (basque, Baskische, basco, basc, baskičtina…), eta beraz, homologarriagoa (barka hitz hori erabiltzeagatik). Hala ere, Hego Euskal Herriko espainieraz euskera berba erabiltzeko joera nagusitu da eta, harrigarriagoa dena, RAEko erdaltzainek leku eman zioten hitz horri DRAEn. Hori bai: hasiera batean, erdal grafiarekin –eusquera–. Baina hiztegiaren geroagoko edizio batean beste urrats bat egin zuten espainiera euskalduntzeko joera horretan, hitzaren euskal grafia onartuz ez ezik, lehenetsiz ere: egun, DRAEren bertsio elektronikoan eusquera idazten baduzu, esanahia agertu beharrean, euskera hitza klikatzeko esaten zaizu. Hori bai: euskara idatziz gero, honako mezu hau agertuko da: «La palabra euskara no está registrada en el Diccionario». Laburbilduz, RAEk ebatzi du espainieraz zilegi dela, euskal hizkuntzari gagozkiolarik, vascuence (bigarren adieran), vasco (laugarren adieran), éuscaro (bigarren adieran), euskera eta eusquera (bigarren adieran) erabiltzea (aze inflazioa!), baina ez euskara (erne, beraz). Nik, ordea, espainieraz mintzatu edo idazten dugunean, lehenengo biak baino ez erabiltzea proposatuko nuke (eta proposatzen dut). Zergatik? Zer zerikusi du orain arte idatzi dudanak testu honetarako aukeratu dudan izenburuarekin? Zergatik euskaldunek (eta euskal herritarrek oro har) nahiago dute euskera edo euskara hitza vascuence edo vasco hitzak baino espainieraz aritzen direnean? Nik, azken galderari erantzuteko bi hipotesi dauzkat.

Lehenengo hipotesia: vascuence hitza oso euskaltzaleak ez direnek eta, maiz, euskararen etsai eta arerioek «bahitu» dutela, bereganatu. Norbaitek hedabideren batean hitz (hala ere, eder) hori erabili bezain laster, dardarka hasten gara, imajinatzekoa baita zer datorren gero: euskarak ez duela ezertarako balio, bere hitz guztiak «haitz» errotik eratorriak direla (?), zuhaitzari esateko hitz propiorik ez duenez «arbol» inportatu behar izan zuela, eta abar luze (barka!) bat. Eta gobernu batek lege bat jartzen badu indarrean euskara sustatzeko euskera hitza hobetsiko du legearen izendapen espainierazkoan. Beste gobernu batek, ordea, lege bat jartzen badu indarrean euskara, ez sustatzeko, baizik «arautzeko», vascuence hitza baliatuko du legearen izendapen espainierazkoan.

Bigarren hipotesia: Euskal Herriko erdaldunek euskera berba, beste hitz andana bezalaxe (Donostia edo Donosti, aita, sagardotegi, egun on…), erabiltzen badute (espainieraz aritzen direnean, jakina, euskaraz ez baitakite), mezu subliminal bat helarazi nahi digute, jarraian euskaratuko dizuedana: «ez daukat batere asmorik euskara ikasteko, baina aski dut nire erdaran egunero hogei bat euskal hitz tartekatzea neure euskalduntasuna (?) aldarrikatzeko». Bestalde, hainbat euskaldunek ere, euskera berba, beste hitz andana bezalaxe (Donostia edo Donosti, aita, sagardotegi, egun on…), erabiltzen badute espainieraz aritzen direnean, mezu subliminal bat helarazi nahi digute: «badakit euskaraz, baina aski dut nire erdaran egunero hogei bat euskal hitz tartekatzea neure euskalduntasuna aldarrikatzeko». Eta hainbat eta hainbaten jarrera hori dela eta, ez da, beste faktore anitzekin batera, euskararen erabilera behar eta espero adina areagotu azken urteotan. «Erabil dezagun euskal toponimia, erabil dezagun euskal antroponimia, esan dezagun kaixo eta agur, baina hori bai, beti en erdera». Nik, ordea, kontrako bidea hartu eta, bestelako proposamena dakart txoko abegikor honetara: berreskura dezagun, espainieraz ari garenean, vascuence hitza, aska dezagun berba hori euskara gorrotoz edo ezaxolakeriaz begiratzen dutenengandik, aska gaitezen geu ere. Dena den, aitor dut kosta egiten zaidala adibidearekin predikatzea eta izerdi patsetan hasten naizela Complutenseko ikasleen aurrean vascuence edo vasco esaten dudan bakoitzean. Baina, errepikatuaren errepikatuaz, gero eta errazagoa gertatzen zait, bai baitakit hitz bahituak erreskatatuz eta simulakroari itzuri eginez neure harri koskor apal-apala dakardala euskararen normalizazioaren hobe beharrez.

Erreferentziak:
“Hibridismo lingüístico en la Vasconia peninsular: sustrato vasco en el español”, https://cv2.sim.ucm.es/moodle/course/view.php?id=35687
Gaztelaniaz, nik beti «abuela»”, 2013/02/27, http://31eskutik.com/category/juan-luis-zabala/