Trajanoren arrautza

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskarazko Wikipedian Trajano erromatar enperadorearen sarreran begiratzen badugu, Daziako gerrei buruzko informazioen atalean, honako paragrafoa topatuko dugu:

Trajanok hiri berri bat eraiki zuen, “Colonia Ulpia Traiana Augusta Dacica Sarmizegetusa”. Izen bera izan arren, beste leku batean kokatu zuen Trajanok. Inperioko probintzia bihurturik, erromatarrek kolonizatu zuten Dazia. Estatuak, gainera, Daziako urrea eskuratu ahal izan zuen. Espezialistek diote, Frankok eta Hitlerrek bezela, arraultz bat zuela.

Beltzez azpimarratuta dagoen esaldiaren haritik egin nahi nuen gaurko gogoeta, euskarazko Wikipediari buruz, hain zuen.

Izan ere, ahaztu gabe bere testuinguruan (eta, egia esateko, beste edozein testuingurutan ere berdin) esaldi horrek ez duela inolako zentzurik, eta, badaezpada, ingeles, gaztelania, frantses eta italierazko sarreretan begiratu eta antzeko erreferentzia baten arrasto zipitzik aurkitu ez dudanez gero, uste dut esaldi hori adarjotze bat besterik ez dela (Interneten bilatuta, ez dut aurkitu kontu horren berri inon ere), are gehiago beste bi pertsonaia «historikoak» ere aipatu ondoren, asoziazio gutxienez harrigarri samarrean.

Kezkatzen nau euskarazko Wikipediarekin gertatzen denak; harro asko azaldu dira batzuk, euskarazko Wikipediak 160.000 sarrera dituelako, baina hobe genuke sarrera horietako asko eta askoren kalitateaz gehiago kezkatuko bagina.

Izan ere, 160.000 sarrera horietako makina batek ozta-ozta ditu bost lerro baino gehiago, gehienak seguru aski itzulitako testuak dira, baina gaizki itzuliak erantsi edo zehaztu beharko nuke, borondatezko lanez badakit, oso gauza eskertzekoa; baina hobe litzateke euskarazko Wikipedia kudeatzen dutenek arreta gehiago ipiniko baliote testuen kalitateari. Adibide pare bat besterik ez:

Petra sarrera:

Petraren finkapena haran estu batean dago, Araba haranaren ekialdean, Itsaso Hiletik Akabako golkoraino hedatzen dena. Petrako arrastorik ezagunenak, inongo zalantzarik gabe, haraneko arrokan bertan zizelkaturiko eraikinak dira, bereziki Khazneh (Altxorra) eta Deir (Monasterioa) bezala ezagutzen diren eraikinak.

Hiri baten finkapena haran batean egotea, ez dakit nork ulertuko duen, erdarazko bertsioa irakurri gabe (El asentamiento de Petra se localiza en un valle angosto); delako Araba haranaren izena gertuegikoa zaigu, eta hobe izango zen Arabah edo Aravah aukeratu balute, behar zen bezala; erlatibo apositiboa trakets samarra da; eta, azkenik, eraikin batzuk izatea Petrako arrastorik ezagunenak ere neke handiz ulertuko du edozeinek, erdarazko bertsiora jo gabe (Los restos más célebres de Petra son…).

Nefertari sarrera:

Bere hilobian Aÿ faraoiaren kartutxo bat agertzen zen kutxa baten eskutokiaren agerpenak Nefertari aurreko dinastia zen Egiptoko XVIII. dinastiarekin senidetuta egongo ote zen zioten zurrumurruak areagotu baino ez zituen egin, bere izenak berak ere, itxuraz, berresten zuena, jada jainkotutako matriarka zen Ahmose-Nefertari erregina. Hala balitz, litekeena da Nefertarik hegoaldeko Akhmin hirian jatorria izatea, eta Ay, honen izena XIX. dinastiako faraoiek jazartzen zutelarik, Ramses II.ak berak horien artean, bere birraitona, bere aitona edo bere osaba izan zitekeela zioten zurrumurruak.

Behin eta berriz irakurri arren, esaldi pilatu horien zentzuak ihes egiten dit, egun txarra izango dut akaso.

Nolanahi ere, bi adibide hauek ez dira bilaketa luze eta sakon baten emaitza, bi minututan nabigatzetik ateratakoak baizik, eta beste hainbat aldiz ikusi ditudan beste adibide trakets itzulien erakusgarri azkar bat baino ez dira.

Hemen, berriro ere, iruditzen zait euskaldunon bekatuetako baten beste adibide bat dugula Wikipedian: itxurakeria. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskararentzat sarean zabalduta egotea eta kasu honetan, beste askotan bezala, zenbatekoari begiratzen diogu, nolakoari baino gehiago; Wikipedian bertan animoak ematen dituzte, esanez 38.836 artikulu besterik ez «zaizkigula» falta 200.000era iristeko.

Bitartean, euskara ganorabako horrekin, zalantzazkoa izango da delako entziklopedia honen baliagarritasuna. Eta, okerrago dena, Trajano enperadorearen arrautzaren misterioak argitu gabe jarraituko du.