Litxarreroak

miel a. elustondo

XXIV

Amaren istorioaren oinarrizko xehetasunak Royk espero zituenak ziren, gutxi gora behera…

Lehenengo, Baltimoretik jasotako ohartarazpen deia. Gero, hari erantzunez, ihesaldi frenetikoa, batere arrazoitu gabea. Batere errukirik gabe gidatu zuen autoa, ahal bezain urruti. Urrutiago joateko modurik izan ez zuenean, Tucsoneko paradore turistikoan sartu zen.

Toki hark garajea zuen, ez aparkaleku indibidualak, eta hori ez zitzaion gustatu. Baina nekatuegi zegoen urrutiago joaten ibiltzeko; eta garaje-zaindaria bertan zenez denbora guztian, ezin izan zion bertan geratzeari uko egin.

Burukoaren azpian jarri zuen arma kargatua. Erantzi eta ohera sartu zen. Jakina, giltzaz itxi zuen sarraila, baina horrek ez zuen ezer esan nahi. Leku haietan, izan motel edo paradore, hainbeste giltza galtzen ziren, ezen trukagarriak egiten baitzituzten. Ondorioz, giltza berdinek ate ezberdinak irekitzen zituzten. Zalantzarik gabe, huraxe zen paradore haren kasua.

Dena dela, ordu batzuk geroago esnatu zen, bi esku lepoa estutzen ari zitzaizkionean. Egin zezakeen edozein oihu isilaraziko zuten esku haiek, hil arte itoko zutenez gero. Ezin zuen ikusi nor zen bestea; ez zitzaion axola. Ohartarazi zioten akabatu egingo zutela, eta hiltzen ari ziren orduantxe bertan, eta nahikoa zen hori jakitea.

Arma hartu zuen burukoaren azpitik. Iritzira, gora jaso zuen, erasotzailearen aurpegiraino. Eta katuari sakatu zion. Eta… eta…

Lillyk dardara egin zuen. Ahotsa eten zitzaion.

–Jainkoarren, Roy, zuk ez dakizu zer zen hura! Inor akabatzea zer den! Bizitza osoan horixe entzuten, horixe irakurtzen, ba-baina… baina zeuk inor hiltzea…

Moira kamisoia jantzita zegoen, gau-lapurren amarru zahar bat. Beste gelaren batean harrapatzen zituztenean, okertu egin zirela esaten zuten, beren gelatik irten zirela halako arrazoi inozoren bat aitzakia eta, nola ez zekitela, okerreko gelara sartu zirela.

Moiraren sakelan zenbakidun giltza bat zegoen, hurreko gela bateko giltza. Era berean, saltsa hartatik onik irteteko giltza zen Lillyrentzat. Aurrez diseinatutako plan baten froga zen, eta, pentsatu gabe ere, bazekien zer egin behar zuen.

Ohean jarri zuen Moira. Bere hatz-markak armatik garbitu eta Moirarenak sakatu zituen haren gainean. Moiraren gelan igaro zuen gaua eta, goizean, Moiraren izenean eta hildako emakumearen jantzietan irten zen paradoretik.

Jakina, ezin zuen bere autoa hartu. Autoa eta bertan ezkutatutako dirua Moirarenak ziren ordurako. Moira, Lillian Dillon zelako; eta Lilly, aldiz, Moira Langtry. Eta horrelaxe izango zen betiko.

–Hura nahaste-borrastea! Eta ezertarako ez, nonbait. Kontu izan dut beti, Bobok zer egingo, baina orain, gertatu denez gero… –isildu egin zen, eta pixka bat bizitu ere bai–, tira, beharbada, arnasa hartuko dut. Urteak daramatzat iruzur mundu honetatik irten nahian, eta orain kanpoan nago. Hutsetik has naiteke, eta…

–Hasita zaude –esan zion Royk–, baina ez zait iruditzen hutsetik hasi zarenik.

–Barkatu –Lilly lotsagorritu egin zen, errudun–, gorroto dut zure dirua hartzea, baina…

–Ez kezkatu, ez duzu hartuko-eta.

Momentu luze batean –betiko iraun zuen segundo bateko isiltasuna–, Lilly jarrita egon zen semeari begira. Bereak ziren begi haietan barrena begiratu eta  berea bezalako begiratua ikusi zuen. “Hain antzekoa!”, pentsatu zuen, eta berdin pentsatu zuen mutilak ere. “Zergatik ezin diot ulertarazi?”, pentsatu zuen Lillyk. “Zergatik ezin diot ulertarazi?”, pentsatu zuen Royk.

Zalantzan, bihotzean izotzezko inertzia hazten ari zitzaiola, jaiki eta bainugelara sartu zen. Aurpegia konketan garbitu, eskuoihalarekin zapla bigunak eginez lehortu eta ur tragoa edan zuen. Gero, pentsakor, ontzia berriz bete eta semeari eraman zion.

–Hara, eskerrik asko, Lilly –esan zuen mutilak, kortesia hark hunkituta, babesgabetuta.

Eta Lillyk bere buruari esan zion: “Merezia du. Lagundu egin nion estutasunean zegoenean, eta kontra egiten saiatzen bazait… Tira, hobe du ez!”

–Diru hori eraman behar dut, Roy –esan zuen–, banketxeko libreta daukat poltsan, baina horrek ez dit ezertarako balio. Ezin dut arriskatu dirua ateratzera. Ez zeukan ehuneko gutxi batzuk besterik, eta zer arraio egingo dut, ba, horrekin?

Royk erantzun zion asko egin zezakeela. Ehuneko gutxi horiek San Frantziskoraino edo oso urruti ez zegoen beste hiri batera eramango zuten. Hilabetea emango zioten lasai bizitzeko, lana inguratu arte.

–Lana! –kexatu zen Lilly–, kasik berrogei urte ditut, eta bizian behin ere ez dut lan zintzo bat izan!

–Lor dezakezu –esan zion Royk–, buruargia eta erakargarria zara. Lan mordo bat dago zuk egiteko modukoak. Bota non edo non zaborretara Cad hori. Lurpera ezazu. Cad hori ez da bat etorriko egingo duzun bizimoduarekin, eta…

–Atertu! –haserre keinu zorrotza eginez isilarazi zuen–, hor zaude zu, jarrita, nik zer egin behar dudan esaten… Morroi bat hain bihurria, non zopa bihurkinarekin jan behar baitu.

–Ez nizukeen esan beharko. Zu zeu konturatu beharko zinatekeen –Roy aurrerantz makurtu zen, erreguka–, lan zintzo bat eta bizimodu lasaia, ez duzu beste biderik, Lil. Erakutsi zeure burua pistetan edo apustuetan, eta Boboren morroiak gainean izango dituzu.

–Badakit hori, arraioa! Badakit behetik ibili behar dudala, eta horixe egingo dut. Baina, besteari dagokionez…

–Aholku ona da, Lilly. Horrixe segitzen ari naiz neu ere.

–Bai, jakina, ba! Ikusi zaitut, iruzurra uzten!

–Zergatik iruditzen zaizu harrigarria? Zeuk nahi zenuen. Behin eta berriz esan izan didazu.

–Ondo da –esan zion Lillyk–, beraz, zintzo zabiltza. Beraz, ez duzu dirua behar, ezta? Ez duzu behar, edo ez duzu nahi. Beraz, zergatik ez didazu niri ematen, arraioa!

Royk hasperen egin zuen; azaltzen saiatu zen, zergatik: ahal zen modurik egokienean azaltzen, proposamen guztien artean zailena; hau da, pertsona bati mingarri zaizun gauza bat egiten diozunean, haren onerako ari zarela. Eta, hala ere, amari hitz egiten ari zenean, haren larridura ikusten zuenean, onartu nahi ez bazuen ere, Royk, bere baitan, gozamen kasik sadikoa sentitzen zuen. Beharbada haurtzarotik zetorkion, han zituen sustraiak, beharra edo desira ezagutu eta ukatu egin zitzaizkion garaian, ukatzea onerako izango zuelako. Orain bere txanda zen. Zuzen zegoena egin ahal izango zuen –bai, zuzena zen–, ezer egin gabe. Orain orain orain putazaina zen bere puta arrastoan sartzen, haren erreguak entzuten eta beste zartako bat jotzen. Orain orain orain senar jakintsu eta indartsua zen, bere emazte kaskarina atzaparrean harrapatuta zeukana. Orain orain orain bere subkontzientea bien arteko loturari arreta jartzen ari zen, lotura lizun debekuzko eta ordu arte onartu gabeko hari. Beraz, Lilly babestu behar zuen. Diruak nahitaez eragingo zion arriskutik aparte ibilarazi behar zuen. Libre behar zuen, eskura…

–Begira, Lilly –esan zuen, arrazoituz–, diru horrek ez lizuke betiko iraungo; zazpi-zortzi urte, beharbada. Zer egingo zenuke gero?

–Tira… Pentsatuko nuke zer edo zer. Ez kezkatu horretaz.

Royk baietz esan zuen, poliki.

–Bai –esan zion–, pentsatuko duzu zer edo zer. Beste saltsaren bat. Beste Bobo Justusen bat, zapla joko dizuna eta eskuak erreko dizkizuna. Horrelaxe izango da, Lilly; horrela, edo okerrago. Orain aldatzeko gai ez bazara, artean gazte xamar zarenean, nola aldatuko zara berrogeita hamar urte dituzunean?

Berrogeita hamar? Oihartzun zaharra zuen hitz horrek, gordeta egondakoaren kiratsa, heriotza esan nahi duen leku arriskutsuaren begiratua…

Eta Carol? A, jakina, Carol. Neska zoragarria, neska desiragarria. Beharbada, ordu arte onartu gabeko loturagatik izan ez balitz, “NESKA”. Baina gauzak zeuden moduan, amu bat besterik ez, pioi bat Roy eta Lillian Dillonen arteko bizitzaren, heriotzaren, eta… maitasunaren… jokoan. Beraz…

–Beraz, horrela dira gauzak, Lil –esan zion Royk–, horregatik ezin dizut dirua hartzen utzi. Alegia…

Haren ahotsak indarra galdu zuen, haren begiek Lillyrenak saihestu nahi zituzten.

Momentu bat eta gero, Lillyk baietz esan zuen.

–Badakit zer esan nahi duzun –esan zuen emakumeak–, uste dut badakidala.

–Tira, ba… –keinu bat egin zuen eskuekin, deseroso zegoen bat-batean–, nahiko erraza da.

–Bai –esan zuen Lillyk–, nahiko erraza da. Nahiko erraza. Eta beste zerbait ere bada.

Lillyk distira berezia zuen begietan, tentsio berezi bat aurpegian, afonia gisako bat ahotsean. Mutilari begira ari zen, hura aztertzen. Hanka bat bestearen gainean gurutzatu zuen poliki.

–Gaizkileak gara, Roy. Egin diezaiogun aurre…

–Ez dugu izan beharrik, Lil. Berriz hastera noa hutsetik. Zuk ere egin dezakezu.

–Baina klase handikoak izan gara beti. Bizitza pribatuan orbangabe bizi izan gara. Izan dira zenbait gauza ezin egingo genituzkeenak…

–Badakit! Beraz, ez dago arazorik! Nik ahal dut… guk ahal dugu…

Emakumea hanka kulunkatzen ari zen poliki-poliki; intsinuatzen ari zitzaion, mutilari hizketan. Hipnotizatuta zeukan.

–Roy… zer, benetan zure ama ez naizela esango banizu? Ez gaudela senidetuta?

–Zer! –gorantz begiratu zuen harrituta mutilak–, zera, nik…

–Gustatuko litzaizuke, ezta? Jakina, baietz. Ez duzu niri esan beharrik. Ea, zergatik gustatuko litzaizuke, Roy?

Royk listua irentsi zuen minez, barre egiten saiatu zen, axolagabe. Eskuetatik ihesi zihoan dena, bere eskuetatik haren eskuetara. Bat-batean, sentimenduak argitu egin zitzaizkion, bat-batean bere burua ulertu zuen, eta izuak, pozak eta desirak esklabo egin zuten, eta mutuarazi.

–Roy… –hain leun esan zion, nekez entzun baitzezakeen.

–Ba-bai? –listua irentsi zuen berriz–, bai?

–Dirua nahi dut, Roy. Eduki egin behar dut. Zer egin behar dut horretarako?

“Lilly”, esan zuen, edo esaten saiatu zen, eta beharbada esan ere egin zuen esan nahi zuena. “Lilly, badakizu ez daukazula orain arte bezala ibiltzerik; badakizu harrapatuko zaituztela, akabatuko zaituztela. Badakizu lagundu besterik ez dizudala egin nahi. Niretzat hainbeste esan nahiko ez bazenu, diru madarikatua hartzen utziko nizuke. Baina gerarazi egin behar zaitut, nik… nik…

–Beharbada… –mutilarekin zintzo jokatu nahi zuen–, zer esan nahi duzu, ez didazula emango? Benetan, Roy? Ez? Edo bai? Iritzia aldaraz diezazuket? Zer egin dezaket lortzeko?

Eta nola esan behar zion berak? Nola esan behar zion Lillyri esaterik ez dagoena? Eta Lilly jaiki eta berarengana mugitu zen, Moira mugitu ohi zen grazia tentagarri berarekin… Moira, beste emakume heldu bat, funtsean Lilly izan zena… Lillyri erantzuten saiatu zen. Mutilaren aztoramen hura nahikoa zitzaion Lillyri.

–Zergatik ez duzu ura amaitzen, maitea? –esan zion. Eta, esker onez, arnasaldi hari ongietorri eginez, edalontzia jaso zuen. Eta Lillyk, poltsa astun hura indar guztiez eutsi eta ahal zuen bezainbat kulunkarazi zuen.

“Neure errua da”, esan zion Lillyk bere buruari. “Nola hazi dudan, beraren adina, nire adina, errieta eta zarata egiten nizkion, neba banu bezala; nire errua, nire sorkaria. Eta zer egin behar dut orain?”

Poltsak edalontzia jo eta zirtzilatu egin zuen. Poltsa ireki egin zen, eta dirua uholde berdean bota zuen. Gorriz zipriztindutako eta tindatutako uholdea.

Lillyk izututa begiratu zion mutilari. Semearen eztarritik borborka ari zen zauriari begiratu zion. Mutila jaiki egin zen aulkitik, aulkiari heldu nahian, eta kristal zati beldurgarri bat ageri zuen hatzen artean. Odola zeriola, esan zuen:

–Lil, nik… ze-zerga-tik… –belaunak tolestu zitzaizkion eta zerraldo erori zen gorriz zikindutako billetezko alfonbraren gainean.

Azkar bukatu zen dena. Lillyk azalpenik eman edo barkatzeko esan baino lehen ere… Ezer azaltzen edo barkatzeko eskatzen ibiltzeko arrazoirik baldin bazegoen, behintzat.

Besterik gabe, zikindu gabeko dirua alde batera jartzen hasi zen, billeteak metatzen. Bainugelako eskuoihal batean dirua bildu, bere arropa artean sartu, eta gelari azkeneko begiratua egin zion.

Dena garbi zegoela ematen zuen.  Semea Moirak hil zuen, bizirik ez zegoen batek. Jakina, bere hatz-markak gelako bazter guztietan zeuden, baina horrek ez zuen ezer esan nahi. Azken finean, Royren gelara joan zen bisitan mutila hil baino lehen eta, nolanahi ere, Lilly Dillon ofizialki hilda zegoen.

“Eta, beharbada, hilda nago”, pentsatu zuen. “Beharbada, nahiago nuke hilda egon!”

Bere burua besarkatu eta begiek semeari begira ziezaioten utzi zien. Bat-batean, negar-zotinak gorputza zeharkatu zion, eta emakumeak negarrari eman zion atergabe.

Igaro zen hori ere.

Barre egin zuen. Lurrean zegoen gauza hari isekaz begiratu zion kasik.

“Tira, umea, eztarria besterik ez da, ala?”

Eta gelatik eta hoteletik irten eta Aingeruen Hirian barrena abiatu zen.

Jim Thompson

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude