Maite Imaz
Orain dela hilabete batzuk, desigualdad eta diferencia terminoak euskaraz nola eman galdera etorri zitzaigun Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile zerbitzu Ofizialeko (IZO) Terminologia Atalera, generoaren eta berdintasunaren arloan dihardutenek gaztelaniaz biak bereizten dituztela eta, beraz, euskaraz ere bereizi beharra dauzkatela adieraziz.
Lehenengo tentazioa gauza bera esan nahi dutela pentsatu eta euskaraz modu bakarrean ematea izaten da askotan. Ohikoa da testu administratiboetan horrelakoak ikustea:
En la realización de la evaluación previa de impacto en función del género y la introducción de medidas para eliminar desigualdades y promover la igualdad que se prevén en los artículos 19 a 20 de esta ley, se ha de tener en cuenta la influencia que, en las diferencias entre mujeres y hombres, tienen los factores señalados en el último inciso del párrafo 1 del artículo 3.
|
Generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzerakoan –legeko 19. artikulua– eta ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzerakoan –legeko 20. artikulua–, kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunetan 3. artikuluko 1. paragrafoko azken tartekian adierazitako faktoreek daukaten eragina. |
Hori ikusita, pentsatuko genuke gaztelaniaz sinonimoak erabili direla eta euskaraz, berriz, ez. Baina ustezko sinonimoak ez dira sinonimo izango, dagokion arloko hizkuntza espezializatuan definituta dauden kontzeptu ezberdinak adierazten badituzte. Terminologia eta lexiko orokorra ez dira gauza bera; terminologia, hizkuntza espezializatua, konbentzio bat da: adituek kontzeptuak izendatzeko hartzen dituzten erabaki arbitrarioak, elkar ulertu ahal izateko. Kontzeptuak izendatzeko, terminoak erabiltzen dira, eta egoera ideala espezialitate eremu bateko kontzeptu bakoitzerako termino bakar bat erabiltzea, eta termino bakoitzak kontzeptu bakar bat adieraztea litzateke. Sinonimia eta polisemia desegokiak izaten dira espezialitate-eremuetako terminologian.
Kontzeptu bakoitzaren esanahiaz jabetu ahal izateko, galdera egin zigutenei testuingurua eskatu genien, eta bidali zizkiguten testuak ikusi ondoren konturatu ginen desigualdad kanpotik ezartzen den eta bereizkeria eragiten duen zerbait dela (introducción de medidas para eliminar desigualdades en función del género), eta diferencia berezko zerbait dela (las diferencias existentes entre mujeres y hombres en cuanto a su biología, condiciones de vida, aspiraciones y necesidades). Horrenbestez, hauek izan ziren Terminologia Atalaren proposamenak desigualdad eta diferencia emateko:
desigualdad = desberdintasun
Kontzeptualki, igualdad terminoaren antonimoa litzateke; alegia, igualdad terminoa diskriminaziorik ezarekin lotzen da, eta desigualdad, berriz, diskriminaziozko egoeraren batekin.
Gaztelaniazko igualdad terminoa, bere adierarik zabalenean (igualdad de oportunidades, igualdad de acceso a la justicia, principios de igualdad y progresividad…), berdintasun euskaratu da orain artean, eta, normala denez, generoaren arloan ere berdintasun erabili da (ia) sistematikoki. Hortaz, berdintasun terminoari eutsi egingo genioke, erabiltzaileen artean oso finkatuta dago eta.
Berdintasun kontzeptuaren aurrez aurre (edo antonimo gisa) desberdintasun proposatu dugu. Egia da beste aukera batzuk ere bazirela; esaterako, ezberdintasuna, berdintasunik eza, bereizkeria… Gure ustez, baina, behin berdintasun kontzeptua finkaturik, erro bereko izendapena erabiltzea komeni da kontrako esanahia adierazteko, kontzeptuak identifikagarriagoak izan daitezen.
Kontzeptuen identifikagarritasunaz gainera, terminologia-lanean aintzat hartu beharrekoa izaten da forma jakin batek eratorbiderako ematen dituen aukerak. Ari garen adibidean, igualdad (de género) eta desigualdad(es) (de género) izendapenek igual (trato igual) eta desigual (justicia desigual, atención desigual) adjektiboak erabiltzeko aukera eskaintzen dute. Euskaraz ere beste horrenbeste egitea komeni da, ahal dela, eta berdintasun eta desberdintasun hitzek horretarako aukera ematen dute, berdin eta desberdin adjektiboen bidez.
diferencia = diferentzia
Gaztelaniazko diferencia (de género) substantiboa diferentzia proposatu dugu. Ohartu gara beste ordain batzuk ere proposatu direla: alde(ak) eta ezberdintasun(ak), esaterako…, baina ikusirik ezen, gaztelaniazko testuetan, diferencia izena ez ezik diferenciado eta diferente adjektiboak ere erabiltzen dituztela kontzeptu beraren inguruko gertakariak izendatzeko (trato diferenciado, tratar de manera diferente…), euskaraz ere kategoria gramatikala aldatzeko aukera eskaintzen duen forma proposatzea komeni dela iruditu zaigu, eta diferentzia izena egokia da horretarako (diferente adjektiboa erabiltzeko aukera ematen digulako), alde(ak) ez bezala. Beste aukera (ezberdintasun) ez zaigu batere funtzionala iruditzen, desberdintasunak eta ezberdintasunak bereizten hastea oso nahasgarria iruditzen zaigu-eta.
Nik ere uste dut hobe dugula “diferentzia” hitz zaharra erabili, “desparekotasun” bezalako hitz berriak bultzatzen ibili beharrean.
Elhuyarkideon gogoeta da jarraian azalduko dudana.
Bego Montoriok 2013ko maiatzaren 16an blog honetan argitaratutako Bereizkeria artikulu bikainak eraginda (http://31eskutik.com/2013/05/16/bereizkeria/http://31eskutik.com/2013/05/16/bereizkeria/), ohartu ginen bagenuela zer hobetua Elhuyar Hiztegiko desigualdad sarreran. Begoren eta hari erantzun ziotenen iritziak kontuan izanik, eta beste zenbait hiztegitan argitaratutako informazioa eta Elhuyarren Web-corpusen Atariko corpus paraleloko datuak aztertuta, berridatzi genuen desigualdad sarrera. Irailean, Itzulist posta-zerrendan gai honen inguruan izandako différences Vs inégalités mezu-trukean hartu genuen parte, eta hemen irakur daiteke gure gogoeta eta proposamena: http://postaria.com/pipermail/itzul/2013-September/021617.html. Lan horren abiapuntuan diagnosi hau dago:
“Arazo hau ez zen gertatuko diferencia adierazteko diferentzia hitza nagusitu balitz, desberdintasun eta ezberdintasun hitzak desigualdad adierarekin espezializatzeko aukera egon zitekeelako. Baina badakigu ez dela horrela gertatu, eta artifizioa litzateke gaur egun desberdintasun = diferencia baliokidetza ez aitortzea eta gaitzestea. Beraz, badirudi desigualdaderako hasi behar dugula zerbait pentsatzen.”
Maite Imazen artikulua irakurrita, ikusi dugu IZOk ez duela irizpide horren arabera jokatu. Jakina, pentsatu egin beharko dugu, tentuz pentsatu ere, zer egin. Baina, ezer erabaki aurretik, uste dugu komeni dela aurreko diagnosi hori egiteko zertan oinarritu garen azaltzea, gure kezka partekatzeko, eta gai honetan interesa agertu duzuen irakurleon iritzia jakiteko.
Terminologia dela eta, gure kezka da, hain zuzen ere, hau ez dela terminologia-arloko kontu bat, ez dela espezializazio-hizkerako arazo bat, arloko adituen arteko komunikazioak eskatutako kontzeptu-bereizketa bat. diferencia/desigualdad bereizketa arlo guztietara zabaldu da; prentsan, telebistan, Interneten… denetan erabiltzen da. Eta hala behar du: denok arduratu behar gaituen arazo bat da, eta denok behar dugu kontzeptuak argi bereizteko tresneria, hau da, hitzak.
Kontrasterako, azter dezagun fisika-arloko bulkada / bultzada bikotea. Hizkuntza arruntean baliokideak dira, sinonimoak (edo kuasisinonimoak, behintzat). Fisikan, adituen artean adostu zen, arbitrarioki, bata impulso/impulse/impulsion eta bestea empuje/buoyancy/pousée (Arkimedesen printzipioarekin lotua) izatea. Zer interferentzia sortzen du erabaki horrek hizkuntza arrunteko bultzada eta bulkadarekin? Bat ere ez.
Baina gure irudipena da diferencia / desigualdad kasuaren egoera ez dela hori, eta ez dela egokia (ezta eraginkorra ere) bi kasu horietarako diagnosi bera egitea eta botika (irizpide terminologiko) bera erabiltzea.
Zer gertatzen da orduan espezialisten artean arbitrarioki erabakitzekoa ez den arazo batean irizpide terminologiko zurrun hori aplikatzen denean?
Bada, hitz batek erabat bereganatua daukan adiera bat baztertzea proposatzen dela… eta horren ezartze-eremua ez dela espezialisten arteko diskurtsoa!
desberdin (ezberdin) hitzak erabat bereganatuta dauka ‘diferente’ adiera, eta de factoko sinonimia dago; orobat desberdintasun, ‘diferencia’ erabat adiera arrunta eta zabaldua baita. Gainera, desberdin ez da hitz berria, ez da “diferente ez erabiltzeagatik azken urteotan asmatu den hitza”. Ikus OEH:
desberdin 1. Distinto, diferente; desigual, desparejo. “Oñetako desberdiñekin dijoa (G-azp)” Gte Erd 237. v. ezberdin. Tr. El primer testimonio es de mediados del s. XVIII; desde finales del mismo se documenta mejor en textos meridionales. Los ejs. escasean en la 1.a mitad del s. XX; posteriormente vuelve a emplearse con cierta frecuencia.
IZOren irizpideak inpaktu handia du hizkuntza arruntean edo orokorrean, maila horretan ezarri behar delako desberdinen adiera estandar eta finkatuaren murriztapena, ez espezialisten artean soilik. Ezin da bultzada/bulkada kasuarekin konparatu. Bego Montoriok arazoa planteatu zuen, hain zuzen ere, desigualdad adierazteko desberdintasun erabili ohi delako (ikus Itzulisteko mezuan eman genituen Elhuyar Web-corpus elebiduneko datuak), eta gehienok hori diferenciatzat hartzen dugulako; edo, gutxienez, anbiguoa zaigu, eta ez digu balio bereizketa argia egin behar denerako.
Hona hemen adibide batzuk, non, gure iritziz behintzat, desberdin = diferente interpretatuko litzatekeen:
“Nuestra civilización moderna ha creado un mundo desigual en el que el máximo bienestar convive con la pobreza más extrema.” (http://www.hiru.com/geografia/proyectos-de-cooperacion-y-ayuda-al-desarrollo)
Hau da http://www.hiru.com/eu/geografia/proyectos-de-cooperacion-y-ayuda-al-desarrollo helbidean dagoen itzulpena:
“Gure zibilizazio modernoak mundu desorekatu bat sortu du, non gehienezko ongizatea izugarrizko txirotasunarekin elkarbizitzan dagoen.”
Itzulpena “Gure zibilizazio modernoak mundu desberdin bat sortu du” balitz, zer ulertuko genuke? Egingo genuke “mundu ‘diferente’ bat” litzatekeela interpretazio ohikoena.
Euskonewseko honetan (http://www.euskonews.com/0324zbk/gaia32404es.html), berriz:
“Desde un punto de vista ético, el reparto de los recursos mundiales es muy desigual.”
honela itzuli da:
“Ikuspegi etiko batetik, errekurtsoen banaketa munduan oso ezberdina da.”
Gaztelaniazkoa irakurri gabe, euskarazkoak zer iradokitzen du, banaketa hori ‘desorekatua’ dela, injustua, parekotasun-printzipioaren kontrakoa? Guk ulertzen dugu banaketa hori modu ‘diferentean’ egin dela, baina desigual/unequal ideia ondo transmititzen da?
Horixe da gure kezka; eta ez dugu uste adibide horiek salbuespena direnik.
Gure ustez, diferentzia/desberdintasun bereizketa interesgarria izan “zitekeen”, baina errealitatea bestelakoa da, eta hori aldatu nahi izatea… Seguru aski, inpaktu txikiagokoa da desigualdaderako berariazko hitz bat erabiltzen hastea; itxuraz “aparatosoagoa” da, baina ondo neurtu behar ditugu benetako inpaktuak, ez lehen begiratuan antzematen zaienak soilik.
Jakina, desigualdaderako desberdintasun ez den proposamen bat edo batzuk egitea komeni dela uste izateak Koldo Bigurik kritikatu duen bidetik abiarazi gaitu. Guk ere ez dugu erabat gogobetetzen gaituen irtenbiderik aurkitu. Galdera da bila jarraitzea merezi duen.
Jaione Aramendi eta Koldo Dorronsoro
IZOko Terminologia Atala
EDITOREEN OHARRA: Erantzun hau aparteko dokumentu moduan ere editatzea erabaki dugu, duen luzeragatik eta formagatik (bukaerako irudia ezin izan dugu hemen sartu, adibidez). Aparteko dokumentua zabaldu nahi izanez gero, sakatu esteka; bestela, segi irakurtzen behean.
http://tinyurl.com/q8wh8mj
Maite Imazek Desberdintasunak eta diferentziak izenburupean argitaratutako artikulua dela eta (http://31eskutik.com/2013/10/25/desberdintasunak-eta-diferentziak/), gure ikuspegia azaldu nahi genuke.
Kasu honetan, Emakundeko adituen kontsulta batetik abiatu ginen. Hau izan zen galdera:
“Esan bezala, zalantza handiak ditugu erabakitzeko nola eman euskaraz bi termino: desigualdad eta diferencia. Batetik, Emakunden ari diren tutoreek behar dituzte; eta bestetik, berdintasun teknikarien mintegiaren tutoreak. Berdintasun teknikariek, gainera, argitaratuko den gida batean erabiltzeko behar dituzte, web-guneak diseinatzean berdintasun-irizpideak nola txertatu azalduko duen gidan, hain zuzen.”
Lehenik eta behin, ohartzen gara gizarte-zientzien eremuko kontzeptuen aurrean gaudela, eta gizarte-zientziak, hain zuzen ere, labankorrak direla kontzeptualizazioari dagokionez, eremu zientifiko teknikoetan ez bezala, igorlearen subjektibitatearen baitan baitago, neurri handi batean, diskurtso horren eraikuntza. Alde horretatik, bat egiten dugu T. Cabrérekin, hizkuntza espezializaturik ez, baizik eta hizkuntzaren erabilera espezializatua dagoela dioenean, eta diskurtso espezializatuetan maila asko daudela: oso-oso diskurtso espezializatuetatik hasita, hizkera arruntetik oso hurbil dauden diskurtsoetarainokoak.
Ez dugu zalantzarik egiten, gaia era batekoa edo bestekoa izan, espezialitate-maila hizkera arruntetik oso hurbil egon edo eremu espezializatu jakin batekoa izan, adituek (edozein arlotakoak direla) beren diskurtsoan adierazitako kontzeptuak mugatzeko orduan duten kontrolak (sarritan azalpen metalinguistikoak emanez) baldintzatzen duela diskurtso horren “espezialitatetasuna”.
Gure lan-esparrua terminologia aplikatua da, ez teorikoa, ezta deskriptiboa ere, nahiz eta erantzuten ditugun kontsulta puntualetan beti-beti deskribapenetik/erabileraren azterketatik abiatzen garen, Gure lanaren helburua da itzultzaileei gaztelaniazko testuen edukia euskaraz adierazteko beharrezko dituen baliabideak eskaintzea; batzuetan, kontzeptu bat izendatzeko euskaraz inolako ordainik (ez “onik”, ez “txarrik”) ez daukatelako (ez baitugu erraz aurkitzen adituek berek “modu naturalean” sortutako terminologia ); beste batzuetan, aukeran dituzten ordainen aldakortasunak/ugaritasunak esku hutsik egoteak baino zalantza gehiago sortzen dielako.
Desigualdad/diferencia pareari dagokionez, gure abiapuntua lexiko orokorreko hiztegiak izan ziren.
Egindako azterketaren arabera, beste hizkuntza batzuetan, “(des)igualdad” hitzak egina du adiera bereziturako bidea; adibidez:
DRAE:
igualdad.
(Del lat. aequalĭtas, -ātis).
…
~ ante la ley.
1. f. Principio que reconoce a todos los ciudadanos capacidad para los mismos derechos
Oxford Advanced Learners Dictionary
equal
adjective
1 the same in size, quantity, value, etc. as something else
…
2 having the same rights or being treated the same as other people, without differences such as race, religion or sex being considered.
…
3 equal to something (formal) having the necessary strength, courage and ability to deal with something successfully
unequal
ADJECTIVE
1 in which people are treated in different ways or have different advantages in a way that seems unfair
…
2 unequal (in something) different in size, amount, etc
…
3 unequal to something (FORMAL) not capable of doing somethingShe felt unequal to the task she had set herself.
Hiztegi terminologikoetan areago:
Cercaterm
igualtat
ca igualtat, n f
es igualdad
Marc de referència > Principis i garanties>
Condició per la qual s’ha de poder accedir als serveis socials i s’han de poder utilitzar sense discriminació arbitrària per raó de circumstàncies personals, socials o territorials.
Nota: La igualtat és un principi rector del sistema públic de serveis socials.
Ikusi dugunez, equality/inequality; igualdad/desigualdad, egálité/inégalité… izenek badute adiera berezitua giza eskubideen arloan.
Ordaina emateko orduan, ez genion egoki iritzi baztertzeari euskaraz oinarrizko printzipio hori izendatzeko orain arte erabilitakoa: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren Legea, berdintasun planak, berdintasunerako teknikariak, berdintasunerako politikak…
Euskaltzaindiaren Hiztegian adiera horren adibide argiak topatu genituen: Legearen aurreko berdintasuna, bi sexuen berdintasuna, giza berdintasunaren erroa…
Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan, desberdintasun hitzaren lehen adiera bete betean bat dator, desigualdad hitzak kasu honetan hartzen duen adierarekin:
desberdintasun 1. iz. Berdintasunik eza. Ik. ezberdintasun. Gizarte desberdintasunak.
Diferenciari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko (des)berdintasunaren arloko diskurtsoaren barruan, hain zuzen ere, badirudi inguruko hizkuntzetan aski finkatuta dagoela 70. hamarkadako feminismo-ildo batek bere teoria politikoa adierazteko erabili zuen izendapena:
es feminismo de la diferencia
en difference feminism
fr féminisme de la différence
it femminismo della differenza
Euskaraz ere, diferentziak egin du bere bidetxoa:
http://www.argia.com/argia-astekaria/2189/troiako-behorrak
…diferentziaren feminismoa berdintasunaren feminismoaren parean kokatu zen tinko…
http://paperekoa.berria.info/berria/2008-04-20/006/004/%3Cspan_class=mota%3EHEMEROTEKA_Ministr@_%3Cspan_class=izena%3E_DEIA_%AD_KATIXA_AGIRRE.htm
…berdintasunaren feminismoa, gizon eta emakumearen berdintasun totalaren aldekoa dena, eta diferentziaren feminismoa, emakumearen berezko ezaugarriak azpimarratu eta goraipatzen dituena…
http://kritikak.armiarma.com/?p=1536
…Eta feminismoaren susperraldiak korronte aniztasuna ekarri zuen arren, bi korronte izan ziren nagusi: berdintasunaren feminismoa eta diferentziaren feminismoa. Lehenak, aldarrikapen politikoei ematen zien lehentasuna (legeek arauturiko berdintasunari, alegia); eta bigarrenak, aldiz, sakonago aldarrikatzen zituen gizarte, etika eta existentzia mailako aspektuak…
Nahiz eta badiren desberdinatsunetik jotzen duten proposamenak ere, gutxiago badira ere:
http://www.ehu.es/argitalpenak/images/stories/tesis/Humanidades/ALVAREZ%20URIA.pdf
…Desberdintasunaren feminismoa deituriko joera edo korrontea…
Ildo horretan, aipatu beharra daukagu Elhuyarren egindako itzulpen-lan bat, non, oker ez bagaude, desigualdad/diferencia desberdintasun/diferentzia emanda dagoen.
SOZIOLOGIA ETA HEZKUNTZA : HEZKUNTZA-SISTEMA GIZARTE MODERNOETAN FUNTZIOAK, ALDAKETAK ETA GATAZ
Autor:TABERNER GUASP, JOSÉ
[itzultzailea, Elhuyar Fundazioa, Enara Azkue, Patxi Petrirena]
ISBN: 978-84-9860-305-7
EAN: 9788498603057
Año: 2010
Precio: 14 €
Editorial: UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO. SE
Nº páginas: 306
Encuadernación: Guaflex
Comentario: Hezkuntzaren Soziologiako eskuliburu labur bat da hau. Publiko zabal bati zuzendua dagoenez, idazleak uztartu egin ditu, batetik, edukiaren zehaztasuna, batasuna eta trinkotasuna eta, bestetik, azalpenaren estilo arin eta narratiboa. Liburuan, prozesu hauek aztertu dira hezkuntza-instituzioaren ikuspegitik, batez ere Espainia kontuan izanda: sozializazioa, estratifikazioa, gatazka, menderakuntza, garapena eta gizarte-aldaketa. Desberdintasunaren eta diferentziaren gaiari heltzen zaio, hala gizarte-klaseen ikuspegitik nola generoaren, kultura-ezaugarrien eta identitate nazionalaren ikuspegitik. Azken aspaldian sorturiko eztabaidak ere jaso dira, hezkuntzaren alderditik begiratuta: neoilustratuak eta postmodernoak; integratzaileak eta multikulturalistak; globalizazio neoliberalarekin kritiko direnak eta haren aldeko sutsuak…
Horiek izan dira, labur bilduta, gure zerbitzuari egindako kontsulta puntuala erantzuteko orduan kontuan hartutakoak.
Ohartxo bat A. Gurrutxagak jarritako adibideen inguruan (“mundo desigual”, “reparto desigual”…), zeinetan erakusten den desegokia dela euskaraz desberdin izenondoa erabiltzea ordain gisa; izan ere, sintagma horietan ageri den oztopoa itzulpen-estrategiako kontua iruditzen zaigu, arazo lexiko terminologiko baino gehiago.
Batetik, irudipena dugu, gaztelaniazko sintagma horietan, “café sostenible”, “conciliación” eta antzekoetan gertatzen den jauzi semantikoa gertatzen dela (mundo desigual = mundo con/lleno de desigualdades sociales, económicas…), eta, bestetik, itzulpen estrategiei gagozkiola, itzulpen-lanetan, ez da beti gertatzen (eta ez da zertan gertatu) jatorrizko testuaren kategoria gramatikal baten ordain gisa xede-hizkuntzan kategoria bera ematea.
Jokoa edozein dela ere (berdintasun/desberdintasun/diferentzia edo berdintasun/desparekotasun/desberdintasun), jakin egin behar da izendapen bakoitzak diskurtso jakin horretan duen adiera, eta beste horrenbeste gertatzen da, gure ustez, inguruko erdaretan ere.
Amaitzeko, ariketatxo bat:
(Ikus aparteko dokumentua)