Maite Imaz
Orain dela hilabete batzuk, desigualdad eta diferencia terminoak euskaraz nola eman galdera etorri zitzaigun Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile zerbitzu Ofizialeko (IZO) Terminologia Atalera, generoaren eta berdintasunaren arloan dihardutenek gaztelaniaz biak bereizten dituztela eta, beraz, euskaraz ere bereizi beharra dauzkatela adieraziz.
Lehenengo tentazioa gauza bera esan nahi dutela pentsatu eta euskaraz modu bakarrean ematea izaten da askotan. Ohikoa da testu administratiboetan horrelakoak ikustea:
En la realización de la evaluación previa de impacto en función del género y la introducción de medidas para eliminar desigualdades y promover la igualdad que se prevén en los artículos 19 a 20 de esta ley, se ha de tener en cuenta la influencia que, en las diferencias entre mujeres y hombres, tienen los factores señalados en el último inciso del párrafo 1 del artículo 3.
|
Generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzerakoan –legeko 19. artikulua– eta ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzerakoan –legeko 20. artikulua–, kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunetan 3. artikuluko 1. paragrafoko azken tartekian adierazitako faktoreek daukaten eragina. |
Hori ikusita, pentsatuko genuke gaztelaniaz sinonimoak erabili direla eta euskaraz, berriz, ez. Baina ustezko sinonimoak ez dira sinonimo izango, dagokion arloko hizkuntza espezializatuan definituta dauden kontzeptu ezberdinak adierazten badituzte. Terminologia eta lexiko orokorra ez dira gauza bera; terminologia, hizkuntza espezializatua, konbentzio bat da: adituek kontzeptuak izendatzeko hartzen dituzten erabaki arbitrarioak, elkar ulertu ahal izateko. Kontzeptuak izendatzeko, terminoak erabiltzen dira, eta egoera ideala espezialitate eremu bateko kontzeptu bakoitzerako termino bakar bat erabiltzea, eta termino bakoitzak kontzeptu bakar bat adieraztea litzateke. Sinonimia eta polisemia desegokiak izaten dira espezialitate-eremuetako terminologian.
Kontzeptu bakoitzaren esanahiaz jabetu ahal izateko, galdera egin zigutenei testuingurua eskatu genien, eta bidali zizkiguten testuak ikusi ondoren konturatu ginen desigualdad kanpotik ezartzen den eta bereizkeria eragiten duen zerbait dela (introducción de medidas para eliminar desigualdades en función del género), eta diferencia berezko zerbait dela (las diferencias existentes entre mujeres y hombres en cuanto a su biología, condiciones de vida, aspiraciones y necesidades). Horrenbestez, hauek izan ziren Terminologia Atalaren proposamenak desigualdad eta diferencia emateko:
desigualdad = desberdintasun
Kontzeptualki, igualdad terminoaren antonimoa litzateke; alegia, igualdad terminoa diskriminaziorik ezarekin lotzen da, eta desigualdad, berriz, diskriminaziozko egoeraren batekin.
Gaztelaniazko igualdad terminoa, bere adierarik zabalenean (igualdad de oportunidades, igualdad de acceso a la justicia, principios de igualdad y progresividad…), berdintasun euskaratu da orain artean, eta, normala denez, generoaren arloan ere berdintasun erabili da (ia) sistematikoki. Hortaz, berdintasun terminoari eutsi egingo genioke, erabiltzaileen artean oso finkatuta dago eta.
Berdintasun kontzeptuaren aurrez aurre (edo antonimo gisa) desberdintasun proposatu dugu. Egia da beste aukera batzuk ere bazirela; esaterako, ezberdintasuna, berdintasunik eza, bereizkeria… Gure ustez, baina, behin berdintasun kontzeptua finkaturik, erro bereko izendapena erabiltzea komeni da kontrako esanahia adierazteko, kontzeptuak identifikagarriagoak izan daitezen.
Kontzeptuen identifikagarritasunaz gainera, terminologia-lanean aintzat hartu beharrekoa izaten da forma jakin batek eratorbiderako ematen dituen aukerak. Ari garen adibidean, igualdad (de género) eta desigualdad(es) (de género) izendapenek igual (trato igual) eta desigual (justicia desigual, atención desigual) adjektiboak erabiltzeko aukera eskaintzen dute. Euskaraz ere beste horrenbeste egitea komeni da, ahal dela, eta berdintasun eta desberdintasun hitzek horretarako aukera ematen dute, berdin eta desberdin adjektiboen bidez.
diferencia = diferentzia
Gaztelaniazko diferencia (de género) substantiboa diferentzia proposatu dugu. Ohartu gara beste ordain batzuk ere proposatu direla: alde(ak) eta ezberdintasun(ak), esaterako…, baina ikusirik ezen, gaztelaniazko testuetan, diferencia izena ez ezik diferenciado eta diferente adjektiboak ere erabiltzen dituztela kontzeptu beraren inguruko gertakariak izendatzeko (trato diferenciado, tratar de manera diferente…), euskaraz ere kategoria gramatikala aldatzeko aukera eskaintzen duen forma proposatzea komeni dela iruditu zaigu, eta diferentzia izena egokia da horretarako (diferente adjektiboa erabiltzeko aukera ematen digulako), alde(ak) ez bezala. Beste aukera (ezberdintasun) ez zaigu batere funtzionala iruditzen, desberdintasunak eta ezberdintasunak bereizten hastea oso nahasgarria iruditzen zaigu-eta.