Oskar Arana Ibabe
Hizkera juridikoaren normalizazioak ekarriko du, edo ekarri beharko luke, batzuetan aurkitu ohi dugun bitasun terminologikoak bateratzera jotzea, ondoko hizkuntzetan bezala. Zenbat eta finkatuago hizkera juridikoa, orduan eta erabiltzen errazago, orduan eta bere xederako egokiago eta eraginkorrago, orduan eta fidagarriago komunitate juridikoko kideentzat, abokatu, epaile, funtzionario nahiz herritarrentzat. Nahiz eta gehiena konbentzioa izan hizkera juridikoan ere, hau da, itun moduko bat, eta nahiz eta bitasun terminologikoa bera ere itundua edo konbentzioz onartua izan daitekeen, ez dirudi hori ontzat ematen duenik metodologia terminologikoak. Badira zenbait urte zuzenbiderako ezinbestekoak diren hainbat testu itzuli zirela euskarara, zuzenbide pribatuaren nahiz publikoaren bizkarrezurra eratzen duten testuak, nolabait esatearren. Hor dira, besteak beste, kode zibila, zuzenbide pribatuan; zigor kodea, zuzenbide publikoaren adarretako batean; edo administrazio-prozeduraren legea, administrazio-zuzenbidean. Eta, harrezkero, hainbat eta hainbat lege eta kode, corpus juridiko euskaratu handi samarra eta aski eratua ekarri digutenak. Koskak leuntzea ere eginbeharra dukegu, beraz, haien arteko koherentziarik eza berdindu beharra, beharbada. Batzuetan, koska horiek terminologikoak izaten dira; beste batzuetan, hizkeraren beste alderdi batzuei dagozkie, ez baitira urteak alferrik igaro, terminologiarako bezala beste arlo batzuetarako ere. Itzultzaileok, tarteka, eguneroko lanean, koska horiek atzematen ditugu, edo atzeman uste ditugu, eta ikerketatxoren bat egin eta koska horiei irtenbiderik ez aurkitzea ere sarri samar gertatzen zaigu. Baliteke ondoren aipatuko dudana kasu horietakoa izatea. Hara:
Gaztelaniazko expreso/tácito bikoteaz ariko naiz.
Frantsesez eta ingelesez, forma beretik abiatzen dira, eta honela definitzen dituzte (zuzenbidearen erabileremuko adiera-markarekin frantsesez):
Frantsesez:
exprès, esse: En droit. Qui exprime formellement la volonté de qqn. Il y a deux conditions expresses. Défense expresse. (Le Robert)
Zeinak, bide batez, Orotarikoan espres artikuluan jasotzen den lehenbiziko adierako lehenbiziko adibidearekin bat datorrela ematen baitu:
Espres
1. Expreso. Eztrauzuegu manamendu expresez defendatu etzinezaten irakats izen horretan? Lç Act 5, 28 (He expresez; Dv hertsiki, Ol zorrozki). Eta hil baino lehen eman zian kargu exprez bere domestikoer. Tt Arima 118.
Ingelesez:
express (adj): Specific or precise; directly and distinctly stated; not merely implied (wikipedian).
I gave him express instructions not to begin until I arrived, but he ignored me.
This book cannot be copied without the express permission of the publisher.
Europar Batasuneko IATE terminologia-bankuan:
ES conformidad expresa de las partes
DE ausdrückliche Zustimmung der Parteien
EL ρητή συναίνεση των διαδίκων
EN express consent of the parties
FR accord exprès des parties
IT espresso consenso delle parti
PT acordo expresso das parte
LAW (Council)
ES consentimiento tácito
DA stiltiende samtykke
EL σιωπηρή συναίνεση
EN implied consent
FI hiljainen suostumus
FR consentement tacite
IT consenso tacito
NL stilzwijgende toestemming
SV tyst samtycke
Euskaraz zer dugun galdetuz gero, Euskaltermek:
consentimiento expreso: adostasun adierazi/esanbidezko adostasun
consentimiento tácito: isilbidezko adostasun
acto expreso: egintza espresu (4. Ponderazio-markarekin)
Eta Euskara Juridikoaren Atariko glosategi juridikoak:
actos expresos y presuntos/Egintza espresu eta presuntziozkoak
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko legea aipatuz iturritzat.
Eta,
ebazpen espresu/resolución expresa
Lan-prozedurari buruzko legea aipatuz iturritzat.
Testu nagusietan zer dabilen ikusiz gero, berriz:
Kode Zibilean:
A los efectos de la constitución o cesión de derechos sobre bienes en tránsito, éstos se considerarán situados en el lugar de su expedición, salvo que el remitente y el destinatario hayan convenido, expresa o tácitamente, que se consideren situados en el lugar de destino. | Igarobide-ondasunen gaineko eskubideak eratu edo lagatzeari dagokionez, ondasunok nondik igorri eta bertan daudela ulertuko da, salbu eta igortzaileak eta jasotzaileak esanbidez edo isilbidez hitzartu dutenean ondasunok helmugan daudela ulertzea. |
Administrazio-prozeduraren legean:
f) Los actos expresos o presuntos contrarios al ordenamiento jurídico por los que se adquieren facultades o derechos cuando se carezca de los requisitos esenciales para su adquisición. | f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horiek ahalmen edo eskubideak eskuratzeko bide ematen badiete, horretarako funtsezko betekizunak ez dituztenei |
Beraz, acto expreso: egintza espresu, adierazi, esanbidezko / acto presunto: egintza presuntziozko; acto tácito: isilbidezko, edo consentimiento expreso: esanbidezko adostasun, adostasun espresu / consentimiento tácito: isilbidezko adostasun aukerak dabilzkigu, oraintxe bertan indarrean dabiltzan testuetan.
Bateratasun terminologikorik eza, erabilerak ebatziko du agian, denborarekin, eta ez dago zertan kezkatu.
Dena den –eta litekeena da, nolanahi ere, hor aipatu dudan hori ez izatea adibiderik egokiena orain esango dudana argitzeko–, batzuetan aipatu izan da, zuzenbideko eta administrazioko testuak itzultzen dabiltzanen artean, ea komeniko ote litzatekeen indarrean diren testuak eguneratzea joan deneko urteotan hizkera juridikoaren hainbat arlotan –ez soilik terminologiarenean, baita joskeran eta puntuazioan ere– izan diren aurrerapenen arabera. Ez dakit ba ote den munduan beste inon antzeko egoerarik, alegia, ba ote diren hizkuntza txikiagoak, gurea bezala, ondoko hizkuntza handiagoek zuzenbide- eta administrazio-hizkeran duten mailara iristeko ahaleginean baliabideak eta moldeak berritu eta eguneratu dituztenak eta, zuzenbidearen arloa ere bereganatu ahala, ohartu direnak ezen, indarrean diren lege-testuen edukiari dagokion legezko aldaketarik izan ez denean ere, badagoela horien testu itzuliak eguneratzeko beharra eta, hartara, are indarrean diren testu itzulien aldaera eguneratuak berriro argitaratu beharra ere, legezko indarrez. Hots, litekeena dela hizkuntzaren normalizazioaren poderiozko indargabetze eta berrargitaratzeak egin beharra, nahiz eta jatorrizko hizkuntzazko lege-testuak berean iraun. Ez dakit ba ote den munduan hori egiteko aukera ematen duen lege-ordenamendurik, ez eta nola egiten den ere. Baina hainbat bider aipatu izan da kontu hau, eta ez du irtenbide errazik. Beharbada, lege- eta zuzenbide-arloko itzulpenean, euskarak klausula berezi bat beharko luke lege-ordenamenduan, azken xedapen moduko bat, honako hau edo antzeko zerbait esango lukeena: «Aukeran izango dute euskara ofizial den lurraldeetako agintariek gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko lege-testu jatorrizkoen itzulpen bidezko testu euskaratuak aldatzeko, edukiari ezertan eragin gabe, euskara juridikoan eta administratiboan gertatzen diren berrikuntza, hobekuntza eta garapen terminologiko, joskerazko eta estilozkoen arabera, eta Euskaltzaindiaren arau berrien arabera, jatorrizko testuak bere hartan inongo aldaketarik gabe iraun arren».
Zer, bestela?
Kaixo! Oso gai interesgarria da, zinez. Hementxe duzu zeharka, bederen, gaiarekin zerikusia duen artikulu bat, interesatuko zaizulakoan: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/Eleria/03/03041050.pdf
“Nafarroako eta Euskadiko
komunitate politikoen izen
ofizialak: euskal izenari buruzko
eskumenaz iruzkinak”, EHUko Xabier Arzoz Santisteban Adminstrazio Zuzenbide irakaslearena.
Kaixo! Oso gai interesgarria da, zinez. Hemen duzu zeharka, bederen, gaiarekin zerikusia duen artikulu bat, interesatuko zaizulakoan. Xabier Arzoz Santisteban EHUko Administrazio Zuzenbide irakasleak idatzia da:”Nafarroako eta Euskadiko komunitate politikoen izen ofizialak: euskal izenari buruzko eskumenaz iruzkinak”: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/Eleria/03/03041050.pdf