Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Hitz batzuek iragan denborako oihartzunak ekartzen dizkidate atzera, nire haurtzaroko koloreei, batzuetan margul besteetan bizi ageri zaizkidan irudi eta lurrinei atxikiak daudelako nolabait nire bihotz-burmuinetan. Eta holako hitz bat duzue gaur honat ekarri nahi dudana: maribistako.
Maribistako da hitz bat garai bateko Iruñeko erdaldunen ahotan noizean behin aditzen zena, gure auzoan ohiko samarra zenean aditzea «dicen que va a langarrear», «se están muriendo los zugarros», «no seas zacarro» edo «me tendrás que dar algo a ordea»; eta Unzu erostetxeetara amarekin tapaki bat erostera joan eta saltzaileak normal-normal esaten zuenean «qué le parece esta manta, señora, es muy gosho». Zeren, blog honetan agertutako Gaztelaniaz, nik beti «abuela» testuak eragindako iritzi-trukean aipatu zen bezala, Iruñean ere euskarazko hitz anitz agertzen baitziren gaztelaniazko solasetan, hiztunen oharkabean maiz, euskal jatorrizkoak zirela jakin gabe erabiltzen ziren-eta askotan.
José María Iribarrenen Vocabulario Navarrok honela dio:
MARIBISTACO. De maribistaco: Aplícase a los objetos de bonita apariencia, pero de corta duración y pésimo resultado; a las engañifas. (Tierra Estella, Puente la Reina, Pamplona, Montaña).
Hauxe, berriz, Antzingo Udalaren (Egaibar, Lizarrako merindadea) web-orrian irakurgai dagoen hiztegiak, hango hizkeraren euskal jatorriko hitzak biltzen dituenak:
MARIBISTAKO: así le dicen todavía en una familia del pueblo a lo de mucha apariencia pero de poco valor: «Es un vestido de maribistako».
Baztango Mintzoa: gramatika eta hiztegiak ere badakar:
maribistako (maribisteko) ‘itxura egiteko bakarrik balio duena’: unek eztu balio, au maribisteko bat da.
Eta Elhuyar eta Labayru hiztegiek jasotzen ez badute ere, Orotarikoan badago (mari-bistako), aurreko adibide bera agertzen delarik, besteak beste.
Euskalerria Irratiko Pipitaki-papataki lehiaketan maribistako hitza proposatu zuten (orain dela 16-18 urte) eta, entzuleek esandakoaren arabera, Nafarroako eskualde askotan erabiltzen zen (da?).
Egun, gehien-gehiena maribistako den honetan (arropak, gailuak, gure ondasunak eta jendaurreko jarrerak), bitxia gure solas eta testuetan hitz horren hain premia txikia sumatzea.
Polita eta nic ez nequiena.
Garai bateko Errenteriako neska-mutil euskaldun eta erdaldun batzuoi ere behintzat, eskola eta kale erdaldun haietan, “hacer un chulo para jugar a canicas”, “hacer hucha con el balón”, “comprar un zorro de pepitas”(Facundo, jakina, bolatxo horia zuela!), “dejar la maleta del cole en el apal”, “poder comer el gorringo”, “ser hamalau”, “hacerse daño en la cococha”, eta beste makina bat normal-normal ateratzen zitzaizkigun gaztelaniaz ari ginelako uste osoan.
Eskerrik asko, Itziar, usain hura freskatzen laguntzeagatik.