Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Hitz batzuek iragan denborako oihartzunak ekartzen dizkidate atzera, nire haurtzaroko koloreei, batzuetan margul besteetan bizi ageri zaizkidan irudi eta lurrinei atxikiak daudelako nolabait nire bihotz-burmuinetan. Eta holako hitz bat duzue gaur honat ekarri nahi dudana: maribistako.
Maribistako da hitz bat garai bateko Iruñeko erdaldunen ahotan noizean behin aditzen zena, gure auzoan ohiko samarra zenean aditzea «dicen que va a langarrear», «se están muriendo los zugarros», «no seas zacarro» edo «me tendrás que dar algo a ordea»; eta Unzu erostetxeetara amarekin tapaki bat erostera joan eta saltzaileak normal-normal esaten zuenean «qué le parece esta manta, señora, es muy gosho». Zeren, blog honetan agertutako Gaztelaniaz, nik beti «abuela» testuak eragindako iritzi-trukean aipatu zen bezala, Iruñean ere euskarazko hitz anitz agertzen baitziren gaztelaniazko solasetan, hiztunen oharkabean maiz, euskal jatorrizkoak zirela jakin gabe erabiltzen ziren-eta askotan.
José María Iribarrenen Vocabulario Navarrok honela dio:
MARIBISTACO. De maribistaco: Aplícase a los objetos de bonita apariencia, pero de corta duración y pésimo resultado; a las engañifas. (Tierra Estella, Puente la Reina, Pamplona, Montaña).
Hauxe, berriz, Antzingo Udalaren (Egaibar, Lizarrako merindadea) web-orrian irakurgai dagoen hiztegiak, hango hizkeraren euskal jatorriko hitzak biltzen dituenak:
MARIBISTAKO: así le dicen todavía en una familia del pueblo a lo de mucha apariencia pero de poco valor: «Es un vestido de maribistako».
Baztango Mintzoa: gramatika eta hiztegiak ere badakar:
maribistako (maribisteko) ‘itxura egiteko bakarrik balio duena’: unek eztu balio, au maribisteko bat da.
Eta Elhuyar eta Labayru hiztegiek jasotzen ez badute ere, Orotarikoan badago (mari-bistako), aurreko adibide bera agertzen delarik, besteak beste.
Euskalerria Irratiko Pipitaki-papataki lehiaketan maribistako hitza proposatu zuten (orain dela 16-18 urte) eta, entzuleek esandakoaren arabera, Nafarroako eskualde askotan erabiltzen zen (da?).
Egun, gehien-gehiena maribistako den honetan (arropak, gailuak, gure ondasunak eta jendaurreko jarrerak), bitxia gure solas eta testuetan hitz horren hain premia txikia sumatzea.