Aiora Jaka Irizar
Euskaldunok beti poztu izan gara euskararen genero-bereizketa ezaz, batez ere inguruko erdarak maskulinoaren mendeetako nagusitasunari aurre egin eta arazoari irtenbide asebetegarri bat emateko ahaleginean formula astun (los/las ciudadanos/ciudadanas vascos/vascas…) bezain barregarriak (personas infantiles) asmatzen ikusten ditugun garaiotan. «Eskerrak guk ez dugun halakoen beharrik! —pentsatzen dugu maiz, kopetako izerdia lehortzearekin batera—. Behingoagatik, euskara askoz ere sinpleagoa da!». Bada, azkenaldian, behin baino gehiagotan bihurtu zait arazo itxuraz hain erraza dirudien auzia, hainbat itzulpenen aurrean beste hizkuntzetako itzultzaileek hartu behar ez duten erabaki bat hartzera behartuta ikusi izan dudalako neure burua.
Erdaretako maskulino generikoa euskaratzeko ez daukagu inolako arazorik: les politiciens français, esaterako, «frantses politikariak» itzuliko genuke, eta kitto. Arazoak, ordea, genero-marka orokorra ez, baizik eta espezifikoa denean sortzen dira (edo sor daitezke, behintzat): un amigo «lagun bat» da, jakina, baina una amiga ere berdin-berdin da «lagun bat». Kasu askotan horrek ez dauka garrantzirik, eta ez dugu «emakumezko lagun bat» edo «gizonezko lagun bat» itzultzeko beharrik sentitzen, erdal izen-sintagmak daukan informazio gehigarri hori euskaraz testuinguruak ematen duela iritzita edo informazio gehigarri hori testua ulertzeko ezinbestekoa ez dela pentsatuta.
Dena den, esango nuke halakoetan ere gure kontzientzia matxista gailentzen zaiola maiz gure kontzientzia feministari: ziur naiz hamar itzultzailetik bederatzik ez lukeela inolako arazorik izango hau honela itzultzeko: Un taxista ha sido detenido por conducir ebrio > «Taxi-gidari bat atxilotu dute mozkortuta gidatzeagatik». Aldiz, goiburua femeninoan balego, Una taxista ha sido detenida por conducir ebria, uste dut bati baino gehiagori bonbillatxoa piztuko litzaiokeela, eta femenino hori euskarazko goiburuan nola txertatu hausnartzeari ekingo liokeela. Kazetariek ez lukete arazo handiegirik izan behar halakoetan, goiburuan zehaztu ez arren azpitituluan edo gorputz-testuan adieraz bailezakete taxi-gidaria emakumezkoa dela: «Taxi-gidari bat atxilotu dute mozkortuta gidatzeagatik. Emakumeak positibo eman zuen poliziaren kontrol batean», esaterako. Baina itzultzaileok, batez ere literatura itzultzean, ez ditugu eskuak hain libre izaten, eta askotan ez da hain erraza izaten genero-kontu horiek itzultzea.
Esku artean dudan itzulpen batean, behin baino gehiagotan gertatu zait ataka estuan geratzea, emakumezkoaren marka sartu ala ez sartu. Eta guztiz amorrarazi nau konturatzeak maskulinoaren kasuan ez dudala planteatu ere egin gizonezkoaren marka sartzea, hasieratik «normala» egin baitzait pertsonaia jakin bat gizonezkoa izatea. Esate baterako: itzultzen ari naizen ipuin bateko bi pertsonaia nagusiak «gizona» eta «emakumea» dira. Une batean, bi pertsonaia horiek taxi batean sartzen dira, eta, beraz, hortik aurrerako eszenan hiru pertsonaia daude: gizona, emakumea eta taxi-gidaria. Ipuin osoan zehar taxi-gidaria gora eta taxi-gidaria behera aritu naiz, ziurtzat joaz irakurlearen buruan taxi-gidari hori gizonezko gisa gorpuztuko dela, jatorrizkoan bezala. Aldiz, beste ipuin batean, gizonezko protagonistari iseka eginez hurbiltzen zaio une batez «lagun bat», baina, hara!, kasu honetan, emakumezkoa. Eta hortxe nire zalantza: zehaztu behar ote dut lagun hori emakumezkoa dela? Gizonezkoa balitz, ziur ez nukeela zalantzarik izango «lagun bat» jartzeko. Baina, emakumezkoa izanik, zehazteko beharra sentitzen dut, «lagun bat» jarriz gero irakurleek ere gizonezko baten irudiarekin lotuko dutelako uste ia osoan (gogora datorkit hemen Iban Zalduaren ipuin bat, irakurleak lotsaren lotsaz gorritzea lortzen duena, bukaerara arte ez baitira konturatzen protagonista emakumezkoa dela).
Beraz, zer egin behar dugu itzultzaileok horrelakoetan? Zer da kontzientzia feministaren arabera itzultzea? Pertsonaia jakin bat emakumezkoa dela zehaztea, ustez-eta bestela irakurleek gizonezko batengan pentsatuko dutela? Ala generoak zehaztu gabe uztea (jatorrizkoak ez baldin badu, noski, beste inon generoa zehazten duen beste hitzik erabiltzen), irakurleen kontzientzian generoen bereizkuntza gaindituta dagoelako esperantzan? Ala are, zenbait itzulpen-teoria feministak proposatzen duen bezala, jatorrizkoan ageri diren genero-markak nahierara manipulatzea, itzulpenean irakurketa berriak iradokiz? Jakina, hemen ere, beste hainbat itzulpen-auzitan bezala, ez dago erantzun bat eta bakarrik; kasuaren arabera erabaki baten ala bestearen alde egingo du itzultzaileak. Nolanahi ere, halakoek argi uzten dute itzultzaileak ezin duela inoiz «neutroa» izan, ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen erabakiak hartzera behartuta baitago etengabe.
Oso gogoeta interesgarria! Aipatzen duzun Iban Zalduaren ipuina zein da? Irakustzeko gogoa piztu didazu!
Duela gutxi nire iloba (11 urteak dituena) ipuin bat ingelesez irakurtzen ari zen. Esaldi hau (gutxi gora behera) topatu zuenean: “I went to town with a colleague. She was born in Boston” hona hemen esan zidana: Ez dut ulertzen, bi gizon ziren esaldian, nondik ateratzen da emakumea?
En todo caso con tu artículo y el de Fernando queda claro que el problema es de todos y todas, que el machismo linguístico está enrraizado en hombres y mujeres, y que un estado mental no se soluciona con remedios superficiales como el escribir “personas” 7 veces por frase.
(Barkatu, la frase anterior la he escrito erderaz porque era demasiado difícil para mi euskera de Barcelona…)