Euskaltzuloa euskaltzalearekin liskarrean

Juan Luis Zabala

Gustuko ez duzun zerbait entzutean, kontuan hartu esan duenak, arrazoia eduki edo ez, esan duena esateko arrazoiak badauzkala.

Arrazoia ez dago edukitzerik aldarrikatu du Iñaki Segurolak, eta ezin esango dugu arrazoia daukala esaten dituenak esatean –ez soilik bertsolariez eta haien txapelketez–; baina bai, ordea, esaten dituenak esateko arrazoiak badauzkala.

Iñaki Segurola, berak esana da hau ere, euskaltzuloa da euskaltzalea baino gehiago, eta euskaltzulotasunarenak dira, nire ustez, haren arrazoiak. Funtsezko kontu askotan biak bat etorri arren, batzuetan euskaltzaletasunarekin talka egiten dute euskaltzulotasunaren arrazoiek.

Konpara daiteke, adibidez, euskaltzuloa prostituzioaren arbuioak hura erabat eta betiko debekatzearen alde agertzera bultzatzen duen feministarekin; euskaltzalea, berriz, prostituzioa arbuiatu arren –edo prostituzioa arbuiatzen duelako–, prostitutak babesteko haien egoera legeztatu eta hobetu beharraren alde lan egiten duen feministarekin. Konparazioa beste arlo batera eramanez, «Espetxeak apurtu» aldarrikatzen duenarekin lotuko nuke euskaltzuloa; euskaltzalea, berriz, «Euskal presoak Euskal Herrira» eskaria urbi et orbe zabaltzen duenarekin. Estrategiarik, kalkulurik eta prospektibarik gabe, erraietatik egiten du orro euskaltzuloak, goseak larritutako ume baten antzera.

Uste dut nik, konparatzen hasiz gero, gehiago dudala euskaltzaletik euskaltzulotik baino. Baina tarteka sentitzen dut neure baitan euskaltzuloa euskaltzalearekin liskarrean.