Karlos del Olmo
Glosariorik onena, norberaren buruan dagoena. Eta interpretearen aiutaririk onena, kabinako lankidea. Lanbide horretan diharduenak ongi ohi daki bietatik edukitzea zein den ona. Baina, ondo gerta daiteke, edozelan ere, buruak huts egitea —lantzean behin baino ez bada ere—, edo kabinan (murrizketa madarikatuak!) bakarrik egon behar izatea, edo enkargua eta dokumentuak jasotzen dituenetik kabinako saioa egin arte oso epe laburra izatea (hau da, glosario berriak kaskoan behar bezala sartzeko astirik ez), edo eta, zergatik ez?, interpreteak gai jakin batean trebatu behar izatea inor gogaitu gabe.
Burubide edo zailtasun horiek guztiek urgazle bera dute ebazpide: interpretazio kabinarako softwarea (gaur egun), bateko, eta, besteko, oso etorkizun hurbilean, ahotsa ezagutzeko programak, aurrenik aipaturiko programekin batera. Oraingo aldian, ordea, lehenengoak aurkezteko txanda da, eta, batez ere, horietako bi. Biok bitarte direla interpretatu beharreko gaien inguruko termino zerrendak eskura eta begira izan ditzakegu (are hizlariek igorritako materialekin berekin ere).
Aurreneko programa Interplex da. Doako demoa jaitsi dezakegu, eta, nahiz eta erabilera mugatukoa izan, instalatu ondoren berehala ikusiko dugu zertan lagundu diezagukeen (esan dezagun, bidenabar, telefono mugikorrean nahiz tabletetan dabilen aplikazio bat ere baduela). Informatikari batek eta eskarmentu handiko interprete batek diseinatua da, eta, batik bat, hainbat glosario eta hizkuntza kudeatzeko bidea eskaintzen du, harroinean bilaketa algoritmo arin-arina baitu; hortaz, nahikoa da letra batzuk tekleatzea berehalako batean pantailaratzeko glosarioan bat datozen sarrerak. Ezaugarri nagusia, datu baseak kudeatzeko beste programa batzuetan ez bezala, bilatzeko agindua beti indarrean egotea da (guk besterik agindu ezik). Hala, bilatzeko agindua tekleatzeko beharrezko denbora aurreztuko dugu, baita, okertuz gero, eskaera zuzentzen xahutu beharrekoa ere.
Zer egiten du, batez ere?:
- Datu base berriak sortu, haietako bakoitzak gura beste glosario eduki ditzakeela.
- Lehendik prestaturiko datu baseak eta glosarioak zabaldu.
- Bilatzeko agindua beti gerturik izan.
- Azentuak eta bestelako ezaugarri grafikoak kontuan izan ez, arinago bilatu ahal izateko.
- Terminoa glosario guztietan bilatu, hala nahi izanez gero.
- Sorburu eta xede hizkuntzak klik huts batez aldatu eta alfabetoaren arabera antolatu.
- Beste programek eginiko glosarioak inportatu.
- Berberak sorturiko glosarioak esportatu.
- Glosarioak elkarri itsatsi.
- Glosarioak inprimatu.
- Terminoak eta kateak unean-unean gehitu.
- Ikusi nahi ez ditugun hizkuntzak aldi baterako ezkutatu.
Hona hemen irudi bat:
Bigarren programa Interpret Bank dugu. Produktu moduan, landuago dirudi aditu batean. Demoa instalatu ondoren, hilabete oso batean hiru aukera izango ditugu erabilgarri:
a) Konferentzietarako modua
Interpreteak kabinan gehien bat erabiltzen duena, lehendik landutako glosarioak arakatzen dituen modulua baita. Arestian aurkeztutako programan bezala, oso arina da. Hizkuntza pareekin dihardu, interpreteak legetxe.
Eskatzen dioguna indarreko glosarioan topatu ezean, beste guztietara joko du.
b) Gomutarazteko edo ikasteko modua
Oso onuragarria glosarioak saioaren aurretik buruz ikasteko. Terminoak txandaka erakusten ditu, xede hizkuntzan ala sorburu hizkuntzan. Erabiltzaileak berak eskuz alda ditzake fitxak, bai eta denboraren arabera eta ausazko modu automatikoan aldarazi ere. 50 eta 200 termino artean ikasteko egokia.
c) Terminoak kudeatzeko modulua
Glosarioak eta datu baseak jorratzeko modulua da, eta beste bioi deitzeko modua ere ematen du.
Glosarioak sortu, inportatu, esportatu, inprimatu, aldatu (esaterako, beste hizkuntza batzuk gehituta), material osagarriekin elikatu eta beste ataza batzuk gauzatzen ditu.
Interneterako sarbiderik izanez gero, terminoen inguruko informazioa xerkatzeko bidea ere badu programak.
Zulo bakoitzari bere larakoa.