Debekatu izanagatik…

Patxi Petrirena Altzuguren

«Ulian ehiza debekatu izanagatik pozik agertu da Eguzki» zioen prentsako izenburu batek, ez aspaldi.

Badakigu, jakin, hor aipatzen den gertaera «ehiza debekatzea» edo «ehiza debekatu izana» dela, baina ez da batere segurua «ehiza debekatu izanagatik» horrekin «ehiza debekatu dutelako» ulertzea irakurleak (testugileak nahi zuen bezala), zeren eta edonork uler bailezake «debekatu duten arren». Izan ere, denontzat arruntak dira honelakoak: «Ehiza debekatu izanagatik (ere), batzuk tiroka aritzen dira oraindik».

Bi esanahi izan ote ditzake «izanagatik» formak? Testuinguruaren mende utzi behar ote dugu «debekatu izanagatik» nola ulertu: «debekatu arren» edo «debekatu dutelako»? Zalantza hori izan dut denbora luzez, tarteka irakurtzen nituenak irakurrita. Baina Euskaltzaindiaren JAGONET zerbitzuak argi samar utzi zigun kontua «-agatik, izanagatik; kausazkoa ala kontzesiboa?» galderari emandako erantzunean (2002). Hona:

Galdera

«Aita etorri izanak poztu du» moldatu eta «Aita etorri izanagatik (kausa) poztu da» esan al daiteke? Ala «Aita etortzeagatik poztu da» esan behar al da? Nik lehena erabiltzen dut, baina ez dakit ongi dagoen.

Erantzuna

Kausa balioan ez dago gure literatura-tradizioan «Aita etorri izanagatik poztu da» bezalako egiturarik. Ez, behintzat, Orotariko Euskal Hiztegiko corpus osoan.

Baliteke kausazko perpausetan aspektu burutua adierazteko aditz-forma jokatuak («Aita etorri delako/zelako poztu da») erabili izan direlako gertatzea hori, edo aditz-izena oinarri duen forma jokatu gabea («etortzeagatik») erabili delako.

Kontua da «izanagatik» formaren erabilera guztiak balio kontzesibokoak direla. Adibidez, honako hau: Polik maite zuan bizibide ura beti arriskoan bizi izanagatik (Anabitarte, Poli, 43. or.)

Garbi dago, beraz, Euskaltzaindiaren arabera: «debekatu izanagatik» esatea «debekatu arren» edo «nahiz eta debekatu» esatea da, eta ez, inola ere, «debekatu dutelako».

Hala ere, desbideratzea maiz aurkitzen dugu egungo testuetan, eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean bertan ere erraz samar aurkitzen dira intentzio kausaleko izanagatik perpausen adibideak:

  • Zikinak zeuden, erabili eta garbitu ez izanagatik.
  • -Kezkatan zabiltza Harryren sekretuak niri kontatu izanagatik.
  • Mina dauka sorbaldan aulki gehiegi batera garraiatu izanagatik.
  • Nik salatzen zaitut Cumhail nire aita hil izanagatik, eta Irlandaren suntsipena ekarri izanagatik!
  • Karrika maite dut eta Jainkoari eskerrak ematen dizkiot bertan ogibidea atera ahal izanagatik.
  • Bizirik zegoela saria eman ez izanagatik barkamena eskatu nahi izan balio bezala.
  • Kargu hartzen zidan Carusora agertu ez izanagatik: ordu eta erdi egon zela itxaroten.
  • Noraez apur bat sentitu nuen Ferminen ihesarekin, eta min apur bat ere bai horrela alde egin izanagatik, nitaz despeditu gabe.

Euskaltzaindiaren EGLU-VII liburuak (2011) berretsi eta sendotu egiten du lehen JAGONETen emadako erantzuna. «Gauzak gisa honetara izan dira beti. Etorri izanagatik, uste izanagatik eta holakoak perpaus kontzesiboak dira, etorri arren edo nahiz eta uste izan bezalaxe. Hori da perpaus horien balioa».