Ahaldundu edo jabetu?

Bego Montorio Uribarren

Aurreko artikuluan aipatu nuen kiroldegiko ikastaroen eskaintzarekin bateratsu, beste jarduera-eskaintza hau zabaldu ziguten herrian: «Emakumeen jabekuntzarako ikastaroak», eta, behin berriro ere, izendapenak eragindako kirrinka-hotsa lagun nuela irakurri behar izan nuen.

Begiratu bat eman ondoren, mahai gainean utzi eta han eduki dut egunetan ditxosozko liburuxka, «Emakumeen jabekuntza» esamolde karrankari hori azalean zuela. Neuri begira edo. Harik eta, halako batean, erronkari heldu diodan arte: zergatik ez «emakumeen jabekuntza»?, zer aukera daude, bestela? Bidaia polita egin dut erantzun horien bila.

«Jabekuntza» horren atzean ingelesezko empowerment dagoela jakinik (zuzenean nahiz gaztelaniazko empoderamientotik pasatuta), datu-base eleaniztunetara jo dut ezagutzen ditudan hizkuntzetan zer bide jarraitu duten ikustearren, baita berehala konturatu ere ingelesezko empower eta empowerment itxuraz sinple horien atzean mamia badagoela, mami sendoa gainera.

Linguee eta Europako Batasunaren IATE datu-baseak kontsultaturik, aukera zabal samarra aurkitu dut hizkuntza guztietan. Gaztelaniaz, empoderamiento, potenciación, habilitación, capacitación, facultar, habilitar, apoderar, dar poder eta autorizar; frantsesez, responsabilisation, habilitation, renforcement de pouvoir, renforcement des moyens d’action, renforcement de l’autonomie, émancipation, autonomisation, habiliter, responsabiliser, autoriser eta commissionner; eta portugesez, empoderamento, capacitação, habilitação, afirmação, autoridade, empoderar, autorizar eta delegar poderes.

Horra itzulpen teknika askotarikoen lagina: kalkoa, mailegua, azalpena, perifrasia… Eta horra, orobat, adibide argi bat itzulpen jardunaren funtsaz: atzerriko hitz baten atzean dagoen kontzeptua xede hizkuntzan izendatzeko esamoldearen xerka.

Hortaz, hitz horien definizio eta azalpenetara ere jo dut, eta oso testu interesgarriak azaldu zaizkit; esaterako, Ignacio Martín-en Empoderamiento para la innovación social (Itziar Otegi blogkidearen iradokizuna), non, besteak beste, Wittgenstein filosofoaren esaldi zoragarri hau jasotzen den: «Nire mintzairaren mugak ditut munduaren muga». Eta ikusi dut, halaber, empowerment hori prozesu modura ulertzen dela gehienetan, ez zerbaiten emaitza edo ondorio gisa.

Euskarazkoari begiratu aurretik, Espainiako akademian egin dut geldialditxoa, eta hara non jakin dudan empoderar aditzerako artikulu berria azalduko dela DRAEren hogeita hirugarren edizioan: «Hacer poderoso o fuerte a un individuo o grupo social desfavorecido». Empoderamiento hitza ere jasoko dute, zentzu berean.

Eta gurean? Bada, ez dakit noiz planteatu zitzaion euskaldun bati, lehen aldiz, empowerment hori euskaraz eman beharra, baina badakit hamar urte baino gehiago pasatu direla horren inguruko kezka eta zalantzak ItzuL posta zerrendan lehen aldiz agertu zirenetik (apustua egingo nuke interpreteren bati azalduko zitzaiola arazoa, kabinan lanean ziharduela).

Mezu horietan (hemen ikus ditzakezue, edo Euskalbar baliatuta), itzulpen proposamenak ez ezik, argudio, azalpen eta erreferentzia ugari dago: zein testuingurutan erabili den hitza, zer definizio eman zaion, zer arazo sortzen duen euskarazko ordain batek zein besteak, hiztegietan zer eta nola jasota dagoen…

Itzulpen proposamenetara etorrita, batzuk «botere»tik eratorritakoak dira (boteretu, boterekidetu, botere-ahalmen…), beste batzuek «agindu/aginte» dute oinarrian (aginpideratu, aginteratu, agintedundu), «eskuduntze» eta «eskudundu» ere azaldu dira, hala nola «indar-hartzea» edo «indar-ematea». Ingelesezko hitzari bere horretan eusteko proposamena ere badago, eta hala jasotzen du Euskaltermek. Alabaina, gehien nabarmentzen direnak «ahal» eta «ahalmen»ekin lotutakoak dira, eta, horiekin batera, nire liburuxka horretan agertzen den «jabekuntza».

Badirudi, beraz, bi aukera nagusiren artean dagoela hautua: «ahalduntze» eta «ahaldundu» batetik, eta bestetik «jabekuntza» eta «jabetu» (azken aditz horrekin zalantza gehiago dagoela ematen dit).

Nik neuk, oraingoz behintzat, hartua dut erabakia, hasieratik argi esan dudanez «jabekuntzak» ez bainau asetzen; ez zait kontzeptuaren neurrikoa iruditzen, nekez uler baitaiteke horren atzean dagoela norberaren/taldearen ahalmenean sinestea eta ahal horiek erabili nahi izatea.

«Ahalduntze» horrek ere azaroak badituela? Bai; baina, arazoak arazo, hori ikusten dut irtenbide egokiena. Eta ez naiz bakarra, eduki hori jasotzen duten hiztegi gutxietan (Elhuyar eta Euskalterm) «ahaldundu» eta «ahalduntze» proposatzen baitute. Aukera bera egin du Emakundek ere, hasierako «jabekuntza» bazter utzirik 2008rako erabakia baitzuen «ahalduntze» erabiltzea (ItzuLen azaldua).

Eta bai, badakit ahoskatzeko erraz-erraza ez dena, baina onartu beharko didazue «Jaurlaritza» esatea ere ez dela samurra, eta barra-barra darabilgu.

2 erantzun “Ahaldundu edo jabetu?” bidalketan

  1. 2007ko artikulu batean hirurak bereizten dituzte: boteretzea, jabetzea eta ahalduntzea. http://www.ueu.org/download/artikulua/61.4.Cilveti.pdf

    Ahalduntzea banakoaren mailan aurrera eramaten den trebakuntza izango litzateke. Baina bestetik, ez dakar, halabeharrez, maila kolektiboan edo komunitate mailan aritzeko tresnarik edo trebakuntzarik.

    Jabekuntzak banakoaren mailan aurrera eramaten den kontzientziazioarekin bat egiten du. Ez dira komunitateak jabetzen, baizik eta banaka aurrera eramaten den barne-eraldaketa da jabekuntza. Bestetik, ez da argi geratzen banakoarengan aurrera eramaten den eraldaketa honek ekintza kolektiborako espaziorik uzten duen ala ez.

    Boteretzeari dagokionez, banakoaren mailan eta maila kolektiboan aurrera eramaten den barne-eraldaketarako eta kanpo-aldaketarako proiekzioa dauka. Emakumeen boteretzeak adierazten du emakumeek jendarte honetan bizi duten menderakuntza-egoeratik ateratzeko asmoa eta potentziala. Hiru kontzeptuetatik zabalena izanik, botere-egiturak eraldatzeko ideia argien adierazten duena da.

  2. Seguru asko, bien arteko baturak adieraziko du ondoen, zenbait kontestutan, ahalaz jabetu…;
    Baten bat bere buruarekiko konfiantza barik somatzen dugunean, adore emateko, “ahal duzu” esaten diogu, “ahal duzu, sinestu”…eta horrelakoak. Sinesten badigu, den taldea, auzoa, komunitatea edo herria, bere ahalmenaz jabetzen bada, lortu dugu gure helburua, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude