Iñaki Segurola
Pena hartu nuen aurrena. Bertsolarien gerrako aurreneko ekinaldian Zubeldia puntuetan azkenputz! Aurreko puntan berriz… nor? Ba, betiko jende-modu eguneratua, orduratua, segunduratua. Gero pentsatu nuen holaxe behar zuela, eta hobe zela gainera holaxe izanda. Norguaiagoka (sic) nagusirako ez du edozeinek balio.
Has gitezen galdezka: zer da grazia? Eta da mundu orok senti lezakeen zera bat, inork definitzen ez dakiena. Grazia hitzetan, gorputzetan, eguraldian, pausoan… Grazia da gauza bat ezin neurtu daitekeena, ezin konta daitekeena, puntuetan kabitzen ez dena. Eta Zubeldiak grazia dauka; euskarak grazia dauka Zubeldiaren ahotan. Baina Zubeldia «barregarria» dela uste dute besteek, grazia gauza barregarria dela nahi baitute sinetsi, eta axalekoa dela, halaxe baitzaie komeni sakon-poetikotzat jotakoei. Eta ez: ez da hala. Grazia ez da barrea. Grazia da barrea eta beste gauza asko, inongo irizpide epaitzailetan agertzen ez direnak, ezin ager litezkeenak.
Bertsolarien Txepelketan (sic) aurreko puntan geldituko diren horiek zer daukate? Ba, puntuak dauzkate, puntu mordoa irabaziko dute, irizpide epaitzaileek emandako puntuak. Zubeldiak puntu gutxi eskuratu ditu, eta normala da. Zubeldiak koskak ditu, beste inork ez bezalako koskak, eta Txepelketan puntuak balio du, ez koskak. (Bidenabar: koska izendatzen dudana ere ez dakit definitzen.)
Txepelketako publikoa audientzia nazional haundi bat da; oso nazionala, oso eguneratua, oso jantzia, oso osoa. Zubeldiak oso hori puskatu egiten du, erantzi egiten du. Haren hitzek dantzan egiten asmatzen dute; beste gehienenak, berriz, hitz gelberak dira, hitz eroriak dira, Inhibition (sic) Centerrak ezin gehiagoraino anplifikatuko dituenak, gizenduko dituenak, «poetiko» bihurtuko dituenak. (Halatsuko zerbait sentitu zukeen Arestik ere bere garaian: Basarriren kontra hitzegin zuen, olerkariak okerlari zirela deklaratu zuen, bertsolaritzak «sagardotegitik komentura» egin zuen bidea salatu zuen, eta hola. Amuriza zaharraren bertsokera intsentsatuarekin ere izan ziren xextra batzuk.)
Lizardi eta Txirrita bi mundu ziren, ia bi hizkuntza ziren. Gaurko bertso puntutsua literatura neurri-errimaduna besterik ez da; idatzizko mundu berbera da, baina neurri-errimaduna. Ez dakarkigu «bestelako» mundurik eta hizkuntzarik, Txirritak Lizardirenaz oso bestelako mundu bat dakarkigun bezala. Salbuespena Zubeldia da (Irazuk salbuespena izateari uko egin zionetik). Hargatik maite dugu Zubeldia nik eta beste askok. Gure euskara irendu honi potroak jartzen dizkiolako atzera berriz, edo, nahiago bada, ama euskara mastektomizatua bi titi tenterekin edertzen duelako.
Sareak ezin harrapa dezake gatzik. Irizpide epaitzaileen sareak ezin harrapa dezake gatzik, hitzezko gatz dantzaririk. Epai irizpidedunak sakonkeria infopoetikoz gizendutako hegaluze bat dakar audientzia nazional euskaljatorraren superportura, baina gatzik ez, batere ez, alerik ere ez.
Basarrik ere kendu zion txapela Txirritari. Bata barregarri utzi zuten orduko irizpide eguneratuek, eta bestea gixongazte jantzi, sakon, poetiko moduan gelditu zen. Gaur inork ez du gogoan gazte haren bertso bakar bat ere, eta orduan barregarri gelditu zenaren aitamenak ez dira oraino ixildu sartuagatik lurpian, eta nekez ixilduko dira beste larogei urtian.
Ohar geografiko bat, bukatzeko: gaurko txapeldungaiek kostakoak edo kostatik oso gertukoak behar dute izan, zeren gaur egungo koxtagizakiari ez baitzaio itsasoko gatzik eransten; egiten zaiona da hondartzako txiringitoko expiritu mengel garaikidea itsatsi, eta expiritu horrek puntuak ematen ditu bertsotako supermerkatuan. Gatzagak eta gesaltzak goi-herrietan daude, behealdeko jende-modu horrek burlaz begiratzen dien goi-herrietan, hain juxtu.
Maite dugu Zubeldia. «Beste zerbait» aditu nahi genukeen askok ia Zubeldia bakarrik maite dugu.
Hara bestea: maite duena laudatzeko bestea egurtu behar. Koskara iristen ez den estilo merkea. Eta egia, lastima da Zubeldiarena. Baina ez da erraza. Hain zaila da koskak epaitzea. Horregatik puntuatzen dira bertsoak. Horregatik ezarri ziren epai-irizpideak. Hobetu litezke eta hobetuko dira, baina ezin izango dira inoiz koskak epaitu. Horretan denok gaude ados. Eta Zubeldia bertsolari bikaina dela badakigu bertsozaleok. Horregatik txalotzen ditugu bere bertsoak plazan, horregatik deitzen diogu herrira bertsotara etor dadin. Izan ere, bertsozaleok badakigu bertsoa ez dela soilik txapelketa. Eta Txirrita maite dugu, baina hura hil zen; laster izango dira laurogei urte. Eta Barakaldon –Azpeititik hain urruti dagoen desparadisu horretan– txalotuko ditugu bertsolari bikainak eta biharamunean prestatuko dugu auzoko oholtza, Zubeldiak eta Lujanbiok elkarrekin kanta dezaten.
Hi Segurola, Urdangarin ez al dek ezautzen? Zubeldian anai bixkie emateik, ta Hendaian jardungo dik lanbaten.
Eztiat ba ezautzeko ditxarik izan oraindainokoan. Eztek, beraz, “infopoetiko” hoietakoa izango, ala?
Nik ere, Bittor Hidalgok bezelaxe, eskertzen diat informazioa.
Nik eztet Zubeldia ezagutzen, baina saiatuko naiz hemendik aurrera. Nik ez det Zubeldia ezagutzen, baina ezin lotuago sentitzen naiz Iñaki Segurolaren hitzekin. Nik ere hala sentitu det aspaldi nahiago izan detela beti Lazkao Txikiren akuilue, bertsoa luzatu beharko bazuen ere, hitz dotore hutsez ongi asko neurtutako hainbat baino; nahiago detela Mañuren zirie beti, bertso politikoki zuzena baino…; maite nuela nik ere Irazu…
Zubeldia ezagutzera beraz… Gozatzera…
Eskerrik asko Iñaki informazioagatik.
Bittor
Epaile eta puntuaketek ere maite dute Zubeldia, batzuetan. Villabonako saioan, lehen hiru ariketen ondotik, aurrena zihoan goierritarra. Gero egin zuen behera, puntuazioan:
http://www.bertsozale.com/eu/bertsolari-txapelketa-nagusia-2013/saioak/villabona-amasa
Estalitako zikina agertzen, Iñaki. Oso ona.
Zembat euscara daucagun ikasteco gure zahatzaroan oraino. Esateraco berba eta esacune behinenac ere, zeintzu ingles ikasle batec esateraco dituen ikasten lehembizian, guc euscaldun zahar (eguiazcoac?) ditugu ikasteco oraino gure adineco azquen urthetan, h. n., intsentsatu / insensatu.
Ez nago seguru, Erramun, behar bezala ulertu ote duzun zer esan nahi dudan nik “intsentsatu” diodanean. “Intsentsatu” da ‘intsentsua bota, intsentsuztatu’. Baliteke ongi (nik nahi bezala) ulertu izana, baina badaezpada…
Ehuneko ehunean arrazoia daukak. Beste gauza batzutan… etzekiat, baina hontan asmatu dek.
Gustagarria da bertsolari klase diferenteak ikusi eta aditzea: eskolak, hizkerak, izaerak… Oraindik ere azpimundu bat baino gehiago baitago gure Herri koxkor honetan (ez dugu denak igualagoak izateko presarik), nahi genuke denek plaza guzietako ateak zabalik izatea, inor bazterturik ez gelditzea. Gero, saia daitezela ahal duten bezala, eta, bakoitzak zer abilidade duen, entzuleak batzuekin edo bertzeekin gozatuko gara, gu ere ez baikara denak ama beraren seme-alabak eta ez baititugu beharriak musika berberekin heziak.
Bertsokera batzuek ez dute ongi laketzen txapelketen joko zelai mugatuan, baina horrelakoaren jabe diren bertsolariak zenbaitetan txapeldun izaten dira bertzelako kantalekuetan.
Baina txapelketak diren bezalakoak dira, eta norbaitek neurtze lana egin behar. Hori dela eta, gogora etortzen zait noizbait Imanol Lazkanori adituriko hau (gutti goiti beheiti): bertso epaile lanean, zernahi eginda ere, aldiro gaizki ariko zara. Beti etorriko zaizu gaizki aritu zarela esango dizun norbait.
Horregatik, ni, gisa honetako txapelketetan, epaileen alde, haien erabakiekin beti ados ez egonda ere.
(Hori dena, Amasa-Villabonako saioko bertso bakar bat ere aditu gabe…)
Nik ordea maiz sentitu det forma, itxura, neurria, hogei euroko hitzak hitzetik hortzera erabiltzea, hitzik zentzugabekoenekin errima aberatsenak egitea… are unean uneko pentsamendu ‘politikoki zuzena’ ere… saritu ohi dala hizkuntzaren eguneroko sustraietatik abiatutako pentsamendu azkarraren, zorrotzaren, berritzailearen, ikuspegi zabaltzailearen oso-oso gainetik, eta pena eman izan dit. Hitz gutxitan ideia asko emateko gaitasuna, eta ez ideia ‘folklorikoena’ ere hiztegiko hitz anpulosoenez erretzekoa.
Eta antzeko sentimendua-edo aurkitu uste izan nian Iñaki Segurolarenean.
Eta inoiz gustatuko litzaidake jakitea ‘hori’ nik aipatu-edo dudan ‘hori’ nola neurtu ote den orain arte halako txapelketa eta sariketetan. Ez bakarrik, eta ez nagusiki, forma, potoa, 22 puntuko bertsoa burutzea, 7/6ko batean emana loria litzatekeena…
Ez dakit nahiko argitzen dudan, inork ulertu lezakeen, adierazi nahi deten sentimendu hori… Txirrita entzutean sentitzen den hori…
Ondo izan
Bittor
Dudarik gabe, bertsolaritzari gehixeago edo guttixeago begi ematen diogun guziok kontuan hartu beharrekoak dira, nik uste, Iñaki Segurolarena bezalako iritziak. Nire aitzineko mezuan ez nuen erran, baina hagitz gustura irakurri nuen haren artikulua, hasi eta buka. Ni ere konforme naiz “zuekin”, bertsoa neurtzen hasita, forma (neurria, errima, puntu kopurua…) ez ezik bertze zerbait (zuk diozun “hori”) ere aintzat hartu behar dela, edo, beharbada, “horixe” dela egiatan gehienbat saritu beharrekoa… Ez dakit. Zaila da denak ados jartzea. Ezinezkoa ez bada. “Epaile” lanean ari direnek eztabaidatuko dute horren gainean. Badakit horretan aritzen direla. Eta ongi etorriko zaie jakitea hark, zuk eta nik zer pentsatzen dugun horri buruz. Desastrea litzateke inork akuilua ez erabiltzea eta denok amen erratea. Orduan akabo.
Horrelaxeko kontuak…
Izan bizkor!
Ederki ari zarete: “sentimendu hori” edo huts-hutsik “hori(xe)”. Nik “grazia” edo “koskak” esan nuen, hoberik ezean. Ez dugu asmatu izendatzen. Ezin dugu, beharbada ezina delako. (Ez da joskera, ez da morfologia, are gutxiago hiztegia, edo koherentzia, edo erretorika, edo informazioa, edo…) Ezin dugu hitzez harrapatu: nola harrapatuko dute ba epaileen irizpideek?
Ezin izenda dezakegu hitzez, zeren “hori” hitzen azpitik baitago.
Behin esan zidan Irazuk Txirritaren honako hau ez dagoela hausterik edo gainditzerik; azken bi lerroez ari zen:
“Lau urte pasa alkarrekiñ da
ez degu izan aurrika;
alegiñ egiñ-faltan ez daukat
kontzientziyan zorrika.”
Bertsolari garaikide puntu-batzaile batek honelatsuko zerbait botako luke:
“Sexu-bizitza normala izaten
saiatu naiz arduratsu.”
Hor dago koska!
Xalbadorrek bersolariak titxolaria behar zuela zioen, ez dakit balio dizuen…
Bai, noski. Eta hori zuen Mattin laguna antonomasiaz, zirikalaria (eta iparraldean nola esan liezaiokezue horri?). Hitz bat ziri bat, esaldi bat ideia bat. Ez zen / ez da zertan bertso amaierari zain egon bertsoa gozatzeko. Aurretik gozagarri egin ez duenak, ziri-ideiak aurretik ere barreiatuz, amaieran ere zozo jarraituko du, munduko errima aberatsena, ideia borobilena emanik ere.
Zenbat desio izan dudan ni ere ditxolaritara hurbiltzea bizitza honetan…
Zaindu
Bittor
Bertso eskolan hasi nintzenean, hura irrika nirea ahoarekin magia egitekoa. Etxera joan eta amari esan nion, kontent asko, eta amak: “Baina nola, hik ez duk etorririk eta!”. Lau urte behar izandu nituen hitz haien esanahiaz ohartzeko… Epaileek ez dute errurik, baina epaitzeko irizpideak lehen baino lehen aldatuko nituzke, bertsolariak txapelketetatik kanpo ez gelditzeko.
Niri Txirritaren bertso hasiera hau iruditzen zait ezin gainditua (bere ume baten aita zela aitorrarazi nahi zion emakume bati buruz ari da): “Aingeru horrek izan bear du / iturri asko nastua / eta tragorik gozoen ura / nun edan zuen aztua”.
Gai potoloak, Juan Luis, handienen esku utzi behar…
Billie Jean is not my lover
Shes just a girl who claims that I am the one
But the kid is not my son
She says I am the one but the kid is not my son
Michael Jackson
Eta hurrengo bi lerroak, Zabala jauna?
“nun kargatu den ez dakiela
da azkenian ustua”.
Eta dena hola, aizue. Horrek ez dauka izenik. HItzez hitz, gainera: ez daukagu hor zer dagoen adierazteko hitzik, eta “grazia”, “hizkuntzaren mugimendua” eta holako baldar-esan batzuk erabiltzera kondenatuak gaude.
Maikel txuribelztuak, Etxegoien jauna, musikan zeukan grazia eta hanka-gerrietan mugimendu latza (neri “Billie Jean” asko gustatu izan zait beti, kantu bezala), baina letran, esanetan, oso motz gelditzen da gure Txirrita muturgorriaren aldean.
Ohartxoa: “Billie Jean” beren erara jotzen zuten Ondarruko Hazurbaltzek aukera polita galdu zuten Maikel hobetzeko, ondarrutarrez edo bestela.
Okerra dago nere aurreko iruzkinean. Maikel zena “txuribelztua” ez, baizik-eta “beltz-txuritua” izan zen, bertsio ofizialaren arabera. Nere esana, beraz, zegoen nahastua, “txuriya edo beltza jayo zan / ia ziaro aztua”:
Ados, Billie Segurola.
(Zergatik ez dituk heuk, artista horrek, Maikelen doinuetara ekartzen Txirritaren hitzak? Ikusten ari nauk hire hanka-gerrietako mugimendu latzak)