Xabier Aristegieta Okiñena
Beldurra, eta ez nolanahikoa: hain politak dira izenlaguna erabiliz sortzen ditugun euskarapenak, hain jator-itxurakoak… baina, gero, zapla! Komeriak, katramilak eta esanahi-zorabioak.
Hona hemen egitura izenlagundunek deslekuetara eraman gaitzaketeneko kasu batzuk:
1. Adjektibo erreferentzialak euskaratzean:
Jo dezagun derechos individuales euskaratzeko norberaren eskubideak erabiltzen dugula.
Bi hitzeko sintagma bat sortu dugu, alde horretatik gaztelaniazkoarekin antzekotasun bisuala daukana. Baina ohargarria da itzulpen horretan jauzi bat egin dugula, jatorrizkoan adjektiboa zena helmugan izenlagun bihurtu dugulako.
Bere horretan, norberaren eskubideak horrek ez du txarretik ezer. Baina, dakigunez, denetariko hitz eta espresioak normalean testu baten jarioan txertatzen dira, edo txerta daitezke. Agian, gehiago ere esango nuke: testu batean txertatzeko modukoak behar dute izan.
Zeren eta, lehenago edo geroago, goizago edo beranduago, honelakoren bat euskaratu beharrean aurkituko baikara:
- Tus derechos individuales terminan donde empiezan mis derechos individuales.
Eta hasieran egin dugun itzulpen-aukerarekiko koherentziaz jokatuz, honako itzulpen bideraezinarekin egiten dugu topo: Zure norberaren eskubideak… nire norberaren eskubideak….
Zer gertatu zaigu? Ba, izenlagunaren bidezko aukera horrek ez digula sistematikotasunez erabiltzeko moduko itzulpen-irtenbiderik eskaintzen.
Beste kasu askotan, esanahi-desbideraketa larriak eragiten ditu:
- Inspección inicial: hasierako ikuskapena. Baina inspección inicial de la sociedad ez da sozietatearen hasierako ikuskapena, ez garelako sozietatearen hasieraz ari.
- Informe anual: urteko txostena. Baina informe anual del banco ez da bankuaren urteko txostena, ez garelako bankuaren urteaz ari.
- Principios y criterios contables: kontabilitateko printzipio eta irizpide. Baina los principios y criterios contables contenidos en la norma ez da arauan jasotako kontabilitateko printzipio eta irizpideak, ez baikara ari arauan jasotako kontabilitateaz, baizik eta arauan jasotako (halako eta halako) printzipio eta irizpideez.
2.- Artikulurik gabeko sintagma preposizionalak euskaratzean:
Gogoan izan dezagun gaztelaniaz sintagma preposizional bat artikulua izatetik halakorik gabe geratzera iragaten denean erreferente zehatz bat seinalatzetik nolakotasun bat adieraztera pasatzen dela. Adibideak:
- Remanente de tesorería: hori eta remanente de LA tesorería ez dira gauza bera; nik ulertzen dudanez, behintzat. Remanente de tesorería gerakin-mota bat da, eta remanente de LA tesorería, ordea, diruzaintza konkretu batean dagoen gerakina. Bada, remanente de tesorería para gastos generales euskaratzen badugu gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina espresioarekin, euskaraz esaten ari garena da gastu orokorretarako diruzaintza den zerbait existitzen dela, eta diruzaintza zehatz horretako gerakina hartu dugula hizpide.
Aurrekoa baino askoz ere adibide argiago bat jar dezagun:
- Residencia de ancianos: zaharren egoitza itzultzen badugu, residencia de ancianos de Estella automatikoki Lizarrako zaharren egoitza bihurtzen zaigu; hots, Lizarrako zaharren egoitza. Eta ez da hori jatorrizko itzulgaiak adierazten duena; ezin zaigu oharkabean pasa ez duela residencia de LOS ancianos de Estella esaten: Lizarrakoa egoitza da, ez bertako zaharrak (alde batera utzirik egitate estralinguistikoa, hots, praktikan gehienak Lizarrakoak izatea, espero izatekoa denez).
- Criterio de pagos y cobros: kobrantzen eta ordainketen irizpidea. Baina a efectos de la aplicación del criterio de cobros y pagos establecido en el artículo 6.2 del Reglamento del Impuesto › Zergaren Erregelamenduko 6.2 artikuluan ezarritako kobrantzen eta ordainketen irizpidea aplikatzeari dagokionez…?: artikulu horretan ezarritakoa irizpidea da («establecido» partizipioaren komunztadurak berak ere berresten duenez), eta ez kobrantzak eta ordainketak, euskarazko itzulpenak aditzera ematen duenez.
3.- Substantiboak euskaratzean:
Oroitzen naiz Itzul posta-zerrendan orain dela ez hainbeste denbora norbaitek galdetu zuela nola esan euskaraz «mural». Eta baten batek «hormako irudi» proposatu zuen. Bere horretan, problemarik ez. Baina korapilo berbera sortzen zaigu hemen, «hormako irudi» izen-sintagma hori testu batean txertatzen dugunean:
- Los murales de Picasso› Picassoren hormako irudiak? Zein da Picassoren horma?
- Los murales de la vivienda› Etxebizitzako hormako irudiak? (horma bakarrean daude irudiak?)
Ez dirudi astakeria denik los mayores euskaratzeko adineko pertsonak erabiltzea . Baina hona zerekin egin nuen topo behin:
- El envejecimiento activo de nuestros mayores › gure adineko pertsonen zahartze aktiboa («gure adineko» pertsonen?)
4.- Bestelako izenondoak euskaratzean:
- Agente antidisturbios: istiluen aurkako agente. Oso ondo. Baina
- Agente antidisturbios de la Ertzaintza? Ertzaintzako istiluen aurkako agente?
*****
Goiko adibideetan ikusten dugunez, izenlaguna+izena bikotea testu batean txertatzen dugunean, izenlaguna indar handiagoz erakartzen du haren ezkerrean suertatzen den elementuak, eskuinean duen izenak baino. Halatan, izenlaguna+izena jatorrizko lotura hautsi egiten da eta lotura berri bat sortzen da. Eta, beraz, hasierako esanahia ere hautsi eta esanahi berri bat sortzen da.
Horrek guztiak antz handia dauka, iruditzen zait, eragiketa matematikoen adierazpidearekin eta horren araberako lehentasun-hurrenkerarekin:
Demagun x+y batura daukagula.
Jarraian, ipin diezaiogun biderkagai bat ezkerraldetik: 5∙x+y
Horrela adierazita, x-rentzat lehentasunezko suertatzen da 5ekiko biderketa, halako moduz non lehenbizi 5∙x biderketa egin eta, ondoren, y gehituko diogun.
Eta lehentasunezkoa batuketa izatea nahi badugu, honela behar du adierazita egon: 5∙(x+y)
Izenlagunarekin berdin gertatzen da… baina ez daukagu parentesia erabiltzeko aukerarik. Zer egin, orduan?
Nire iritzia: lehenik eta behin, itzulpenak egitean jabetuta egon behar dugu izenlagunaren erabilera oso problematikoa dela. Pertsonalki, gomendagarria iruditzen zait izenlagunen erabilera dezente mugatzea, eta haien ordez hitz-elkarteetara jotzea (nahiz eta horiek ere beren korapiloak badituzten). Maileguak ere gehiago erabili beharko genituzke, abantailak ekartzen dizkigutenean (eta erabilera sistematikoa ahalbidetzea ez da abantaila makala). Azkenik, iruditzen zait ausartagoak izan beharko genukeela hitz-sorkuntzan (zer zuen txarretik «hormirudi» hitzak?). Baina beste egunen baterako utzi beharko dugu irtenbide horietan sakontzea.