Erlatiboen ezkerreko jirak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengo batean, menderagailu prepositiboen auziaz aritzea agindu nuen, eta hitza betetzera nator, gaiari ZEIN-erlatiboen alderditik helduta, azkenaldian nonahi aurkitzen ditut-eta, batez ere non-dunak. Baina ezer baino lehen, barka eskatuko dizuet, irakurleak, testua luzetxo irten zait eta, adibideengatik.

ZEIN-erlatiboak

Euskaltzaindiak (1) datu hauek ematen ditu ZEIN-erlatiboen formaz eta funtzioaz.

  • Interpretazioari dagokionez, erraz hartzen dute balio ez-murrizgarria, baina balio mugagarria ere har dezakete (eta, beraz, murrizgarria ere bai).
  • Egitura orokor hau dute: [(…) (aurrekaria+kasua)] [(izenordain erlatiboa+kasua) (…) (aditza+menderagailua)]
  • Izenordain erlatiboa zein edo non izan daiteke. Zein mugagabean nahiz mugatuan joka daiteke, edozein kasutan (partitiboan izan ezik). Non leku-denborazko kasuetarako alternatiba da.
  • Menderagailua bait– edo –n izan daiteke.
  • Izenordain erlatiboa aurrekariaren aposizioan jartzen da, kasu hauetan izan ezik: a) aurrekariak posposizio bat du; b) aurrekaria izenlagun bat da; c) aurrekariak beste aposizio bat du; d) aurrekaria galdegaia da.
  • Adibidea: «Dantzariaren jirak ere, guztiak dira ezkerrekoak, zein den pausu egiteko eta ibiltzeko alde madarikatua Eskritura Santuan».

Erabilerari dagokionez, hizkuntza idatzirako eta hizkuntza jasorako baliabidea dela dio Euskaltzaindiak. Antzekoa esan zuen Villasantek (2): «La lengua escrita necesita útiles e instrumentos sin los que la lengua hablada puede pasarse».

Adibide bilketa

Ez da zaila egungo testuetan nahi beste adibide biltzea. Nik Sustatu eta Zuzeu erabili ditut adibide-iturri gisa.

(01) Lursoru hori bera 3,35 milioi euroan erosi zuen Eibar Berri enpresak, zeinaren atzean eraikuntza enpresa batzuk dauden. (sustatu.com/1303231503)

(02) Oraindik ez dugu aurkitu webgune bat ere, non euskaldunok murgil gaitezkeen lagun bila, Axularren hizkuntzan. (sustatu.com/1086788636)

(03) Jarraian Irritxoen eguneko irekiera ekitaldiari emango zaio hasiera non hitzaldi motz baten ostean Oreretako alkateak Irritxoen eguneko Alkate Txikia izendatuko du. (sustatu.com/irritxoeneguna/1350053022)

(04) [Salvados programan] Hezkuntza sistemak pairatzen dituen benetako hainbat arazoren aipamena egin zelakoan nago, oraingoan, ez beste hamaika aldiz bezala, non La Sexta katearen progresismo light horrek erdizka uzten nauen. (http://zuzeu.com/blogak/iruntzi-dana/)

(05) Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. (sustatu.com/aedelkartea/1353946898)

(06) Duela hilabete batzuek ikastoletan dabiltzan irakasle batzuek (gure IKTeroak tartean, esan egin behar da, mila mersi ideia, itzulpena eta guztiagatik) ZirIKTeroak izeneko txiringoarekin eman ziguten sorpresa. Halako txoko bat non teknologia, konpetentziak, katxarroak, internet eta hezkuntzaren gainean diharduten gustura eta alai. (sustatu.com/1224054654)

(07) Whatsapp da aplikazio bat telefono mugikorretan instalatu daitekeena, zeinekin zure kontaktuekin doan txateatu dezakezun, Internet konexioa baldin baduzu bederen. (http://sustatu.com/1310126750)

(08) Hirugarren gunea. Bertan bazkari herrikoia izango da non haur zein helduentzako menu bereziak izango ditugun. (sustatu.com/irritxoeneguna/1350053022)

(09) Adostasunetara iristea Politikan zaila izaten da. Eta are gehiago euskal politikan, non identitate kontuek dena baldintzatzen baituten eta gizartea erdibitzen baiten horretaz hasterakoan. (http://zuzeu.com/blogak/zintzotasunez)

Adibideak ikusita, gertakari hauek azpimarratuko nituzke:

a) Euskaltzaindiak azaldutako egitura orokorra betetzen duten testuak zainduagoak dira, bai erlatiboa eratzeko moduan, bai beste hizkuntza-ezaugarri batzuetan.

b) Izenordain erlatiboa zein denean, mugaturik erabiltzen da nagusiki.

c) Joera nabarmena dago menderagailu bietatik –n hobesteko.

d) Egitura orokorra betetzen ez duten esaldietan, lehenik eta behin, aditzari erantsi beharreko menderagailuan igartzen dira gorabeherak (03: elisioa; 09: bikoiztasuna).

e) Bigarrenik, hainbat esalditan (04, 06, 08) ez da oso garbi igartzen zer lotura duen erlatiboak aurrekariarekin; egiazko erlatibo bat baino gehiago, lokailu soil bat dirudi.

f) Egitura orokorra ez betetzea —d) eta e) atalak— akastzat jotzen badugu, akats gehiago detektatzen dira non-dun esaldietan.

g) Oro har, txukunagotzat dauzkadan autoreetan ez dut ZEIN-erlatiborik aurkitu. Bestalde, ZEIN-erlatiboa aurkitu dudan testu askotan, batik bat non-dunetan, gaztelaniatiko itzulpen baten aurrean nagoen sentsazioa sortzen zait. Onartzen dut, dena dela, azken g) atal honetan diodana subjektiboa dela.

Ahozko testuetan ere bai

Sail honetako adibideak ETBko analisi- eta debate-saioetan bildu ditut, parte-hartzaileen bat-bateko ahozko jardunetik zuzenean.

(10) Normalean erreferendumak irabazi egiten ditu galdera egiten duenak. Munduan horrela funtzionatzen du % 90ean; ez baldin bada leku bat non tradizio izugarri bat dagoen, eta kontzientzia bat hiritarrena, Suitzan bezala. (Egun on, Euskadi, 2013.06.24, 09:38)

(11) Entzun beharko lukete baita ere, behintzat, zer-nola pentsatzen duen herritargoak leku batean non aplikatu den atez ateko sistema. (Egun on, Euskadi, 2013.06.24, 09:40)

(12) Nik ez dut ezagutzen esperientzia historikorik, non federalismo asimetrikorik dagoen. (Debatea, 2013.06.20, 23:17)

(13) Nik uste dut lan handia geratzen da oraindikan egiteko, batez ere holako ekosistema batzuk sortzeko, eta eremu batzuk non euskaldun batek posiblea du integrala izatea, esan nahi dut, posiblea du bere eginkizun guztiak euskaraz egin. (Azpimarra, 2013.06.28, 19:21)

(14) Zer dira balioak? Zer baloreak transmititu nahi ditugu? Hainbat giza tratatuetan, nazioartean adostuta, non horietako batzuk Elizaren kontra ari den? Horiek dira balioak? (Debatea, 2013.06.27, 23:31)

(15) Beste alde batetik, guk sistema bat jarri dugu martxan, teknikoki, non topeak kontrolatzen diren. (Debatea, 2013.06.20, 22:35)

(16) Iritsiko da puntu bat, konbentzituta nago iritsiko dela puntu bat non jarreraz aldatu beharko dutela. (Azpimarra, 2013.06.26, 19:21)

(17) Euskal Herrian daude bi alderdi momentu honetan, Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista, zeinek esaten duten Bilduk oraindik ez duela onartu zoru etiko minimo hori. (Egun on Euskadi, 2013.09.10, 10:01)

Berriro ere, gertakari batzuk azpimarratu nahi ditut:

a) Euskaltzaindiak azaldutako egitura orokorra betetzen dutenak gutxienak dira (16, 17).

b) Izenordain erlatibo ia bakarra non da, zein-en adibide bat ere aurkitu dudan arren.

c) Aditzari itsasten zaion menderagailu bakarra –n da, elisioak (13) eta berrikuntzak (16) alde batera utzita.

d) Batzuetan (14, 15), ez da oso garbi igartzen zer lotura duen erlatiboak aurrekariarekin, batik bat ez dagoelako aurrekaria identifikatzerik.

e) Beste kasu batzuetan (10, 11, 12), erlatiboaren bidezko lotura traketsa da.

f) Oro har, hainbat hizkuntza-ezaugarrik salatzen dute esaldi gehienak traketsak direla.

g) Alor subjektiboan sartuta, ZEIN-erlatiboa duten diskurtsoek gaztelaniazko itzulpen baten aurrean nengoen sentsazioa sortzen didate. Txukunago iruditu zaizkidan hiztunei, berriz, ez diet ZEIN-erlatiborik entzun.

Areago, euskaldun askori ez zaie ezergatik ere etortzen ahora ZEIN-erlatiboa, nahiz eta, adibide deigarri honetan bezala, aukera-aukerakoa izan (multzo hutsa txertatu dudan lekuan, batek baino gehiagok non jarriko zuen).

(18) Nik uste dut denborarekin —errealitateari iskin egin gabe ere— iritsiko da unea Ø —denok aurrera egingo badugu eta etorkizuneko elkarbizitza horren izenean denok nahi dugun horretara begira— ez gauza batzuk ez ikusiarena egin baina bai gauza batzuk gainditze horretan indar gehiago jarriko duguna. (Azpimarra, 2013.06.26, 19:22)

Ondorioak

ZEIN-erlatiboa era guztietako testuetan zabaldu da. Gaur egun, beraz, ez da testu idatzi zainduen ezaugarria. Alderantziz, gehiago agertzen da testu traketsetan. Egitura orokorrari dagokionez, eskema hau eman dezakegu: [(…) (aurrekaria+kasua) (…)] [(non) (…) (aditza+n)].

Funtzio eta balioak direla eta, testu idatzi zainduetan egiazko erlatiboa da. Hortik kanpo, balio zehaztu gabeko lokailua baino ez da, hainbat eta hainbat ustezko aurrekaritik aldenduta agertzeak erakusten duen bezala.

_________________________________

(1) Euskaltzaindia (1999). EGLU V, 218-240.
(2) Villasante, Luis (1979). Síntaxis de la oración compuesta, 87-92.

4 erantzun “Erlatiboen ezkerreko jirak” bidalketan

  1. Gogoratu behar da Patricio Orcaizteguik eta beste garbizale batzuek “zeiñismoa” gaitzetsi zuten arte, idatzizko euskaran erabat normalduta eta errotuta zegoela erlatibo mota hau; eta, beraz, kanonetik egotzita geratu zela XX. mendean, nahiz eta zenbait hizkuntzalari eta gramatikalarik esan itzulpenetan behintzat baliozkoa izango litzatekeela. Revival txiki bat izan zuen 70/80ko hamarkadetan idazten zuten batzuen lanetan, baina, gaur egungo kanon literarioan oso gutxi dira beldurrik gabe erabiltzen ausartzen diren idazleak (Iban Zaldua, Ramon Saizarbitoria…). Eta ikastoletan ere zer esanik ez… ez da irakasten edo egitura markatutzat jotzen da oraindik. Ondorioz, jende gutxik daki zuzen erabiltzen. Literatura itzulpenetan ere, gehiago erabili izan da (Literatura Unibertsaleko liburu batzuetan erruz ere bai), baina esango nuke itzulpenetan ere zein-erlatibo gabeko kanona ari dela nagusitzen. Zoritxarrez, nire ustez. Hainbat mendetako tradizio bati horrela uko egitea ezin da, nire ustez, onuragarritzat hartu, hizkuntza baten garapenean.

    1. Konforme nago Biguriren komentarioarekin. Nire aldetik esan nezake ezen zeinismoaren praktikan, gure historia ezagututa, garrantzitsuena bere sintoma-balioa dela, hots, ikustea gure euskarak eboluzionatu egiten duela askatasunean, errekurtso hori existitzen dela, lasai asko erabili genezakeela. Hobeto edo txarrago erabiltzeari dagokionez (ortodoxia, akademizismoa), bakarrik okurritzen zait esatea erabilera ugaritik soilik pasa gaitezkeela erabilera egokira.

  2. Lar baikor ikusten ditut Koldo eta Jesus Mari. Ezin dut asmatu zelan egin daitekeen bidea erabilera horren ugaritik erabilera egokira, batik bat hizkuntza-gaitasunenean igartzen ditudalako arazoak. Hona, horren frogagarri, egunokaz bildu ditudan beste adibide batzuk.

    (19) Badaude ja artista famatu batzuk, non smoking hori ere customizatzen dutenak. (Airean, 2013.09.24, 17:10)

    (20) Badaude ja sententzia asko, non txosten horiek ez direla kontuan izan, pentsatu dutelako benetan ez direla perizialak. (Azpimarra+, 2013.10.01, 23:32)

    (21) Epe luzeko langabezia kasi egiturazkoa, irrebersiblea bilakatzen ari da, batez ere 45 urtetik gora, gehi pentsioen erreforma batzuk, non atzeratu eta oztopatu eta zaildu egiten da pentsioetara jotzea. (Egun on, Euskadi, 2013.10.03, 09:47)

    1. Hizkuntzak, modu naturalean, etxean eta kalean ikasten dira, eta hezkuntza, hedabide, lanbide eta abarrez aberasten. Hegoaldeko euskara natural horretan (etxea eta kalea) zeinismoa ez da existitzen, eta errefortzuko ingurune sozialean (hezkuntza, idatzizko hedabideak) ez da agertzen. Badirudi hiztun batzuek zeinismora jo beharra sentitzen dutela bere komunikazio-jardunerako. Non irakatsi zaie erlatibo hauek erabiltzen? Non dituzte ereduak? Lehen ia debekatu egin zena orain ondo erabiltzeko eskatzen zaigu? Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika irakurri beharra al daukate euskaldun guztiek? Egia da, hala ere, pertsona publikoek eta iritzi-emaile ohikoek zaindu egin beharko luketela erabilera, etsenplua emateko. Baina euskaldun arruntok, sare sozialen garai honetan, ahal duguna egiten dugu eta askotan, normala den bezala, zabar samar aritzen gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude