To crib

Iñigo Roque Eguzkitza

Batzuetan itzulpena azpiproduktu bat da, ariketa hutsa; edo batzuetan itzulpengintzak badu azpiproduktu bat (ez dakit emaitza xuxen itzulpena den). Hala izaten zen, esaterako, latina ikasi genuenean institutuan, edo berdin, gutxiagotan haatik, ingelesetiko itzulpenak «akometatzen» genituenean. Sorburu-testua ulertzen genuela bermatzea beste xederik ez zuten ariketa haiek.

Ingelesez badute horretarako aditz bat: to crib.

To crib

· informal a translation of a text for use by students, especially in a surreptitious way: an English crib of Caesar’s Gallic Wars

· a thing that has been plagiarized: is the song a crib from Mozart’s ‘Don Giovanni’?

Hitzez hitzeko itzulpen zurrunak sortzen dira hala, edo Susan Bassnett-en hitzak erabiliz, ezezkakoan: «Unless the translation is intended as a crib, it also means accepting Popovič’s theory of the inevitability of shifts of expression in the translation process».

Hala ere, hiztegiaren aipuko bigarren adiera ere «adierazgarria» da (hiztegian gehiago ageri dira, baina ez dute balio hemen), inventioaren ordezko imitatiora garamatzalako. Izan ere, nazio gehienek imitazioz garatu dute beren literatura, eta horrekin batera beren hizkuntza, testuartekotasun betean, itzulpenen fideltasunaren ardurarik gabe, frantses itzultzaile neoklasikoen les belles infidèles haien paroxismoraino.

Eta, naziotik norbanakora etorrita, lehenalditik orainaldira, gaur egun ere aski zabaldurik omen daude idazleen artean ariketa gisako itzulpen horiek, «lumetarako zorrozkailu»; baita gure artean ere, Unai Elorriagak edo Miren Agur Meabek, kasurako, aitortu dutenez.

Halako gogoetak buruan nerabiltzala, Sergio Waisman-en Borges y la traducción (Adriana Hidalgo, 2005) zoragarria etorri zitzaidan esku artera, eta han aurkitu nuen nire buruko zurrunbiloa baretuko zuen sintagma lasaigarria: «la traducción como juego, experimentación y proceso de descubrimiento».