Fernando Rey Escalera
Nik maiz esaten dut itzulpen-lana, bakarlari-lanaren itxura hartzen bazaio ere, taldelana dela, baita lana etxezuloan bakarrik egiten dugunean ere. Egiten dugun edozein itzulpenetan beste askoren laguntza izaten dugu. Hori gabe, jai genuke.
Adibide hoberenetakoa hiztegiak eta hiztegigileak dira. Sekulako lana egin eta egiten dute, eta, haiei eskerrak, burua sobera estutu gabe izaten ditugu aukeran gure buruhausteetarako konponbide franko.
Baina behin baino gehiagotan gertatu zaigu guztioi hiztegietara jo eta ematen zaigun ordainarekin pozik ez gelditzea. «Honek ez zidak balio», «hemen tranpa egin ditek» esaten diot neure buruari. Hiztegia baliabide bat baita, lagungarri bat, baina ez itsu-itsuan jarraitu behar zaion zerbait.
Azkenaldi honetan aski sartua nagoenez anatomiarekin edo semiologiarekin ikustekoa duten gauzetan, arlo horretako problema batekin heldu naiz gaur, denon artean konponbidea aurkituko diogulakoan. Hogeitaka urte eman ditut nire lankide gehienekin, eta oraindik ere ez diogu behar bezalako soluziorik aurkitu.
Eta hauxe da: «espinilla» euskaraz nola esan, ez bernazakia, noski, baizik eta azaleko mutur beltzeko pikor mota hori. Gaztelaniaz, «comedón» ere esaten zaio, edo «barrillo». Nik frantsesez jakin ez, eta galdeka ibili naiz: «comédon» edo «point noir» esaten omen zaio.
Dermatologiaren zehaztasunetan sakondu gabe, nik hiru hitz esateko premia izaten dut.
a) Grano. Larruazaleko trastornoa izendatzeko hitz inespezifikoa, ez baitugu esaten pustula edo makula den edo nolako sintomak dituen. Nire aukera: pikorra.
b) Divieso edo forúnculo. Azaleko inflamazioa da, ile-folikuluaren eta inguruko azalazpiko ehuna infektatzean gertatzen dena. Estafilokokoa izeneko bakterioak eragiten du gehienetan. Pikor hauek zornea dute, materia. Nire aukera: erlakizten edo zaldarra.
c) Espinilla. Aknearen efloreszenzia primarioa. Hiperkeratosiaren ondorioz bilgor-guruineko folikulua ixten denean gertatzen da. Tapoi bat eratzen da, eta folikuluaren kanala erabat betetzen. Melanina, airearen eraginez, oxidatu eta belztu egiten da, eta puntu beltz gisara ikusten dugu azalean. Euskaraz nola? Hau da problema.
Nire euskaran eta nire ingurukoenean –galdeka ibili naiz han-hemenka–, «grano» esateko «pikorra», edo «granoa» da modu ohikoena, zabalduena. Hiztegiek zer dioten ikusita, ematen du pikorta eta pixika ere esaten direla.
Orotariko Euskal Hiztegiak aukera hauek ematen ditu:
bona. “(V-m-ger), granillos de la cara, que producen vivo dolor al querer hacerles supurar” A.
pikor. Grano, erupción, absceso.
erlakizten, erlakaizten. “Divieso mayor” Lar. “Cirro, divieso sin ojo” A. “Divieso”
zaldar. Divieso. “Clou ou furoncle” O-SP 222. “Divieso mayor”
ZALDAR-BELAR (-bedar V; saldarbedar V-m). Ref.: A (zaldar-bedar); Arzdi Plant1 279. “Hierba para curar diviesos”
zuldar 1. “Divieso […] si es menor, susterra, (V) zulderra” Añ. “Cierto grano de la piel” A. “Barro, granillo de la piel” Ib. “Divieso, forúnculo.
Zehazgabetasuna da aurkitu dudan problema, gehienbat erdaratik euskarara ari garenean, zeren, grano, divieso, forúnculo edo espinilla begiratuta, hauxe aurkitzen dugu:
Adorez 5000
espinilla: f. 1 grano purulento: zaldar, bona
divieso: m. zaldar, erlakizten, bixika, basasto
forúnculo: m. (Med.) zaldar, erlakizten
grano: 4 m. (Med.) grano de la piel: zaldar, pinporta, pikor, bixika, pirikorna, borna.
Elhuyar hiztegia
forúnculo: erlakizten
divieso: ezlakizten
espinilla: zaldar. Me ha salido una espinilla en la cara: zaldarra atera zait aurpegian.
Zehazki
forúnculo m med erlakizten, furunkulo.
divieso m erlakizten
grano
_ 4 (en la piel) pikorta, pinporta, bixika: me ha salido un grano en la nariz, pikorta (bat) atera zait sudurrean.
_ 5 (con pus) zuldar.
espinilla 2 f (grano) zaldar.
Euskalterm
Nik gaizki begiratu ez badut, ez du ordainik ematen sarrera hauetarako: divieso, comedón, forúnculo, grano, espinilla.
Beraz, problema bat dugu «espinilla» esateko: zenbait hiztegitan «zaldar» eta «espinilla» elkarren ordain direla esaten zaigu, baina, oker ez banaiz, premia terminologiko bat nola edo hala bete beharrak bultzatuta. Zaldarra ez da espinilla edo puntu beltza, bikor gaiztotu eta materiaduna baizik. Hiztegiren batean horrela agertu izanak ez du justifikatzen erabilera hori, eta beste bide batzuk bilatu beharko genituzke.
Nik eta nire inguruko askok, esan, «espinilla» esaten dugu, gaztelaniaren maileguaz baliatzen gara, eta hori izan daiteke konponbideetako bat. «Puntu beltzak» ere ez litzateke soluzio txarra izanen. Nire lankide Joxemari Sestorain leitzarrak dioenez, «zoztor» erabiltzen dute. Jakina, testuinguruan erabilita ulertzen da, ez bestela, baina balio liezaguke oinarri gisa terminoa sortzeko («azaleko zoztorrak”?).
Ikusten duzuenez, nik problema bat aurkitu dut, eta plazaratu.
Hiztegigileek dute hitza, jakintza arlo bakoitzeko adituekin batera, jakina.
Baina bitartean, gustura irakurriko nituzke zuen iritzi eta proposamenak, tokian tokiko erabilerak eta euskara estandarrerako iradokizunak.