Zubiaren bi aldeetan

Gotzon Egia Goienetxea

Erantzukizun ederra leporatu zigun itzultzaileoi Bernardo Atxagak: «euskararen auzia itzulpenaren auzia da». Euskaltegien ikasturte hasieran, HABEren deiak jakin-mina piztuta, idazlea aingurez eta kortxoez entzutera inguratu nintzen Gasteizera, baina arrantza tresnak gutxi aipatu zituen, zeharka besterik ez. Aldiz, itzultzaileak izan zituen ekuazio baten itxura duen tesiaren hornigai.

Irakur ezazue, plazer baduzue, edo entzun, begiak gehiegi nekatu gabe, Atxagaren hitzaldia, hitzez hitz, HABEren Ikasbil.net webgune ezin aberatsagoan.

Labur esateko: zubiaren metafora, hainbestetan erabili izan dena itzultzaileen zeregina irudikatzeko, hartzen du Atxagak. Zubiaren alde batera, esparru txiki bat, mugatua, euskararena ikusten du; bestera, berriz, erdaren eremu landu azkengabea. Bi esparru horien arteko lotura, zubia, itzulpenak egiten du; horregatik:

Zubi horrek ondo lan egiten baldin badu eta alde batetik ekarri beharrekoa bestera ondo ekartzen baldin badu, euskara ondo ibiliko da, gure hizkuntzak etorkizuna izango du.

Uler beza irakurleak: zubi horrek ez badu lana ongi egiten, kaput, akabo, euskara ez da ongi ibiliko, etorkizun laburra iragartzen ahal zaio. Izan ere, Atxagaren irudiko, zubiaren norabide batean doaz, batez ere, gauzak:

Euskal Herriko udaletxeek, Aldundiek, erakunde guztiek dokumentu bat kanporatzen duten guztietan, dela ura eta garraioaren inguruko ohar bat, dela akta bat, dela zernahi, hori da testu itzuli bat. Ez da berez. Ez da sortzez. Ez da abiapuntutik, ab ovo, ez da euskalduna. Gogoan hartu behar duzue baita ere gure eskoletan, txikientzako eskoletan, gazteentzako eskoletan, unibertsitatean, (…) hizkuntzaren erabilera ia dena, itzulpena da. Beste hizkuntza batetik ekarri da euskarara. Alegia, zubia zeharkatu behar izan du.

Are eta gehiago, ekuazio moduko bat egiten berriro: «Beraz, berriro esanda, euskara idatzia, edo irakurria, berdin euskara itzulia».

Itzultzaileen lana ona izango den segurantza izateko bide batzuk ere ikusten ditu idazleak, araudi bat irudikatzen du, itzultzaileek bete beharrekoa. Bat: itzulpenak sinatu egin behar dira, itzultzaileak erantzukizuna hartu behar du, idazleak egiten duen eran. Bi: itzulpenek edizio lan bat, zuzenketa bat behar dute. Hiru: itzultzaileek elkarrekin lan egin behar dute. Lau: itzulpengintzaren ardura goi-maila instituzionalean hartu behar du gobernuak. Eta bost: itzultzaileen ahaleginari etekin hobea atera behar zaio:

Eskema da: udaletxean, nonbait, baita herri euskaldunetan ere, egiten da dena erdaraz eta gero hori itzuli egiten da, eta hor daude, itzultzaileak itzultzen. Ez dakit, (…) wikipedia itzultzen jarriko bagenitu aktak egiten dituzten guzti horiek, ez al litzateke askozaz ere leku egokiagoa, askozaz ere toki emankorragoa?

Ez dakit, zientzia zehatzetatik urrun ikusi dut itzulpengintza beti, esango nuke zientziatik edo metodotik duen bezainbatean duela artetik eta eskulangintzatik. Aurkikuntza handirik ez da esatea itzulpen batzuk, asko agian, oker edo gaizki egin izan direla euskarara; alderantzizkoa, zuzen eta ongi, ere ez. Aukera teoriko ugariren artean, hautu zehatzen oreka zaila etengabe berdintzea du itzultzaileak lana. Erraz du, erraz duen bezala, tronpatzea, hanka sartzea, oker edo ezlekuan hautatzea, ulermena erratzea. Etsaiaren itzala begipean duela lan egitera ohituta dagoela esango nuke.

Ederki, hori dena esanda, uste dut esan behar dela baita ere euskara modernoaren garamena ez daitekeela osorik uler, ez bada itzultzaileen lan sistematiko, jarraiki eta grinaz betetakoa gogoan izan gabe. Ez erabilera ofizialetan (udalak…), ez, gutxiago, hezkuntzaren munduan; zer esanik ez, literaturan.

Zuei ez nizueke esan behar, badakizue ongi: ez dut ezagutzen beste lanbiderik, herri honetan, elkarturik lan egiteko tresna berariazko, ongi hedatu eta hain aktibo bat duenik, euskal itzultzaileok dugun ItzuL posta zerrendaren aldean; ezta gaztelaniaz edo frantsesez ere!

Mintzagai luzea du Atxagaren hitzaldiak, proposamen zehatzak tartean. Uste dut ez genukeela kalterik plaza honetan debate pixka bat eginda.

3 erantzun “Zubiaren bi aldeetan” bidalketan

  1. Ea zein itzultzailek esaten dien Microsoft, Google eta besteri beraren izena kredituetan jartzeko…

  2. Wikipedia aipatzen denez gero, zoritxarrez esan behar da, nire ustez, itzultzaile amateur gehiegi dabilela artikuluak euskaratzen, halamoduz. Itzulpen trakets dexente ikusten baitira. Hemen ere, badirudi edukien kalitate linguistikoa baino areago, artikuluen kopuruak axola digula, euskarazko Wikipediak 150.000 sarrera dituela esateko, harro-harro.

  3. “Mintzagai luzea du Atxagaren hitzaldiak”, diozu, Gotzon, eta zurekin guztiz bat nator; bai horretan, bai eta horren inguruan eztabaidatzearen onura aipatzerakoan ere. Eta mintzagai luzea duenez, ataltxo bati baino ez diot helduko, gehien edo zuzenen aztoratu nauen horri.

    “Euskararen auzia itzulpenaren auzia da” irakurri orduko, laztu egin zaizkit ileak, arduraren arduraz. Hala ere, aurrera egin dut: “Zubi horrek ondo lan egiten baldin badu eta alde batetik ekarri beharrekoa bestera ondo ekartzen baldin badu, euskara ondo ibiliko da, gure hizkuntzak etorkizuna izango du”. Eta, zeure moduan, neuk ere hau ulertu dut: “zubi horrek ez badu lana ongi egiten, kaput, akabo, euskara ez da ongi ibiliko, etorkizun laburra iragartzen ahal zaio”. Zer esan horren ondoren, ene badatxue!, glups!, laguntza!, edo antzerako bat ez bada?

    Argi esango dut: sekula ez dut onartu itzulpena, bereziki euskararako itzulpena, lotsaizun modura bizi beharra, ezkutatu beharreko zerbait bailitzan. Itzuli egiten dugu, asko, euskarara –mundua handia da; gu, txikiak–, baita euskaratik ere, askoz gutxiago bada ere; baina, ez al da gehiegitxo esatea euskararen auzia itzulpenaren auzia dela?

    Europaren hizkuntza itzulpena dela esana du Saramagok. Bai eta “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” J.A. Artzek. Eta bateragarriak, osagarriak zaizkit bi baieztapenok. Are gehiago, biak ala biak behar ditut nire itzultzaile jardunaren zergatia eta funtsa azaltzeko: euskalduna naizelako, euskaraz dihardudalako itzultzen dut euskaratik eta euskarara, euskaldunok jendarte zabalagoan eroso bizi gaitezen.

    Uztartu ezin ditudanak, baina, Bernardo Atxagaren bi baieztapen hauek dira: “euskara idatzia, edo irakurria, berdin euskara itzulia” eta “hizkuntza ezin duzu modu erretorikoan erabili”. Bai egia da, bigarren esaldi horren ondoren “ezin duzu erabili zubi hori hola nolabait, zubi txar batekin itzulpenak eginez…” dio, baina horrek ez du ukatzen aurretik esandakoa, euskaraz idazten eta irakurtzen dugun oro itzulpena dela. Hori horrela bada, zertan ari gara? Ez al litzateke hori erretorikarik erretorikoena?

    Mintzagai luzea du Atxagaren hitzaldiak lerro gutxi hauetan ahitzeko. Gainera, haren esanak irakurri baino ez ditut egin; hitzak biluzik jaso ditut, haren tonu, isilune eta keinurik gabe, entzuleen imintzio eta hotsak aditu gabe, eta horrek asko alda ditzake gauzak. Nolanahi ere, gehiegizkoa zait esaldiaren pisua, “Euskararen auzia itzulpenaren auzia da”. Ahulegia dut bizkarra horren erantzukizun handirako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude