(Ederki) sartutako golak ala gol ederki sartuak?

Oskar Arana Ibabe

Erdi lo nengoen, telebista aurrean, honako hau entzun nuenean: «Eta, ondoren, sartutako golak ikusiko ditugu…», eta, iruzkin kaltegabe hori entzunik atera nintzen lokumatxotik, belarriak entzun eta adimenak bitxi iritzitako iruzkinaren bitxiaz galdezka, erdi lo hobeto zegoela jakin arren, beti galdezka adimena, aspaldi ebatzitako kontuez ere, galdezka, eta amaitu zen lokumatxoa. «Nork sartutakoak?», edo «noiz sartutakoak?», edo «zelan sartutakoak?», zer edo zer falta zuela esaldi horrek, neure iritzirako. Eragozpen semantiko hutsa ote? Golak sartu egiten dira, jakina, sartu gabeko golik ez dago (edo golak egin egiten dira, ez dakit ondo, edo lortu, goal-xedea adiera etimologiari helduz gero, baina, honezkero, seguru, golak sartu egiten dira, eta, hori bezain segurua, ez dago gol sartu gaberik…). Orduan? Orduan itzulpen-ariketa izango zela iritzi nion, denok egiten baititugu, barne-diglosia bihurtzen ari zaigun kanpo-diglosia honetan, auto-itzulpen ariketa horiek: «veamos los goles de esta jornada….», «veamos los goles logrados en la jornada de hoy», edo horrelako zerbaiten itzulpen amaitugabea izango zela iritzi nion, eta, hartara, «Eta, ondoren, gaurko jardunaldian sartutako golak ikusiko ditugu…», edo «Ikus ditzagun gaurko egunean izan diren golak» edo «Ikus ditzagun gaurko golak» beharko zukeela, eta, sartutako golak, partizipioak hor huts-hutsean duen balio zehaztailea, alferrekoa zela guztiz.

Aitzakia izan dut pasadizo hori galdera bat egiteko blog honetan. Zergatik ez ote diren maizago ikusten, euskarazko hizkera juridiko eta administratiboan, idazle klasikoen testuetan oso ohikoak ziren adjetibo eta erlatibo jokatu eta jokatugabeen kate luzeak, izen-ardatzaren eskuinera emanik azalpen edo atribuzio balioarekin.

Esate baterako, aste honetan bertan, testu baten itzulpenean, zalantzan izan naiz esaldi baten itzulpena nola eman:

  • 1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, industrialki fabrikatutako gizakientzako sendagaietarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.
  • 1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, gizakientzako sendagai industrialki fabrikatuetarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.

Bigarrena hobetsi nuen, jakin arren lehenak ez duela, itxura batean, eragozpen gramatikalik, aukera ematen duela aditz partizipioa (fabrikatutako) lehenbiziko izenarekin lotu ordez bigarrenarekin lotzeko, alegia, fabrikatutakoak sendagaiak direla, eta ez gizakiak (ez da, ez, klonazioaren bidez fabrikatutako gizakientzako sendagaiez ari errege-dekretua. Bigarren bertsioko egitura (gizakientzako sendagai industrialki fabrikatuetarako…) hobetsi nuen, lehenbiziko irakurraldian interpretazio-ahalegin txikiagoa eskatzen duelakoan, gramatikaz zuzena delakoan, baina ezin irizpide gramatikalik aurkituz neure baitan bigarren bertsio hori lehenaren aldean hobesteko. Izen-ardatzaren eskuin edo ezker egoteak izan ditzakeen balioez eta abantailez eta aukerez gogoeta egin nuen, baina ez nuen, esan bezala, irizpiderik aurkitu bigarrena, ulergarritasun edo egokitasunaz landako irizpideekin (eta hori ere zalantzazkoa), hobesteko.

Ulergarritasuna eta egokitasuna bakarrik hartzen ote zituzten aintzat, Krispin Beobidek Asisko Lorean adibidez, adjektibo-kateetan izen-lagunak eta erlatibozko esaldi jokatu edo jokatugabeak eskuineratzeko? Eta, hala bazen, egokitasuna eta ulergarritasuna bazituzten irizpide izen-sintagma konplexuak horrela antolatzeko, zergatik dute goi-mailako erregistroaren kutsu moduko bat gure prosa administratibo eta juridikoan, haien idazkiak, sarri, jendaurrean irakurtzekoak izanik, eta, hartara, ez bazegoen zertan testu horiek, herritarren aurrean ozen irakurtzekoak izanik, goi-mailako erregistrokotzat jo?

Hona hemen Krispin Beobidek Asisko Loreak lanean erabiltzen dituen gisa horretako baliabide zenbait:

  • Orta zeritzan erri inguruan gelditu ziran elizatxo utzitako batian….
  • …Berrogeita bi egunian, bi ogi eraman zituan aietatik baten erdiya baizik etzuan jan!…
  • Gogorazio gisa onetakuekin juan zan Florentziaruntz Franziskorengana…
  • …zeñak artu zuan emaztetzat Ortulana gazte jator oneko ta bertute aundikua.
  • …ez izan bildurrik, emakumia: zuk argitara emango dezun aurra izango da zuzi piztu bat, argi egingo duena munduan.
  • Argia orandik bere bertute garaien dizdiadurak beste asko birtutetsuen espirituak alaitu zituana, are ta gehiago aurreratu zitezen santutasunian…
  • …Han eman zion San Frantziskok, illiak moztu ondorian, jantzi latz asko balio etzuan bat.
  • …esan zion onek itsas-gizon Jaungoikoaren bildurreko bati:…
  • Aita, hemen dator gazte bat, Milango etxaldeko seme odol oneko galai aberatsa eta jakintsua

Ondo irakurtzen dira sintagma horiek, ezkerretaratutako kate luzeak baino hobeto batzuk, eta Krispinen testuak eliztarrentzat ziren, ez jakintsuentzat, eta, beraz, ezin esan goi-mailako erregistroa zegokiela nahitaez.

Ezin jakin zehazki, ordea, zein irizpideren arabera ematen zituzten izen-sintagma luze horietako batzuk era horretara eta beste batzuk bestera, ez beti luzeragatik… Atribuziozko balioa nabarmentzeagatik ote?

Hitzaldi artez onduak, inondik ere, Krispin Beobiderenak (hala aitortzen du Villasantek hitzaurrean), …testu ederki onduak (eta gol ederki sartuak) idazle fin horrenak!

7 erantzun “(Ederki) sartutako golak ala gol ederki sartuak?” bidalketan

  1. Aupa, Oskar.

    Zuk hona aldatutako lehen adibidearekin batera, EGLU-VIIk Beobideren beste hau dakar 393. orrialdean:

    “Frabrianoko erri onetatik legua bat mendi aldera, arkaitz ta arrieta besterik etzan bakardade illun batian, arkitzen zan Ama Birjiñari eskaiñitako San Benitoren alabak iduki zuten etxe santu utzitako bat”.

    Esaldiok irakurri nituen aurreneko aldian, otu zitzaidan “utzitako” elementuaren eskuineratzean bazegokeela asmo semantiko bat, hots, “abandonatu” zentzua emateko nahia. Elementu hori ezkerrean jartzera, nekezago litzateke agian esanahi horrekin interpretatzea, testuinguru horietan behintzat:

    … gelditu ziran utzitako elizatxo batian…
    …San Benitoren alabak iduki zuten utzitako etxe santu bat.

    Jakina, uste hau, ustel edo ez, kasu jakin honetarako bakarrik balio du.

  2. Izen ardatzaren eskuinaldean nahiz ezkerraldean, -KO atzizkiz josiriko kate luze horiek nahasgarri xamarrak eta ulergaitzak izan ohi dira. Baina bai, eskuinera jotzearena baliabide ona izan daiteke batzuetan.
    Hasieran aipatu duzun errege dekretuari dagokionez, uste dut pilaketa larregiko hori saihesteko modu bat -KO gutxiago erabiltzea dela, kateak arnasa har dezan. Horretarako, aditz partizipioa (fabrikatutakoak) erlatibo jokatu bihurtu eta hitzen ordena pitttin bat alda daiteke. Hara:

    -1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, gizakientzat industrialki fabrikatzen diren sendagaietarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.

    Ez dakit, aukera bat izan liteke…

    1. Bai, zuk aipatzen duzun adibidean, Gilen, hala ulertzen dut nik ere. Eta, bai, Diego, zure aukera hori ere ona da, baina ez dut uste osagarri eskuineratua baino hobea denik. Hain zuzen, osagarri eskuineratu horiek gehiago baliatzeko joera zergatik desgertu zen halako batean, galdetzen diot neure buruari artikuluan. Zeren eta, garai batean, gaur baino askoz gehiago erabiltzen baitziren, lotsa gutxiagorekin. Asisko Lorea lana, eta beste batzuk, horrelako egiturez josita daude.
      Eskerrik asko iruzkinengatik.

      1. Eskerrik asko, Oskar, zure artikulu honetan gogorarazteagatik eskuineratze-aukera hori ere hor dagoela.
        Niri interesgarria iruditzen zait, gehienbat, horrek malgutasun bat ematen digulako, sor daitezkeen argitasun-arazoak ebazteko.
        Adibide bat jarriko dut, Nafarroako Parlamentuan oraintxe bertan esku artean daukagun testu batetik aterea:
        “Bienes de dominio público afectados al uso general”.
        Lehenbiziko itzulpen bat: “erabilera orokorrari lotutako jabari publikoko ondasunak”.
        Arazoa: euskarazko testuan, esan dezakegun onena da ez dela argi gelditzen zer den erabilera orokorrari lotuta dagoena. Edo, okerragoa: esaldi barreneko hurbiltasunagatik behintzat, jabari publikoa litzateke, eta ez ondasunak, erabilera orokorrari loturikoak.
        Konponbidea, zure artikuluaren ildoari jarraituz: “jabari publikoko ondasun erabilera orokorrari lotuak”.
        ***
        Tamalez, konponbide horrek bestelakoa den desabantaila bat dakarkigu: “ondasun” eta “erabilera” hitz-elkarte bat balira bezala ulertzea lehen irakurraldian. Eta horrek beste afera batera eramaten gaitu: hitz-elkarteak beti marratxoz idaztearen komenigarritasunera, halako moduz non, marratxorik ez dagoela ikusi bezain laster, hitz-elkarte bat EZ dela jakiteko moduan baikeundeke.
        Baina marratxoak euskaldun askorengan aurkitzen duen abegi txarra (niretzat ulergaitza) kontuan harturik (zeinaren ondorio bat aipatu berri dudan horixe baita), eta praktikotasunak bultzatuta, agian honela jartzera etsi beharko ginateke:
        “Jabari publikoko ondasunak, erabilera orokorrari lotuak”.
        Poza, tamalez, iraupen laburrekoa zaigu. Gauza jakina baitugu sintagmak eta esaldiak testuaren jarioan doazkigula igerian, edo joan ahal zaizkigula, behinik behin. Zeina baita aztergai hartu dugun adibidearen kasua, honelaxe agertzen baita:
        “Un estado demostrativo de las inversiones realizadas durante el ejercicio en bienes de dominio público afectados al uso general”.
        Horrek behartuko gintuzke utzi dugun azken katebegiari heldu eta honela-edo aldatzera: “Jabari publikoko ondasunetan, erabilera orokorrari lotuetan, ekitaldian zehar egindako inbertsioak erakusten dituen egoera-orria”.
        Eta, horrenbestez, gaztelaniaz kolpe bakarrean zehaztasun osoz adierazten den zerbait (“bienes de dominio público afectados al uso general”) euskaraz bi fasedun modu trakets samar horretan (“jabari publikoko ondasunetan, [baina ez horietan guztietan, aizu, baizik eta] “erabilera orokorrari lotuetan”) esatera behartuak suertatzen gara.

  3. Eta nik, Xabier, hala ere, nahiago Beobide eta enparauen soluzioa, “jabari publikoko ondasun erabilera orokorrari lotuak”…sintagma haustea baino. Berdin jarraitzen dut, neure artean galdezka, zergatik baliabide horren erabilia bazterrera geratu zen geroago…eta susmoa badut zergatik, baina ez dut aipatuko, ez baitut behar bezain sakon aztertu arazoa.
    Eskerrik asko.

    1. Ni ere “jabari publikoko ondasun erabilera orokorrari lotuak” aukeraren alde.

      Duela gutxi aipatu dugu lankideok gutxi “ausartzen” garela horrelakoak idaztera. Baina aurkitu daitezke egungo testuetan ere. Interneten bilaketa bat egin berri dut (murritza, bururatu zitzaidan errazena: “josi bat”, “bete bat”, “apaindu bat” eta “ondu bat” eskatu, eta ateratzen diren adibideetan horrelakorik baden ikusi). Hauek bederen agertu zitzaizkidan:

      —Serafin —zion neskatxa ongi apaindu batek, irria ezpaiñetan (klasikoak.armiarma.com, E. Erkiaga, Araibar)

      Sabaian, kasetoi lan luze urreztatu eta guztiz apaindu batek ertza ematen zion ispilu karratu eskerga bati. (Egungo Euskararen Hiztegia, K letra)

      Bekokia zimurtuz, albora eragin bere aulkiari eta makurtu egin zen, andre garai, gris-argiz jantzi eta perlaz apaindu bat aretoan sartu zenean. (Herioa Venezian, Thomas Mann / Xabier Mendiguren Bereziartu).

      Arrantzale ontzi leporaino bete batean sartu ginen. (Eneko Bidegain, Berria)

      Bakardade Aratzaren Pabilioia jardin bide-bihurriz josi baten erdian egongo zen noski; horrek irudikaraziko zien beharbada gizonei labirinto fisiko bat (Ipuin hautatuak, Jorge Luis Borges / Juan Garzia, Ibaizabal, 1998).

      Ahantzi gabeko laboratorio jelaz, itxaropenez eta izulaborriz bete batean. (Sistema periodikoa, Primo Levi / Juan Garzia).

      baziren arrakala batzuk akuedukto hautsez bete batean (Ipuin hautatuak, Jorge Luis Borges / Juan Garzia, Ibaizabal, 1998).

      Patziku Perurenak Txistulari aldizkarian agerturiko lan arduratsu bezain artez ondu batean, ohi bezala bestalde, misionista honek Leitza aldean isuririko pozoiaren berri eman zigun. (Joxemiel Bidador, Egunkaria).

      Handik Trois-Pistoles hirirat, hango eliza mukurru bete batean eskaini duten kontzertua xoragarria izan delarik (Angelu, kazetaritza-testua)

      Horretarako mila eragozpen eta mila oztopo gainditu beharko ditu bidaia fantastiko eta arriskuz bete batean. Narrazio mitiko bat da Garcia-Vianarena, eta tradizioan du oinarri sendoa. (alberdania.net, liburu-aurkezpena)

      “Legerik gabe denok esklabu”, gaineratu zion, Trafalgar Squaretik gertu dagoen jatetxe txiki lorez apaindu batean bazkaltzen ari zirelarik. (Airezko emakumeak, Felipe Juaristi).

  4. Guztiz ados zurekin, Oskar.
    Problema bakarra hitz-elkarte ez dena halakotzat hartzearena dauka. Esan nahi izan dudana da halako problemarik ez litzatekeela izan beharko, eta hori letorkeela hitz-elkarte guztietan marratxoa erabiltzetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude