(Ederki) sartutako golak ala gol ederki sartuak?

Oskar Arana Ibabe

Erdi lo nengoen, telebista aurrean, honako hau entzun nuenean: «Eta, ondoren, sartutako golak ikusiko ditugu…», eta, iruzkin kaltegabe hori entzunik atera nintzen lokumatxotik, belarriak entzun eta adimenak bitxi iritzitako iruzkinaren bitxiaz galdezka, erdi lo hobeto zegoela jakin arren, beti galdezka adimena, aspaldi ebatzitako kontuez ere, galdezka, eta amaitu zen lokumatxoa. «Nork sartutakoak?», edo «noiz sartutakoak?», edo «zelan sartutakoak?», zer edo zer falta zuela esaldi horrek, neure iritzirako. Eragozpen semantiko hutsa ote? Golak sartu egiten dira, jakina, sartu gabeko golik ez dago (edo golak egin egiten dira, ez dakit ondo, edo lortu, goal-xedea adiera etimologiari helduz gero, baina, honezkero, seguru, golak sartu egiten dira, eta, hori bezain segurua, ez dago gol sartu gaberik…). Orduan? Orduan itzulpen-ariketa izango zela iritzi nion, denok egiten baititugu, barne-diglosia bihurtzen ari zaigun kanpo-diglosia honetan, auto-itzulpen ariketa horiek: «veamos los goles de esta jornada….», «veamos los goles logrados en la jornada de hoy», edo horrelako zerbaiten itzulpen amaitugabea izango zela iritzi nion, eta, hartara, «Eta, ondoren, gaurko jardunaldian sartutako golak ikusiko ditugu…», edo «Ikus ditzagun gaurko egunean izan diren golak» edo «Ikus ditzagun gaurko golak» beharko zukeela, eta, sartutako golak, partizipioak hor huts-hutsean duen balio zehaztailea, alferrekoa zela guztiz.

Aitzakia izan dut pasadizo hori galdera bat egiteko blog honetan. Zergatik ez ote diren maizago ikusten, euskarazko hizkera juridiko eta administratiboan, idazle klasikoen testuetan oso ohikoak ziren adjetibo eta erlatibo jokatu eta jokatugabeen kate luzeak, izen-ardatzaren eskuinera emanik azalpen edo atribuzio balioarekin.

Esate baterako, aste honetan bertan, testu baten itzulpenean, zalantzan izan naiz esaldi baten itzulpena nola eman:

  • 1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, industrialki fabrikatutako gizakientzako sendagaietarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.
  • 1345/2007 Errege Dekretua, urriaren 11koa, gizakientzako sendagai industrialki fabrikatuetarako baimen, erregistro eta emate-baldintzen prozedura arautzen duena.

Bigarrena hobetsi nuen, jakin arren lehenak ez duela, itxura batean, eragozpen gramatikalik, aukera ematen duela aditz partizipioa (fabrikatutako) lehenbiziko izenarekin lotu ordez bigarrenarekin lotzeko, alegia, fabrikatutakoak sendagaiak direla, eta ez gizakiak (ez da, ez, klonazioaren bidez fabrikatutako gizakientzako sendagaiez ari errege-dekretua. Bigarren bertsioko egitura (gizakientzako sendagai industrialki fabrikatuetarako…) hobetsi nuen, lehenbiziko irakurraldian interpretazio-ahalegin txikiagoa eskatzen duelakoan, gramatikaz zuzena delakoan, baina ezin irizpide gramatikalik aurkituz neure baitan bigarren bertsio hori lehenaren aldean hobesteko. Izen-ardatzaren eskuin edo ezker egoteak izan ditzakeen balioez eta abantailez eta aukerez gogoeta egin nuen, baina ez nuen, esan bezala, irizpiderik aurkitu bigarrena, ulergarritasun edo egokitasunaz landako irizpideekin (eta hori ere zalantzazkoa), hobesteko.

Ulergarritasuna eta egokitasuna bakarrik hartzen ote zituzten aintzat, Krispin Beobidek Asisko Lorean adibidez, adjektibo-kateetan izen-lagunak eta erlatibozko esaldi jokatu edo jokatugabeak eskuineratzeko? Eta, hala bazen, egokitasuna eta ulergarritasuna bazituzten irizpide izen-sintagma konplexuak horrela antolatzeko, zergatik dute goi-mailako erregistroaren kutsu moduko bat gure prosa administratibo eta juridikoan, haien idazkiak, sarri, jendaurrean irakurtzekoak izanik, eta, hartara, ez bazegoen zertan testu horiek, herritarren aurrean ozen irakurtzekoak izanik, goi-mailako erregistrokotzat jo?

Hona hemen Krispin Beobidek Asisko Loreak lanean erabiltzen dituen gisa horretako baliabide zenbait:

  • Orta zeritzan erri inguruan gelditu ziran elizatxo utzitako batian….
  • …Berrogeita bi egunian, bi ogi eraman zituan aietatik baten erdiya baizik etzuan jan!…
  • Gogorazio gisa onetakuekin juan zan Florentziaruntz Franziskorengana…
  • …zeñak artu zuan emaztetzat Ortulana gazte jator oneko ta bertute aundikua.
  • …ez izan bildurrik, emakumia: zuk argitara emango dezun aurra izango da zuzi piztu bat, argi egingo duena munduan.
  • Argia orandik bere bertute garaien dizdiadurak beste asko birtutetsuen espirituak alaitu zituana, are ta gehiago aurreratu zitezen santutasunian…
  • …Han eman zion San Frantziskok, illiak moztu ondorian, jantzi latz asko balio etzuan bat.
  • …esan zion onek itsas-gizon Jaungoikoaren bildurreko bati:…
  • Aita, hemen dator gazte bat, Milango etxaldeko seme odol oneko galai aberatsa eta jakintsua

Ondo irakurtzen dira sintagma horiek, ezkerretaratutako kate luzeak baino hobeto batzuk, eta Krispinen testuak eliztarrentzat ziren, ez jakintsuentzat, eta, beraz, ezin esan goi-mailako erregistroa zegokiela nahitaez.

Ezin jakin zehazki, ordea, zein irizpideren arabera ematen zituzten izen-sintagma luze horietako batzuk era horretara eta beste batzuk bestera, ez beti luzeragatik… Atribuziozko balioa nabarmentzeagatik ote?

Hitzaldi artez onduak, inondik ere, Krispin Beobiderenak (hala aitortzen du Villasantek hitzaurrean), …testu ederki onduak (eta gol ederki sartuak) idazle fin horrenak!