Aiora Jaka Irizar
Lawrence Venuti itzultzaile eta ikertzaile estatubatuarrak ozen salatu zuen mundu anglosaxoiko eta batez ere Ipar Ameriketako itzulpenen izaera distortsionatu, amerikartu eta inperialista bere The translator’s invisibility (1995) entzutetsuan. Liburuan, Venuti kexu ageri zaigu ingelesera egiten diren itzulpen gehienak itzulpen-itxurarik ez duten testu «gardenak» direla, non itzultzailearen ikusezintasuna itzulpen onaren seinaletzat hartzen den. Venutik salatzen du irakurle amerikarrari irakurketa erraztu nahi horretan guztiz ezabatzen direla jatorrizko testuaren eta jatorrizko kulturaren hainbat eta hainbat ezberdintasun, eta kulturen eta hizkuntzen arteko distantzia laburtzea izan ohi dela itzultzaile eta batez ere argitaletxe gehienen helburu edo premisa, nahiz eta horrek askotan jatorrizko testua guztiz desitxuratzea dakarren.
Joera hori egiaztatzeko aukera izaten ari naiz une honetan, 2012ko Literatura Nobel saridun Mo Yan txinatarraren lan baten euskarazko itzulpenaren harira. Txinatar literaturan aditua den Maialen Marin itzultzailearekin batera ari naiz Mo Yanen zortzi ipuin euskaratzen, eta, txineraz ez dakidanez, Maialenen jakintza baliotsuaz gain testu horien frantsesezko eta ingelesezko itzulpenak dira nire laguntza bakar (Mo Yanen gaztelaniazko itzulpen ia guztiak ingelesezko bertsioa zubi-testutzat hartuta eginak dira). Eta testuen arteko konparaketak Venutiren tesiak baieztatzeko aukera eman dit: harrigarria da ingelesezko testu amerikarren eta frantsesezko itzulpenen arteko aldea zenbait pasartetan. Maialenek bere doktore-tesian Mo Yanen lanen itzulpenen azterketatik ateratzen dituen ondorioak guztiz aplikagarriak dira gu euskaratzen ari garen ipuin hauen kasuan ere: Howard Goldblatten itzulpen anglofonoa itzulpen «domestikatzailea» da guztiz, testu ingeles «natural» bat lortzeko helburuz guztiz moldatu, moztu, laburtu eta are «zentsuratu» egiten baitu jatorrizko testua; Chantal Chen-Androren itzulpen frantsesa, aldiz, askoz ere lotuago mantentzen zaio jatorrizkoari, inolako omisio, gehikuntza edo bestelako alteraziorik gabe.
Dirudienez, oro har, Estatu Batuetan, irakurle eta argitaletxeen exijentziek pisu handiagoa dute maiz jatorrizkoarekiko leialtasunak baino. Arrazoi komertzialek agintzen dutela, alegia: argitaletxeek ez dituzte irakurle anglofonoei arrotzegiak —edo luzeegiak, edo astunegiak, edo inkoherenteegiak— egingo zaizkien liburuak ekoitzi nahi, lan irakurterrazak baizik: luzera egokikoak, itxuraz exotikoak baina erreferentzia ilunegirik gabeak, logika eta koherentzia mendebaldarraren arabera antolatuak.
Frantziako argitaletxeen gaur egungo politika desberdina dela dirudi: itzulpenak jatorrizkoetatik gertuago egon ohi dira oro har. Arabieratik euskararako itzulpenean eskarmentua duten Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak ere horixe bera konfirmatu zidaten beren esperientziaz galdetu nienean: ingelesezkoa askoz ere itzulpen libreagoa izaten omen da frantsesezkoa baino.
Kontu honek zer pentsatu handia eman zidan Mo Yanen itzulpenari ekin nionean: zer exijitzen digute euskal argitaletxeek euskal itzultzaileoi? Zein itzulpen-arau dira nagusi gurean? Zenbateko pisua du jatorrizkoarekiko leialtasunak eta zenbatekoa produktua saldu beharrak? Zenbateraino ezabatu edo moldatu ohi dira jatorrizko testuen erreferentzia arrotzak, pasarte ilunak, ustezko inkoherentziak? Zenbaterainoko ikusgarritasuna du itzultzaileak? Argi dago hain irakurleria mugatua duen hizkuntza batean ekoizten den produktu batek gutxieneko salmenta batzuk bermatuta izan behar dituela, eta, zentzu horretan, argitaletxeek testu ongi idatzi eta irakurterrazak nahi dituztela. Baina iruditzen zait gure literatur sistemaren txikitasun horrek berak nolabaiteko umiltasuna ezartzen digula itzultzaileoi: nago gaur egun handinahikeria deritzogula garai bateko euskal itzultzaileen dena etxekotu nahi horri, eta jatorrizkoarekiko «leialak» diren testuak hobesten ditugula, «nor gara gu, euskal itzultzaile umil bezain xumeok, txinatar literaturako idazle handienetako baten lanak desitxuratzeko?» pentsatuko bagenu bezala. Badirudi literatur sistema jakin baten txikitasun edo handitasunak eta inguruko sistemekiko dituen harremanek eragin handia dutela, hain zuzen ere, sistema horretako itzulpen-arauetan. Maialenek bere tesian egiaztatu ahal izan duen bezala, Estatu Batuetan ere, zenbat eta ezezagunagoa jatorrizko testuaren idazlea, orduan eta lizentzia handiagoak hartu ohi dituzte itzultzaileek. Aldiz, autorea ezagunago bihurtu ahala eta errekonozimendu internazionala eskuratu ahala, itzultzaileek gehiago errespetatuko dute autore horren autoritatea.
Beste tesi bat idatz liteke gorago aipatutako galdera horiei erantzunez, tesi zinez interesgarria, inondik ere. Blog honetako nire debutean balizko tesi horretarako hipotesi edo galdera batzuk proposatu besterik ez nuen egin nahi, eta hara non, hariari tiraka, uste baino gehiago luzatu naizen. Hementxe utziko dut, beraz, nire gaurko gogoeta. Ongi etorri bitez erantzun, kontra-iritzi, kritika eta proposamenak!
Kaixo, Ayora. Ez naiz, noski, frantsesezko literatura itzulpengintza modernoan aditua, baina bitxia egin zait diozuna, hain zuzen ere frantsesak izan baitira, norbait izan bada, besteen literatura beren modura etxekotzeko ospea izan dutenak aspalditik: hor dago “les belles infidèles” kontu ezaguna. Edo Kunderak, uste dut, noizbait kontatu zuena: alegia, haren lehehengoetariko itzultzaile frantses batek txekiera jakin gabe itzuli zuela haren liburu bat, Kunderaren argazki baten laguntzarekin: ez dakit txantxa den, baina garai batean hori entzun genuen, pentsa.
Ez, Kunderarena ez da txantxa, inolaz ere: http://tinyurl.com/qbo4egp
Niri iruditu zait commentario arras interesantea Ba legoque zer guehiagoric esateco ere, beguiraturic gueure buruari.