Iratxe Goikoetxea
Ez, ez nabil italieraz. Gaztelania da hori. Edo euskañola?
Interpretazio oker batetik sortutako esapide bat da. Txarto ulertuak eguneroko kontua dira hizkuntzan, eta denok ikusten ditugu halakoak inguruan. Adibide pare bat ekarriko dut hona, ilustratzeko.
Orain urte batzuk Mazda bat geneukan. Eta gure mutikoa tematuta zegoen «Maz» zela markaren izena, eta ez Mazda. Aditzarekin lotzen zuen amaierako –da. Antzera gertatzen zitzaion pistatxoekin. «Pistak» esaten zien berak, –txo hori txikigarria zela pentsaturik.
Osaba bat, berriz, gaztelaniazko berba batzuekin trabatzen da: «marillo» eta «arradio» esaten ditu, artikuluen generoak eta mugak argi ikusi ezinik.
Denok entzunda daukagu, bestalde, hizkuntzen arteko interferentziek zelako eragina izan duten toponimian. Adibidez, euskarazko toponimoen hasierako La– gaztelaniazko artikulutzat jo, eta Trapagaranen Larraineta La Reineta bihurtzea eta Galdamesko Laia auzoa La Haya interpretatzea.
Hizkuntza barruko nahasteak, hizkuntzen artekoak… Bietarik apur bat du hona ekarri nahi dizuedan esapideak: poparean > en popare.
Poparean arraunean sarri erabiltzen da «olatuen alde, olatuen gailurrean» adierazteko. «Haizeak bultzatuta» ere esan nahi du arrantzaleen hizkeran. Berba bitxia da, berezia, –rean ablatibo zaharra fosildurik gorde duen berba bakanetako bat baita. Ablatibo zahar hori usu erabili zen Bizkaian XVI. eta XVII. mendeetan[1]:
· Jausi da zerurean harria (Milia Lasturren eresia)
· Eskurean ahora okelea galdu doa (RS 1596)
· Ez ohean, ez oherean gora (Garibai)
· Negar egingo dau zizpuru handiagaz eta bihotzerean (Kapanaga)
Hau da, gaur egun zerutik, eskutik, ohetik, bihotzetik… esango genukeena. Izan ere, –tik eta –rik kasuek lekua jan zioten –rean hari, ia guztiz desagerrarazteraino. Ozta-ozta gorde da baladetako arkaismoetan, bai eta Bizkaiko euskara batzuetan darabilten arean berban eta kostaldean iraun duen poparean esapidean ere.
Beraz, poparean eta popatik gauza bera litzateke. Baina, filologook kenduta, inork gutxik daki zer den –rean hori, eta ez da harritzekoa hiztun batzuek horren atzean popare + –an ikustea. Kontua da interpretazio oker hori gaztelaniara aldatu dela, eta en popare esapidea zabaldu dela, kutsu jatorragoa eman nahirik edo: «La trainera de Bermeo volvió a demostrar que en popare vuela. Dominó de brankas y en popare».
Hizkuntza bakoitzak bere esateko moduak ditu. Eta gaztelaniaz de empopada edo de popa esaten zaio horri[2].
[1] Informazio zehatza eta argigarria duzue Joseba Lakarraren artikulu honetan.
[2]Alfredo Lopez de Sosoaga; Jose Luis Ormaetxea, Estropada hiztegia, EHU, 2006
Hona Doneztebeko ferian aditutako Esproncedaren oihartzun hau, diozunaren lehengusu propioa:
Pobrik men yittun, biño Mejikora abittu, zapateria patu, eta oain ziento enponpa zuaziek dirua arraka.
Malerrekako hauek… 😉
Bide batez, ahantzi samarra nuen “arraka(n)” hori. OEH 7 arraka (AN-gip-5vill-ulz). A chorros. “Urak arraka dario (AN-ulz), vásele el agua a chorros” Inza Eusk 1926 (3-4), 7. “Arraka doazi diruek (AN-ulz), los dineros van a puñadas” Ib. 7. “Malkoak arraka dauzki (AN-gip)” Gte Erd 230. (Tras tema nominal nudo). “Malko arraka dago (AN-gip), erde arraka kokostik beiti (AN-gip-5vill)” Gte Erd 169. “Izerdi arraka nago (AN-gip)” Ib. 175. “Odol arraka dago (AN-gip)” Ib. 230.
A. Perez Bilbaoren “Bermeoko Herri Hizkera” liburuan.
popadán = Haizea popa aldetik nabigatu.” Popadan sartu gariez Sananderrera”.