Musu-truk

Koro Garmendia Iartza

Anekdota polit bat ekarriko dizuet gaurkoan; izan ere, batzuetan, zeinen pasadizo ederrak sortzen diren, ustekabean!

Udako egun sargori batean, gizon urtetsu bat herrixka batera heldu da, oinez, bizkarrean motxila astun bat daramala. Izerditan dator, nekatuta. Tabernarik ez da herrian. Aitona batzuk itzaletan eserita daude, hari begira, eta elkarri kasu egin diote. Herriko zahar haietako batek dei egin dio alabari, iritsi berriarentzat zerbait atera dezan. Kasu egin dio alabak, handik gutxira ondo hornituta azaldu baita: ur freskoa, olibak, gazta eta ardoa jarri ditu mahai gainean.

Guztiek ere tarte atsegina eman dute berriketan, jan-edanean. Eta, agurtzeko garaia iristean, zenbat zor dien galdetu die kanpotarrak herritarrei. Ezetz, gizona, ezetz, hori ez dagoela ordaindu beharrik. Baietz ba, halako mokadua nolabait eskertu nahi diela. Ezetz, ezetz, egoteko lasai, debalde dela. Debalde? Bai, musu-truk. Musu-truk beraz. Bai, musu-truk. Orduan, alabarengana hurbildu da gizona, eta eskuan musu eman dio, esker onez.

Hiztegietan sinonimo ditugu dohainik, hutsaren truke, debalde, urririk, eta abar. Eta horien senide da musu-truk. Baina ezin uka ordain goxoa eman nahi duenak, dirutan zertzen ez dena, baduela hitz horretan sostengurik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude