Adina, belaunaldiak eta hizkuntza aldakortasuna

Irantzu Epelde Zendoia

Berrogeita hamabost urte ditu gaur egun, eta Oxford inguruko herri txiki batean bizi da, Gallowstree Common-en. Arnasa falta zitzaiola kontatzen du gaztaroko Euskal Herri hartan, Urolaldeko herri oraindik txikiago batean bizi zeneko garai haietan, eta horregatik erabaki zuela Ingalaterrara joatea, ingelesa ikasi behar zuela eta. Ingelesa ikastearena aitzakia zuela aitortzen du orain, eta kabitu ezinik bizi zelako alde egin omen zuela bere bizitzako une erabakigarri hartan. Ibili guztia erromeria. Hogei urte zituen orduan, eta, beraz, bizitza erdia baino gehiago darama han. Euria galanki bota du geroztik, eta urte hauek denak ez dira alferrik joan. Ezagun du hizkeran ere. Hiztegian bereziki, nabarmen antzematen zaio: txikitan ibiltzen zituen hitz eta esamolde asko modu naturalean erabiltzeko gai da oraindik, formolezko ontzietan gordeta egon balira bezala. Blog honetan bertan Juan Luis Zabalak 2013/03/28-ko sarreran erakutsi zituenak bezalako txikitako hitz eta esaera mailegatu eta txokanteak naturalki ateratzen zaizkio. Dagoeneko ez dira, ordea, horren naturalak, batzuk behintzat, urtero bisitatzen dituen iloba gazteen hizkeran. Badakizue, geltoki, eskaintza, egoera, egitura, berezi, prestaketa, antolatu, gune eta xehetasun bezalakoek ordezkatu dituzte bere txikitako estáziyo, oferta, sitúaziyo, estrúktura, espézial, prepáraziyo, orgánisatu, zóna eta detalle bezalakoak.

Gogora etorri zait, hau idaztean, Koldo Zuazoren Euskalkiak. Euskararen dialektoak liburua[1]. Hartan badu kapitulu bat Ameriketako euskarari eskainia, eta handik jaso dut ondorengo pasartea:

Nabarmentzekoa da, horren harira, zuzen edo oker hainbat hitz eta esapide sortu edo berpiztu direla Euskal Herrian joan den aspaldian: aburu, ahalbidetu, azpiegitura, baldintza, baliabide, bideragarri, bilakaera, ekidin, elebitasun, euskalki, hedabide, helegite, idazkari, kutsadura, lorpen… Jakina, berrikuntza horiek erabat arrotz gertatzen zaizkie Ameriketan bizi direnei –baita Euskal Herrian bertan bizi garen zenbaiti ere, egiari zor–, eta alderdi horretatik begiratuta, «arkaistagoa» agertzen da Ameriketako euskara.

Berezkoa dute hizkuntzek aldakortasuna, eta belaunaldien arteko kontrastea ez da hutsaren hurrengoa, hemen eta edonon. Euskal Herrian baditugu honen adibide garbiak. Adibidez, Urdazubin, gazteen hizkera Hegoaldera begira dago guztiz. Hala erakutsi zuen Estibalitz Montoyak bere doktore tesian[2]. Eta institutura doazenean, irakasleak izan daitezke nafarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak… Azkenean, ikasten duten euskara Hegoaldeko batu antzeko bat da. Aldiz, Urdazubi eta Zugarramurdiko adineko jendeak, oraindik ere, jarraitzen du Iparraldeko ezaugarri batzuekin; halere, Iparraldean azken 50 urteotan zabaldu diren berrikuntzak ez dira mugako bi herri horietara heldu, eta ezta helduko ere, azken urteetako joeren arabera…


[1] Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak. Euskararen dialektoak. Donostia: Elkar. 175-176. orr.

[2] Montoya, Estibalitz. 2004. Urdazubi eta Zugarramurdiko euskara. Iruñea: Nafarroako Gobernua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude