Profezia bat argituz

Iñaki Segurola

Hemen bertan botea nago orain baino lehen neure uste, irudipen edo profezia bat, esanez hemendik 300 bat urtera penintsula gurean ingelesa hitzegingo dela ia erabat. Eta, bidenabar, gehitu nuen ez nuela uste euskara gureak iraungo zuenik, eta, bidenabar, gehitu nuen balitekeela katalanak irautea, erdi-bixirik bederen. (Usteak erdia ustela duela esan ohi da, baina esaten ez dena da beste erdia ona edo sanoa izan lezakeela.)

Eta eraman ninduen UEUk Eibarrera euskaldun hizkuntzalariek zer ikertu behar luketen esatera ­­–nik horretaz zerbait baneki bezala–, eta han ere bota nuen neure profezia: ingelesari buruzko profezia. Hori zen, eta da, neure esankizunaren espiritua, baina kulturmunduan eta beste mundutxo askotan ere jakina dago zer gertatzen den: letra gailentzen zaiola espirituari, eta are gehiago bestek bere gogara eta iritzira jartzen duen letra baldin bada; eta are gehiago letra horiek «letra haundiak» baldin badira, hots, izenburu, lerroburu edo titularrak. Eta orduan hor ikusi behar izan nituen neure esanak titularretan kuxkurturik eta bortxaturik: «euskara 300 urte barru desagertua egongo da». Eta hor ikusi behar izan nuen neure burua –ikusi, sentitu eta pairatu–  euskararen hileta-jole edo aitzin-ehorzleen samalda trixte azkengabean sartua. Ni ingelesari buruz ari nintzen berez, baina letrak euskararen heriotzaren profeta moduan agertarazi ninduen. (Ohar praktikoa letren tamainaz: letra txikia badaezpada irakurri behar omen den bezala, hobe genuke letra haundiari sekula begiratuko ez bagenio.)

Ez naiz heriotza aurreratu zale: nik sentitzen dut euskara gurea bazter eta eremu gehienetan ahultzen, eskasten eta itzaltzen (hizkuntza natural gisa, ez beharbada produktu kultural gisa), baina berdin senti nezake neure burua ahultzen, eskasten eta itzaltzen (gauza bizidun gisa, ez biografia gisa), baina halere biziak eskatzen digun aurreneko gauza da sekula hil behar ez  bagenu bezala bizitzea. Horixe eskatzen digu biziak, erlijioak edo gaurko espiritualtasun lausoak ez bezala.

Gatozen ingelesaren barruti harrora. Aurtengo udan jabetu naiz nere zorioneko profezia motz gelditu bide dela. Gaztelako jende jator-gaixto bat ezagutu dut, eta esan diet ze irudipen ditudan ingelesaren gailentzeari gainean, eta haien eta beste askotxoren iritzian 300 ez, baina 100 urte aski izango omen dira ingelesa (edo «beste erdara haundiren bat») penintsulan gailendurik jar dadin. Gero-eta gehiago omen dira Gaztela, Espainia edo dena delako aurkintza horietan hala uste dutenak. Eta sintomen artean beste bat gehitzen zuten: orain urte batzuk Espainiako gobernuko buru egiten zuen gizontxoak, Ameriketako botere-usainak zorabiaturik, ingelesezko ahoskerarekin hitzegin ohi zuela gaztelaniaz modu publiko eta agerikoan. Eta bai, neuk ere gogoan dut ikuskizun edo entzukizun harrigarri hura, eta edozein ohartzen da sintoma latza dela hori.

Hauexek profeziaz esateko nituenak. Geroak esango du: begi hauek ikusiko ez duten geroko gero batek.

5 erantzun “Profezia bat argituz” bidalketan

  1. Kaixo Iñaki:

    Zuk aipatutako gizontxo horren emaztearen jarduna ikusirik, ordea, eta espainiarren eredutzat edo aitzindaritzat hartzen badugu, ez 100, ez 300; 500 urtera luzatu beharko genuke ingelesa gailentzen ikusteko epea. Ez duzu uste?

  2. Ez dakit ba zer esan. Ingelesez gaizki mintzatzeak horrenbesterainoko zalaparta atera izanak hizkuntza horren izaera sakratua erakusten duela iruditzen zait neri. Mundu guztiak ongi jakin beharreko hizkuntza gisa agertarazten du gertatutakoak, nik uste, eta batzuek (edo batek) kale eginagatik, bide zuzenean doazela asko edo gehienak, eta, zer esanik ez, andere horri barre egin dioten guzti-guztiak.

  3. Behingoagatik ados nago zurekin, Iñaki, ingelesaren “izera sakratua” aipatzen duzunean: gurtza objektu bat da, dudarik gabe.

    Baina gauzak gurera ekarriz: euskara bera ere gurtza objektu bat da oraindik ere jende askorentzat; hortik, agian, hura “profanatzeko” beldurra, besteak beste doinu eta azentu ez-jatorrak erabiliz. Zenbait euskaldunberrik eta inguru-urbanoko-euskaldunek euskaraz aritzean jasotzen duten destainez ari naiz. Adibidez, Carlos Iturgaitz, PPko buruzagi ezagunak.

    Eta puntu honetara iritsita galdera bat egin beharko genuke: zer da Botellaren eta Iturgaitzen kontra duguna? Kontu filologiko bat? Zergatik azpimarratzen da horrenbeste beren azentu kaxkarra (batarena ingelesez, bestearena euskaraz, baino kasua oso antzekoa dela iruditzen zait)?

    Nik neuk gauza asko ditut Iturgaitzen aurka, baina beti eskertzen diot euskara ikasi izana eta hura erabiltzeko ahalegina. Beti.

    Euskara ez genuke gurtu behar, erabili baizik. Eta erabili sustatu behar da, kosta ahala kosta. Zuzentasuna, jatortasuna… bigarren mailako kontuak dira. Baita ingelesez ere, bide batez esanda.

    1. Txantxa modura egindako nire iruzkinak izan duen segida ikusita, esn behar dizuet erabat ados nagoela zuekin; bereziki, zuk Pruden, egindako ekarpenarekin.
      Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut askotan politikari ez abertzaleei euskaraz ez erabiltzea aurpegiratzen dieten askok ez ote duten nahiago, beren baitan, euskararako jauzi hori eman ez dezaten, euskara inguru abertzale eta euskaltzeko kideon “objektu sakratua” bailitzan edo guk bezala pentsatzen ez duten horiekin hain estimatua eta gurtua dugun euskara hori ere parteka ez dezagun.

  4. hizkuntza guztiak dira humanitate osoaren ondare. edozeinek dauka zuzen osoa edozein hizkuntza erabiltzeko, ondo zein txarto, hitzeginda zein idatzita, edonoiz, eskatu behar barik ez baimenik ez parkamenik inoiz bere ez eta inori bere ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude